Tolosa&Co elkarteak merkatariak ordubetez geratzera deitu ditu

Ataria 2024ko irailaren 25a

Herritarrak, Tolosako Alde Zaharrean.

Tolosako merkatarien elkarteko kideek esan dutenez, aspaldiko eskaera bati erantzuteko deitu dute biharko mobilizazioa: «Herrian arazoa dugu aparkalekuekin, garraio publikoarekin... eta horiei irtenbide bat ematea nahi dugu».

Tolosa&Co merkatarien elkarteak ordubeteko lanuztea egitera deitu ditu merkatariak. Biharko egin dute deialdia, 19:00etatik 20:00etara, eta ordu horretan Trianguloa plazan egingo dute mobilizazioa. Esan dutenez, herrian aspaldikoa da aparkalekuekin dagoen arazoa, eta udalarekin ere maiz bildu omen dira gaiaren inguruan hitz egiteko: «Denbora asko daramagu udalarekin biltzen aparkalekuen arazoaz hitz egiteko, baina ez dugu soluziorik jasotzen». 

Tolosako merkatarien elkarteko kideek azaldu dute herriko komertzioak Tolosaldeko bezeroei esker «bizi» direla, eta horregatik dela garrantzitsua arazo horri irtenbidea ematea; «aparkalekuena konpondu gabe, eskualdeko bezero asko galtzen ari garela ari gara ikusten». Aparkalekuez gain, garraio publikoan dauden gabeziak ere nabarmendu dituzte.

Hala, aspaldiko eskaera dela kontuan hartuta, eta «ez dutenez ezer egiten» protestara jotzea erabaki dute. Komertzio txikia «itotzen» ari dela diote, eta irtenbideak behar dituztela «orain». Horregatik, geldialdiarekin bat egitera deitu dituzte komertzioak, eta Trianguloan elkartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!