ELKARRIZKETA

«Ez da motoa bera bakarrik, bizitzeko modu bat da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 5a, 07:58

Joxe Mari Beraza Ganzarain mekanikaria. J.A.D.

1984a baino lehen egindako motoen Europako Txapelketa irabazi berri du Joxe Mari Beraza Txopo andoaindarrak. Tolosako Txoperhead lantegian aritzen da motoak konpontzen eta birmoldatzen.

Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, hegazkintzako pilotuak Ameriketako Estatu Batuetako politikarekin oldarkor jarri, eta Custom motoen mugimendua sortu zuten. 1950eko hamarkadan hasi eta, gerora, mundu osoan zehar zabaldu da, eta XX. mende amaiera inguruan hasi zen Euskal Herrian bere tokia egiten. Joxe Mari Beraza Ganzarain Txopo (Andoain, 1966) da aitzindarietako bat. Lehenik, Radikal Cheyenne's Saloon taberna sortu zuten, eta ondoren, bere lantegi propioa ireki zuen Tolosan. Motoak birmoldatzen eta berriak sortzen aritzen da, eta Europako txapeldun izan berri da.



Umetatik al zara moto zalea?

Bai. Amari beti esaten nion moto bat nahi nuela, baina berak ideia hori burutik kentzeko esaten zidan. Diru pixka bat aurreztu nuenean, berehala erosi nuen Vespa bat, 16-17 urte ingururekin. Hala ere, nire osaba bat, merkataritza-itsasketako kapitaina zen, eta tarteka, motoen aldizkariak ekartzen zizkidan. Baina aldizkari horietan ikusten nituen motoak hemen ez nituen ikusten, eta asko gustatzen zitzaizkidan. Amorratuta sentitzen nintzen.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Gurasoengandik, behintzat, ez. Osabarengandik, akaso. Ume nintzela, bizpahiru moto zituen, eta berarekin ibiltzen nintzen. Hala ere, inork ez ninduen mundu honetan murgiltzera bultzatu. Hori nire hautua izan zen.

Eta 'Txopo' ezizena? Chopper motoengatik al da?

 

Ez. Umetan, auzoko bizilagun batek ez zuen nire izena esaten asmatzen, eta horrela hasi zitzaizkidan bera eta ingurukoak Txopo deitzen.

Nola gogoratzen dituzu ikasketak eta laneko hastapenak?

Erdi-mailako eta goi-mailako mekanikako gradu bana egin nituen Urnietan eta Andoainen. Ordurako motoarekin ibiltzen nintzen. Zaletasun handia nuen. Beti ibiltzen nintzen motoen atzetik, bat oparitu zidaten arte. Gero, nire kabuz hasi nintzen motoak desmuntatzen, ikuskatzen eta berriro muntatzen. Ikasketak amaitu nituenean, soldaduskara joan nintzen, lehenik, Burgosen, eta ondoren, Loiolan. Soldaduska amaitu ondoren, Hernaniko lantegi txiki batean hasi nintzen lanean. Lau urtez aritu nintzen bertan. Lan desberdin ugari egiten nituen, eta asko ikasi nuen. Ondoren, Orbinox enpresan zortzi urte egin nituen.

Ordurako, lagun batzuk buruan bueltaka genuen taberna, lantegia eta denda izango zituen gune bat sortzea, eta Tolosa eta Anoeta artean dagoen Radikal Cheyenne's Saloon ireki genuen. Gerora, Harley-Davidson motoak saltzeko emakida lortu genuen. Motoak ekartzen, saltzen, konpontzen eta birmoldatzen hasi ginen. Garai hartan, mugimendu honen aitzindariak izan ginen Euskal Herrian.

Zaletasun bera partekatzen zenuten?

Bai. Hala ere, hemen ikusten nituen motoek ez zuten nire arreta pizten. Sinpleak iruditzen zitzaizkidan, zozoak. Horregatik aritzen nintzen beti Chopper motoak birmoldatzen. Behin, Donostiako lagun bat egin nuen; nik egiten nituen lanak gustatzen zitzaizkiola esan zidan. Ordurako, komunitate bat zuten osatuta, moto klasikoen zaletasuna partekatzen zutenen talde bat, eta mundu horretan murgiltzen hasi nintzen. Festa berezietara joaten hasi nintzen, baita azoketara ere.

Zer dela eta erabaki zenuen Tolosan lantegi propioa irekitzea?

Nire lankideek Harley-ak saltzen jarraitzeko asmoa zutela eta, nik nire bidea egiteari ekin nion, 2007an. Aurreko lantegian ez genuen makinarik, eta hemen denetik daukat.

Eta zer egiten duzu lantegian?

Esan bezala, motoak birmoldatzen aritzen naiz, nire ukitu propioa ematen. Zerotik ere hasi izan naiz motoak egiten. Beste kasu batzuetan, oinarri bat hartuta hasten naiz motoak egiten. Egun guztian aritzen naiz lanean. Arratsaldeetan, publikoarentzat eta bezeroentzat irekita egoten da. Lantegia ikustera eta Custom mugimenduaren mundua ezagutzera etorri nahi dutenek, arratsaldetan dute aukera.

Eta zenbat denbora behar izaten duzu lan bakoitzerako?

Auskalo! Gainera, bakarrik nagoenez, batzuetan beharrezkoa baino denbora gehiago behar izaten dut, trabatzen naizelako. Akats batzuk konpontzeko egunak edo asteak behar izaten ditut. Hala ere, moto batzuekin bizpahiru hilabete pasatzen ditut, eta moto berri bat zerotik egiten hasten banaiz, urtebetetik gora. Askotan, gainera, buruan ideia bat izaten dut, baina lanean ari naizela, aldatu egin behar izaten dut, eta lanak luzatu egiten dira. Bestetik, lan handi bat egiten ari naizen bitartean, konponketa txikiak egin behar izaten ditut, eta horrek lan handi horretarako denbora gehiago behar izatea eragiten du.

Motozale asko inguratzen da bertara?

Bai. Zorionez, lagun eta bezero asko ditut, eta sare handia dugu osatuta. Eskualdeko edo inguruko lagunak ez ezik, kanpotik ere asko inguratzen dira, Internet bidez edo bidaietan ezagutu izan ditudanak. Besteak beste, Eskoziako eta Alemaniako bezeroak ditut; askotan etortzen dira lantegira bisitan. Oporretara bidean, hona etorri eta zer egiten ari naizen ikusteko tarte bat hartzen dute.

«Eskoziako eta Alemaniako bezeroak ditut; askotan etortzen dira lantegira bisitan»

Moto klasikoak erosten dituztenek, kapritxoz ala gero erabiltzeko erosten dituzte?

Denetik dagoela esango nuke. Nire bezeroen kasuan, gehienek, kapritxoz erosi izan dituzte motoak, baina gero erabili ahal izateko. Beharrezkoa dute motoa, garraio modura edo asteburuetan kanpora bidaiatu ahal izateko.

Zer berezitasun du Chopper motoen mugimenduak?

Ez da motoa bera bakarrik, bizitzeko modu bat da. Janzkera, musika, orrazkera, tatuajeak... Gauza asko biltzen ditu, eta ni ere komunitate horren parte naiz. Motoaren itxura erabat aldatzea izaten da helburua, norberaren izaera bertan irudikatzeko. Askotan, moto bereziak ikustean, jabea bera ere berezia dela pentsatzen dute askok.

Gaur egun, Chopper motoen topaketetan parte hartzen duzu.

Show Bike izeneko topaketak izaten dira handienak. Erakusketa moduko bat izaten da. Nahi duenak bere motoak eta bere proiektuak eramaten ditu, bertan zaleei erakusteko. Gehienetan, lantegietan lanean aritzen garenak biltzen gara, baina tarteka, partikular modura aritzen direnak ere inguratzen dira.

Badira etxeetan motoak egiten dituztenak, beraz.

 

Bai. Askok motorra lantegira ekartzen didate, hemen txasisa egiteko, eta ondoren, motoa etxean sortzeko.

Hemen inguruan ospatzen al dira Show Bike topaketak?

Bai. Hala ere, lehen aldietan Frantziara joaten ginen; beti egon dira aurreratuagoak mekanika munduan. Oraindik ere, topaketa asko ospatzen dira bertan, baita Espainian ere. Euskal Herrian bakarra ospatzen da, Sodupen (Bizkaia). Urtero egiten dute, urriko lehen asteburuan; aurtengoa asteburu honetan izango da, eta ni bertan izango naiz. Gainera, topaketa oso garrantzitsua izaten da, erakusketaz gain, Birmoldatutako Motoen Espainiako Txapelketa ospatzen delako. 2014an, bi sari eskuratu nituen, topaketako moto onenarena eta Chopper motoen kategoriako onenarena.

Zenbat moto dituzu gaur egun?

Lau ditut. Duela gutxi erabat hondatutako bat erosi nuen, eta orain konpondu, moldatu eta nik nahi dudan itxura emango diot.

Ba al dago bakarren bat oso kuttuna duzuna?

Denak. Guztiek dute nire ukitu pertsonala. Akaso, Europako Txapelduna aukeratuko nuke.

Moto berde hori oso berezia da, ezta?

Bai. Duela hamar urte egin nuen, osorik. Berez, motorra, 1966koa da, ni jaio nintzen urtekoa. Lantegia sortu nuenean hasi nintzen moto hori moldatzen. Estilo guztiekin erabat apurtzailea izango zen moto bat sortu nahi nuen.

 

EUROPAKO ONENA, TOLOSARRA

 

2014an Espainiako Chopper Moto Onenaren Saria irabazi, eta lau urtera, Calafell herrian (Herrialde Katalanak) ospatu zen Old & Proud jaialdian, topaketako moto onenaren saria eskuratu zuen; mila motoren artean, berea izan zen epaimahaiaren gustukoena. «Europa mailan egiten den topaketa da, eta herrialde askotako moto zaleak bertaratzen dira, besteak beste, austriarrak eta belgikarrak», azaldu du Berazak.

Aurten, duela gutxi ospatu da jaialdiaren edizio berria, eta bertan izan da Txopo, bere moto berdearekin. 1984a baino lehenagoko motoen kategorian parte hartu du aurten, eta lehen saria eskuratu du. Hortaz, mota horretako Europako moto onena tolosarra da.

Txapelketetan parte hartzeko asmoei buruz galdetuta, ohitura handia duela aitortu du. «Baina ez naiz parte hartze hutsagatik bakarrik joaten. Egindako lanaren emaitzak eta lan horren zailtasunak erakustera joaten naiz. Hori bai, inolaz ere ez nuen espero Europako txapeldun izatea, eta bai sari horrek, baita Sodupen irabazteak ere poz handia eman zidan».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!