Libe Otegui tolosarra izendatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari

Ataria 2024ko urriaren 1a

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru zuzendari berri izendatu ditu eta horien artean dago tolosarra.

Jose Ignacio Asensio ahaldunorde nagusiak eman du izendapenen berri. Libe Otegui Turismo zuzendaria izango da, Fernando Prieto Mugikortasun zuzendaria eta Ernesto Martinez de Cabredo Obra Hidraulikoetako zuzendaria. Asensiok esan du Gipuzkoa jasangarriago eta konektatuago baterako bidea hasita dagoela eta Fernando Prieto, Libe Otegui eta Ernesto Martinez de Cabredo dagozkien karguetan sartzea urrats garrantzitsua dela mugikortasunean, turismoan eta obra hidraulikoetan proiektu estrategikoak bultzatzeko. «Beren esperientzia eta dedikazioarekin, gure ekimenak indartzen lagunduko dute, gure herritarren beharrei erantzungo dien Gipuzkoa lortzeko».

Libe Otegui (Tolosa, 1981)  hiru seme-alabaren ama da eta turismo proiektuen komunikazioaren eta kudeaketaren arloan ibilbide nabarmena duela esan du foru aldundiak. Informazio Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo CEU San Pablo Unibertsitatean eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuan eta Donostia Turismoan komunikazio arduradun gisa aritu da. Gainera, esperientzia du Kualitate Lantaldean proiektuen zuzendari gisa eta kanpoko laguntzaile gisa Kultura, Lankidetza, Turismo eta Kirol Departamentuan. «Sektorea sakon ezagutzen duenez eta hainbat hizkuntza (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) menderatzen dituenez, turismoa ikuspegi jasangarriarekin bultzatuko du lurraldean».

Ernesto Martinez de Cabredo (Azkoitia, 1961) orain arte ETS - Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia izan da eta ubide eta portuetako ingeniaria da. Foru aldundiak esan du eskarmentu handia duela sektore publikoan eta pribatuan. Fernando Prieto (Logroño, 1976) bere aldetik, Zarautzen bizi da eta ibilbide luzea du eraikuntzaren eta herri-lanen kudeaketaren sektorean. Orain arte, Obra Hidraulikoen zuzendari izan da Gipuzkoako Foru Aldundian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!