Tolosako Udalak Euskal Herria plazako 1B eraikinean gazteentzako alokairura bideratutako 25 apartamentu ditu. Zozketa bidez esleitzen dira, deialdian izena ematen duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteen artean. Azken deialdia 2021ean egin zen, eta etxebizitzak esleitu ondoren, 88 laguneko itxaron zerrenda osatu zen, etxerik egokitu ez zitzaienekin. Apartamentuak libre geratzen joan ahala, zerrendako pertsona guztiei eskaini zaie etxebizitza eskuratzeko aukera, eta azken hilabeteotan interesa azaldu dutenekin bisitak egin ditu udalak.
Bada, apiriletik hona, zortzi lagunek eman dute baiezkoa; horietako batzuk dagoeneko bertan ari dira bizitzen, eta beste batzuk urrian egingo dute. Gainerakoek, ordea, uko egin dute edo ez dute interesa azaldu. Prozesu hori jarraituta, zerrenda agortu berri da eta, etxebizitza guztiak esleitu ez direnez, deialdi berria argitaratzeko prozedura martxan jarri du udalak.
Deialdi berriarekin, 15 apartamentu zozkatuko dituzte. Gehienez ere hiru urterako esleitzen dira etxebizitzak, ahalik eta gazte gehienek sarbidea izan dezaten, eta ezingo da luzatu. Zozketan etxerik egokitzen ez zaienekin berriro ere itxaron zerrenda osatuko da, eta husten joan ahala, zerrendako pertsona horiei eskainiko zaizkie, hurrenkera errespetatuta. Prozesu honen helburua da esleipen-zerrenda eta itxaron-zerrenda bat osatzea, etxebizitza hutsak betetzeko.
Deialdian parte hartzeko baldintzak:
- Adina: eskaera aurkezten den urtearen amaieran (abenduak 31) 18 urte beteak izatea edo 35 urte baino gehiago ez izatea.
- Elkarbizitza unitatea: gehienez bi kidez osatutako elkarbizitza unitateak.
- Tolosarekiko lotura: Eskatzaileek Tolosarekiko bizileku edo lan lotura egiaztatu beharko dute:
- Gutxienez urtebeteko errolda edo Tolosa ohiko bizileku gisa.
- Tolosan 10 urtez erroldatuta bizi izana.
- Tolosarekin lan lotura gutxienez 5 urtez.
- Diru-sarrerak: 2023ko Errenta Aitorpenean oinarrituta, eskatzaileen urteko diru-sarrerak 3.000 eta 25.000 euro artekoak izan behar dira.
- Beste baldintza batzuk: Ezin da Euskal Herriko zazpi lurraldeetan beste etxebizitzarik jabetzan izan.
Hilabeteko kanonak elkarbizitza unitatearen diru-sarreren arabera zehaztuko dira; logela bateko apartamentuen kasuan, gutxieneko kanona 150 eurokoa izango da eta bi logeletako etxebizitzetarako, 180 eurokoa. Trastelekua erabiltzeko kanona apartamentuko zenbatekoari gehituko zaio.
Beharrezko dokumentazioa eta inprimakiak udalaren webgunean daude eskuragarri. Behin horiek beteta, interesdunek azaroaren 8a bitarte dute eskaerak aurkezteko Udaten edo telematikoki, udal webguneko egoitza elektronikoan.
Eskaerak jaso ondoren, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, udalaren iragarki taulan zein webgunean. Onartutako pertsonen zerrendarekin zozketa publikoa egingo da, esleipen-ordena eta itxaron-zerrenda zehazteko.
Zozketa egin ondoren, esleipendunek erabilera baimen kontratua sinatu beharko dute eta deialdiaren oinarrietan ezarritako betebehar guztiak bete, etxebizitzaren mantenuari eta diru-sarreren berrikuspenari buruzkoak barne.
Informazio gehiagorako, deialdi honen oinarri osoak udal webgunean, Etxebizitza sailaren atalean kontsulta daitezke.