Bertako saltokien moda ibiltokia

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 2a, 07:59

Tolosako hainbat saltokik 2014an egin zuten arropa desfileko une bat. I. URKIZU

Ostiralean Tolosa&Co Fashion Show desfilea egingo dute Tolosako Zerkausian; bertako 40 dendak baino gehiagok hartu dute parte eta 66 konbinazio erakutsiko dituzte.

Ostiralean egingo dute Tolosa&Co Fashion Show moda desfilea. Zerkausian izango da ikuskizuna eta 19:00etan hasiko da. 42 dendak hartu dute parte eta 2024ko udazken eta negu denboraldiko jantzi eta osagarri «hoberenak» erakutsiko dituzte. Haurrentzako, emakumeentzako eta gizonentzako proposamenak egingo dituzte, guztira, 66 arropa konbinazio.

Desfileko lehen lerroan izango dira modaren, telebistaren eta sare sozialen arloko hainbat «pertsona ezagun», besteak beste, Laura Chamorro, Asun Dominguez, Iratxe Gaztelu, Iker Álvarez eta modaren beste zenbait «zale sutsu». Gainera, bertako  Mattin Zeberio musikariak ere girotuko du ikuskizuna Klaap dantza eskolarekin batera.

Saltoki bakoitza bere proposamenak lantzen aritu da, eta horien artean aukeratzen lagundu diete Tolosa&Co merkataritza elkarteko antolatzaileek. Aholkuak ematen aritu den horietako bat da Myriam Lizarralde eta aipatu du «erronka» izan dela denda bakoitza «bereizgarri» egitea: «Prestatutako look horietan denda bakoitzaren esentzia jasotzen saiatu gara. Dendariek pasarelan euren jantziak ikustean harrotasun sentsazioa izan dezaten».

Horrez gain, Lizarraldek azaldu du modako «azken joerak» islatu dituztela bertako saltokietako jantziekin eta, zentzu horretan, ibiltoki gainean ikusiko diren elementuetako batzuk izango direla, besteak beste, animal print estiloko jantziak eta galtzerdi luzeak, zeinak datozen denboraldian «modan» egongo diren. Kontrara, bertako dendetan «jantzi eta osagarri atenporalak» saltzen dituztela ere nabarmendu du Lizarraldek eta argi du horren arrazoia: «Tolosako merkatariek ondo ezagutzen dituzte bezeroak eta haien gustuak zein ohiturak. Bada, horiek guztiek izango dute lekua pasarela gainean».

Iritsi, ikusi eta erosi
Aurtengo desfileak badu berritasun bat ere, hain zuzen, ostiralean bertan arropa konbinazio guztiak jasoko dituen liburuxka argitaratuko dutela Interneten, non zehaztuko duten zein dendatakoa den jantzi eta osagarri bakoitza. Horrez gain, liburuxkan Gogoko zerbitzuaren harremanetarako telefono zenbakia ere egongo da, nahi izanez gero desfilean ikusi eta gustatutako jantziak eskatu ahal izateko.

Lizarraldek azaldu du bertako merkataritzari «balioa ematea» dela egitasmoaren helburua eta ikusaraztea «posible dela» azken joeren arabera janztea bertako dendetatik ere. Jardueraren atarian «urduritasun puntutxo bat» sentitzen dutela ere aitortu du antolakuntzako kideak, baina «ziur eta lasai» daude: «Xehetasun guztiak egongo dira lotuta eta dena primeran aterako da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!