Txaranga ez-mistoa osatzea, Jabetze Eskolaren erronka berria

Ataria 2024ko ira. 25a, 19:00

Udazken eta negurako antolatutako 25 jardueren artean, Ines Osinagak gidatuko duena izango da berritasun nagusia; inauterietan kalejira egingo dute ikastaroari amaiera emateko.

Tolosako Jabetze Eskolak udazken-negurako jarduera-egitaraua aurkeztu du. Nabarmen handitu da antolatutako jardueren kopurua: 25 guztira, hain zuzen, Tolosako edota eskualde mailako beste erakunde, udaleko sail eta eragileekin egindako elkarlanaren emaitza gisa. Horien artean daude, hala nola, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saila, Udal Liburutegia, Gazte Topagunea, Gurpilgunea, Berdintasunaren aldeko gizon taldea eta Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea. 

Jardueren formatuari erreparatuta, ohiko moduan, askotarikoak izango dira saioak, besteak beste, ikastaroak, irakurketa klubak eta solasaldiak. Askotariko gaiak landuko dituzte horietan: sormena, gorputza, zaintza eta osasuna, komunikazioa, identitatea edota genealogia feministak. Hala, berdintasuna eta feminismoa oinarri hartuta, urtero errepikatzen diren jarduera batzuk jarraipena izango dute, baina berrikuntza ugari ere jasotzen ditu egitarauak. Esate baterako, intersexualitateari buruzko tertulia, historia genero ikuspegitik aztertuko duen jarduera, 11-14 urte bitarteko nerabeei zuzendutako sexu heziketa, bizikleta mantentzeko tailerra, dancehall dantza, EZ esatearen garrantzia eta aurretiazko borondateak lantzeko ikastaro praktikoa.

Baina antolatutako jardueren artean, bada erronka nagusi bat: txaranga ez mistoa osatzea ahalbideratuko duen ikastaroa. Tolosako txarangetan emakumeen presentzia eskasa dela ikusita, 2024ko Jai Berdinzaleen Behatokiko plangintzan, berdintasunaren alde aurrerapausoak eman eta lanari ekitea adostu zen. Horri jarraiki, ikastaroa Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin elkarlanean egingo da, eta Ines Osinaga, abeslaria, interprete eta konpositoreak gidatuko du. 10 saio izango dira; azkena, Inauterietako kalejira izango da. Erronka berri honen helburua da txaranga bat zer den ezagutzen hasi, errepertorioa landu eta emakume musikariek espazio publikoa hartzea ahalbideratuko duen ahalduntze prozesua abian jartzea.

Datozen hilabeteetan, sei ekintza egingo dira Guretzako espazioan. Jatorri anitzeko emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun gunea da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. Antzerki terapeutikoko saioa, kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra, irakurketa erraza, yogaterapia tailerra, elikatze tailerra eta Hija de imigrantes liburuaren aurkezpena egingo dituzte.

Izen ematea zabalik

Jarduera hauek guztiak urriaren erdialdetik otsailera bitartean egingo dira, eta parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Matrikulazio epea bihar zabalduko da, 10:00etan, udal webgunean, eta interesdunek jarduera bakoitza hasi baino bi egun lehenagora arte eman ahal izango dute izena. Izapideak aipatutako webgunearen bidez egin behar dira.

Jarduerei buruzko informazio osagarria edo laguntza behar izanez gero, Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxean (943 00 89 67) eta Tolosako Udaleko Berdintasun Sailean (688 86 90 23) galdetu daiteke, baita presentzialki bertaratuta edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita ere. Guretzako espazioarekin harremanetan jartzeko, 646 057 080 telefonora deitu edo migrazioa@tolosaldea.eus helbidera idatzi behar da. 

Berritasunak prezio-politiketan

Egitarauaren barruan jasotako berrikuntzez gain, prezio-politikan ere bi aldaketa izango dira. Batetik, orduko 0,90 euroko prezioa ezarri dute, eta jardueren kostu osoa jasotako ordu kopuruaren arabera kalkulatuko da. Bestetik, eskaera egiten duten emakumeek %100eko murrizketa izan dezakete prezio publikoan, ondorengo hiru baldintzak betez gero: Tolosan erroldatuta egotea, Tolosako Udalarekin zorrik ez izatea, eta Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak eskaintzen dituen prestazioetarako baldintza ekonomikoak betetzea.

Egitarau osoa eta ikastaro bakoitzaren xehetasunak, esteka honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!