Milioi bat kilometro pasatxo, 10.750 emanaldi, 41 ikuskizun ezberdin eta hamabi furgoneta, kamioi bat, karabana bat eta atoi bat. Eta 50 urte. Hori jasotzen du, nolabait, Topic-en jarri duten erakusketa berriak. Mende erdi bete du L'Estaquirot txotxongilo konpainia katalanak, eta ibilbidea irudikatzen ahalegindu dira Tolosako museoko bi aretotan: hastapeneko argazkiak, denetariko txotxongiloak, eszenografia atal interaktiboak, haien tailerra zenaren bisita digital analogiko bat eta antzoki ibiltari baten zatiren bat. Joan den ostiralean zabaldu zuten erakusketa, eta sei hilabetez egongo da ikusgai.
Olga Jimenez, Albert Alba Bertu eta Nuria Benedicto arduratu dira ikuskizunetan panpinak biziarazteaz eta lau hamarkada daramatzate elkarrekin. Nabari da ondo baino hobeto ezagutzen dutela elkar, bata bestearen erantzunak osatzen pasa baitute elkarrizketa. Hori gutxi ez, eta galderak erantzun bitartean harat-honat dabiltzan museoko langileekin batera aritu dira erakusketa atontzen.
«Konpainia bat gara, ez ekoiztetxe bat. Gure ikuskizunak poliki egiten ditugu, pixkanaka, eltzean txil-txil bezala», horrela hitz egin du Jimenezek lan egiteko moduaren inguruan. Berehala zuzendu du, ordea, bere burua: «Konpainia bat gara, ez; izan gara. Oraindik kosta egiten da barneratzea». Erdi barrez ekarri du gogora berriki erretiratu direla eta, hain zuzen, hori izan dela erakusketa egiteko arrazoia.
Bost hamarkada bi gelatan
Museoko lehen solairuko Anbigu aretoan, besteak beste, txotxongiloak egiteko erabili dituzten teknika ezberdinak azaltzen dituzte eta eurak sortutako tresna baten bitartez tailerraren bisita birtual moduko bat ere egin daiteke. Albak argitu du «esperimentatuz» sortu dituztela panpinak ibilbidean, eta teknika zein material berriak ezagutu ahala joan direla «moldaketak» egiten: «Kartoitik hasi eta denetik erabili dugu: latexa, poliuretanoa, beira zuntza... Ez gara sekula mugatu teknika bakarrera».
Hori horrela, denetariko txotxongiloak sortu dituzte: puzgarriak, hagaxka txotxongiloak, siziliar erakoak, eskularruzkoak... Ez dute, ordea, harizko txotxongilorik eraiki inoiz. Albaren arabera «inflexio puntu» bat izan zuten Philippe Genty txotxongilolariak gidatutako ikastaro batean. Hark irakatsi omen zien gidoia dela «garrantzitsuena», eta behin «zer kontatu» erabakitakoan, horren eta transmititu nahi dutenaren arabera sortu beharko lituzketela panpinak. «Aurretik zurrunagoak ginen, baina hortik aurrera denetik uztartzen hasi ginen». Eta horren adibide da erakusketaren bigarren zatia.
Hurrengo solairura igo eta aldizkako erakusketa aretora sartzeko ate gisako egurrezko tramankulu oker baten azpitik pasa behar du bisitariak. Ez da, ordea, atari arrunt bat: arretaz begiratuz gero konpainiaren ibilbidea islatzen duten zenbait elementu topatuko baititugu, horien artean, argazki zaharrak, eduki dituzten furgoneten erruleta moduko bat eta antzoki ibiltariaren erreplika txiki bat. Benedictok zehaztu du «propio» egin dutela okerra atea: «Sinbolo bat da atea. Okerra dago, gerori ere ez garelako bide zuzenetik joan. Ez du material noblerik, daukagunarekin egin dugulako beti aurrera».
Eta behin hori zeharkatuta, L'Estaquirot konpainiaren mundu zati bat topatzen du bisitariak. Argi lauso eta itzalen artean ageri dira, besteak beste, taldearen lehen ikuskizunetako elementuak, ibilbidean sortu dituzten panpinezko maskota guztiak eta eszenografia zatiak. Eta horrez gain, ikusgai daude atrezzo mekaniko elementuak ere, zeinak Jimenezen aitak sortu zituen jardunean aritu ziren bitartean. Berrerabilitako materialak osagai, bisitariak palanka edo pedal bati eraginda pizten dira zenbait argi eta, biziarazi, hainbat panpina.
Aurreneko hari muturrak
Lehen pausoak 1973an eman zituzten Jimenezek eta Albak, eta taldean kide ezberdinak izan badituzte ere, 1983an iritsi zen Benedicto eta 40 urte egin dituzte elkarrekin. «17 urte eta gauzak egiteko gogoa», hala definitu dute hasiera Jimenezek eta Albak. Euren kabuz ikasi dute txotxongiloei eta antzerkiari buruz dakiten guztia, eta lehen pausoa liburu bat erostea izan zela kontatu du Albak: «Frantsesetik itzulita zegoen eta hortik ikasi genuen hasieran. Herri pare batean proba egin genuen, txapela pasatzen».
Hasi eta hiru urte egiterako «profesionalak» bihurtu zirela aipatu du Jimenezek, antza, ez zegoelako «ia talderik» eta emanaldi asko izaten zituztelako. Benedicto, berriz, beste talde batean aritzen zen, baina bazuten elkarren berri, aurreko bien konpainiak egin ezin zituen emanaldiak pasatzen baitzizkieten. Haren taldea, ordea, desegin egin zen eta horrela elkartu ziren hirurak. Jimenezen iritziz «oso garai ona» izan zen lehen pausoak emateko: «Lehia gutxi zegoen, ez ginelako asko. Berehala lor zenezakeen lana, beharrezko materiala erosi...». Kontrara, berriz, zirkuiturik ez zela existitzen gehitu du Albak, eta saioz saio norberak bilatu behar zituela emanaldiak.
«Diktadura ondorengo garaiak ziren, eta gizarte guztia zegoen borborka», horrela hitz egin du Albak garai hartaz. Hirurek kontatu dute «aldarrikapen garaia» izan zela hura eta «etenik gabe» egiten zituztela emanaldiak denetariko publikoarentzat, horien artean, ikastetxeak, bizilagun zein auzo elkarteak eta udaletxeak. «Garai hartan hippyak ginen, eta borrokaren alde geunden», zehaztu du Jimenezek.
Hain zuzen, hainbat aldarrikapenei lotuta jardun du L'Estaquirot konpainiak ere, besteak beste, katalanaren aldeko jarrera. Hirurek ala hirurek aipatu dute «konpainia izaerak» aukera ematen ziela emanaldiak hautatzeko: «Gure lurraldetik kanpo beste hizkuntza batzuetan egin izan ditugu ikuskizunak; baina gure lurraldean emanaldia egiteko baldintza gazteleraz aritzea baldin bazen, ez ginen joaten».
Nolako giro, halako erantzun
Horretan zurrun arituta ere, beste esparru batzuetan malgu jokatu dute. Taldekideek azaldu dutenez hezkuntzaren arabera egokitu dituzte ikuskizunak: «Gure garaian eskola oso zurruna eta zorrotza zenez, parte hartze handiko emanaldiak egiten genituen. Gerora, eskolan parte hartzea handitu denean, ikuskizun bisualagoak prestatu ditugu». Hari berari tiraka, urtez urte haurrak «asko» aldatu direlakoan dago Jimenez, eta aipatu du gaur egungo umeek «informazio ikaragarri» dutela eskura garai bateko haurren aldean.
Dena dela, «zuzenekoaren indarrak» bere horretan jarraitzen duela eta «beti harrapatu» egiten dituela ere gehitu du Benedictok: «Oholtzan txotxongiloa bakarrik ikusten dute haurrek; bistan egonda ere, ez gaituzte ikusten. Galdetu izan digute ea nola hitz egiten duten panpinek». Haurrek abstraitzeko «sekulako gaitasuna» dute haren ustez eta, belaunaldiak belaunaldi, gaitasun hori mantentzea «zoragarria» delakoan dago.
Askorako ematen du mende erdiak, eta izan dituzte garai gozoak zein garratzak. Urte kopuru hori irauteko elkarrekin ondo moldatu beharko zutela galdetuta, aho batez erantzun dute hirurek: «Noski». Eta barrea menperatu ahala, gehitu du Jimenezek «ondo» ezagutzen dituztela bakoitzaren mugak: «Gerta liteke elkarrekin haserretu eta pikutara bidaltzea, baina bost minuturen buruan konpontzen dugu».
Izan dute, ordea, taldekideez gaindiko eragozpenik ere eta «zailtasun nagusia» zein izan den aipatzeko garaian ere ados egon dira: burokrazia. Albak aipatu du «arazo asko» izaten zituztela baimenak lortzeko garaian: «Kultur teknikariak baimena ematen zigun, baina antzoki ibiltaria muntatzera joan eta espazio publikoaren arduradunak trabak jartzen zizkigun». Administrazioak ez omen zuen kategoria zehatzik eurak izendatzeko, eta Benedictok azaldu du horrek «arazoak» ekarri dizkiela gerora ere: «Erretiratzeko garaian ere izan ditugu trabak, hainbat urte artisten erregimen batean egin ditugulako, baina gerora aldatu egin delako edo halako zerbait». Nola Jimenezek hala Benedictok nabarmendu dute «oso ondo» antolatzen dela Alba, eta «berari esker» egin dutela aurrera.
Aldatu dira garaiak eurak lehen aldiz panpinen atzean jarri zirenetik, eta gaur egun antzerkiaren esparrua «irakiten» dagoela uste dute: «Talde pila-pila bat daude eta ikuskizun gama zabal bat eskaintzen dute». Zentzu berean gehitu dute hainbat arte diziplina uztartzen dituztela emanaldietan eta, aldarrikatu, txotxongilolariak izan zirela lehenak arte garaikidea egiten, hau da, proiektu berean uztartzen pintura, antzerkia, dantza eta abar.