Kirolzer enpresa hasi da Tolosako udal kirol instalazioak kudeatzen

Ataria 2024ko urriaren 1a

Usabal kiroldegiko kantxa, duela gutxi leundu eta berritu dutena.

Gaur sartu da indarrean kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu-kontratu berria; hasiera batean, ez da aldaketarik izango erabiltzaileentzat. BPXportek hilabeteko epea izango du egiteke dituen inbertsioak gauzatzeko.

Gaurtik aurrera, Kirolzer SL enpresak kudeatuko ditu Tolosako udal kirol instalazioak. Instalazioen egungo egoeraren berri emateko alde guztien arteko bilera egin zen atzo eta, hori eginda, gaur bertan sinatu dute zerbitzu-kontratu berria, urtebeterako, beste urte batez luzatzeko aukerarekin.

Esku aldaketak hasiera batean ez du erabiltzaileentzako nabaria den aldaketarik ekarriko, zerbitzuari dagokionean behintzat. Izan ere, orain arte bezala mantenduko dira ordutegiak, ikastaroen eskaintza eta sarbide moduak, besteak beste. Udalak nabarmendu duenez, Usabal kiroldegiaren kudeatzaile berria lanean hasi da, zerbitzuari ziurtasuna eman asmoz.

Behin zerbitzu-kontratu berria indarrean dela, abian jarri da orain arteko emakida-kontratuaren likidazioa egiteko hilabeteko epea. Bada, hiru aldeek adostu dute emakida-kontratuaren suntsiarazpen datara arte –2024ko abuztuak 31– BPXportek egin beharreko inbertsioen zerrendatik egiteke daudenak hilabeteko epe horren barruan gauzatu ahal izatea. Era berean, epe horren barruan aurkeztu beharko dute kontuen eta egindako inbertsio guztien justifikazioa.

Inbertsio gehienak jada eginda daudela esan du udalak, besteak beste, kantxaren leuntzea, futbol zelaiko LED argiteria edo fitness ekipamendu berria. Usabal kiroldegiaren atarian ate bikoitza ere gaur hasi dira jartzen, energia eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Horrenbestez, udalak adierazi duenez, gaur-gaurkoz bi dira gauzatzeko falta diren inbertsioak: teniseko pisten konponketa eta Beotibar pilotalekuko sarearen sistemaren aldaketa.

Gaur goizean hasi dira kiroldegi atarian ate bikoitza jartzen, energia eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. TOLOSAKO UDALA

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!