ELKARRIZKETA

«Makramea nire sortze-bidea da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 28a, 07:59

Leire Aiartzaguena Bravo. J.A.D.

Bost urte beteko ditu laster Ehule proiektuak. Tolosan bizi den 
Leire Aiartzaguena Bravo sortzaile iurretarra da proiektuaren arimetako bat. 10.000 jarraitzailetik gora dituzte Instagramen.

2019ko azaroan sortu zuten Ehule proiektua Leire Aiartzaguena Bravok (Iurreta, 1994) eta bere ama Milak. Elkarrengandik ordubetera bizi badira ere, etengabeko harremana dute; egunero sortzen dituzte produktu berriak. Arrakasta handiko proiektua da, eta azarotik aurrera makrame ikastaroak eskaintzen hasteko asmoa dutela aurreratu du Aiartzaguenak: «Ehule berriak sortu nahi ditugu».

Zer da Ehule?

Nire ama geldirik egon ezin duen horietako bat da. Beti aritzen da sortzen, kakorratza hartuta, batez ere, jantziak egiten. Niretzako jantzi asko egin izan ditu, eta behin, armairua bete-bete eginda nuela proposamena luzatu nion. Ordurako, inguruko askok esaten zidaten soinean neramatzan jantziak oso politak zirela; hala, amari esan nion saltzen hasi gintezkeela. «Baina nork erosiko dit hau?», galdetzen zidan berak.

Orduan, sare sozialetan orrialde bat sortzea proposatu nion. Berehala, sekulako arrakasta izatera heldu ginen. Hasieran, enkarguz egiten genituen lanak, baina geroz eta eskari gehiago izaten genituen, eta ama ezinean ibiltzen zen. Nik, lehenago, makramea egiten nuen, baina albo batera utzita nuen, tesi bat tarteko. Hala ere, pandemia iritsi zenean, berriro heldu nion sorkuntzari, eta etxean sartuta geunden garai horretan, amak egiten zituen lanak egiten hastea pentsatu nuen. Poltsa bat egin nuen lehenengo, eta ingurukoei asko gustatu zitzaien. Horrela erabaki genuen elkarrekin lanean hastea eta Ehule proiektua sortzea.

Etxetik datorkizu, beraz, makramerako zaletasuna?

Bai eta ez. Makramerako zaletasuna ez dut amarengandik jaso, baina sortzeko gaitasuna bai. Guztiok gara, modu batera edo bestera, sortzaile. Gure kasuan, amak puntu eta kakorratz teknikak menperatzen ditu, eta nik, berriz, makramea. Hori bai, biok aritzen gara harien bueltan.

Eta nondik dator izena?

Izen motz eta leuna jarri nahi genion proiektuari, eta sinonimoak bilatzen hasi ginen. Azkenean, Ehule jarri genion. Ehungintzan aritzen denari deitzen zaio ehule, zuntzarekin lan egiten duenari. Gaztelaniaz tejedor esan nahi du.

Nolakoa da amarekin batera lan egitea?

Erraza. Inoiz ez dugu tirabirarik izaten. Batzuetan elkarrekin hitz egin izan dugu etxekoekin batera lan egitearen ideiari buruz. Gure kasuan, bera beti ari zait galdezka ea zer egin behar duen, eta nik zer produktu sortu esaten diot; ni naiz bere nagusia. Diseinu berriak ikusten eta probatzen aritzen gara, apur bat kuxkuxeatzen. Egia esan, erraza da berarekin lan egitea; oso ondo funtzionatzen dugu.

Zuk agintzen duzula esan duzu, baina berak aholkurik ematen al dizu?

Esaneko pertsona da, eta beti egiten du aurrera nik esaten diodanarekin. Noizbait eman izan dit aholkuren bat, batez ere, proiektu hau nire ofizio izatea erabaki nuenean. Sortze bidean, berriz, nik eman izan dizkiot aholkuak berari.

Nahigabe bada ere, ofizio bilakatu zaizue?

Bai. Artisau guztiak hasten gara gisa berean, zaletasun edo denbora-pasa modura. Gero, ordea, honetaz bizi gaitezkeela jabetzen gara, eta gure kasuan, bezeroen erantzuna ezinbestekoa izan da horretan sinesteko. Lan bihurtu zen heinean, saltzera bideratuta sortzen hasi ginen. Une honetan, asko jaitsi dugu erritmoa. Iaz ama izan nintzen, eta beraz, azken urtea nahiko lasaia izan da. Hala ere, Ehule nire ofizio bakarra izatea erabaki nuen.

 

«Gure kasuan, bezeroen erantzuna ezinbestekoa izan da honetatik bizi gaitezkeela sinesteko»

 

Eta nola eramaten da aurrera ofizio hau?

Egia esan, autonomo izatea ez da batere erraza. Kuota oso altuak ordaindu behar izaten ditut, eta horiez gain, bestelako gastu gehigarriak ere izaten ditut. Diru-sarrerak, berriz, ez dira beti nahi bezain handiak izaten. Burokrazia mundua nahiko gogorra da, eta beraz, konplexua da ofizioa aurrera eramatea. Bestalde, zortekoa naiz, nire zaletasuna ofizio bilakatzeko aukera izan dudalako eta horretatik bizi ahal naizelako. Pribilegio txiki bat ere bada.

Bestetik, ordutegia ere moldagarria dela, ezta?

Bai, eta une honetan, hori da apustu hori egin izanaren arrazoi nagusiena. Neronek erabakitzen dut egunean zenbat ordu aritu lanean, eta zaintzaren arabera, moldatuz noa. Momentu horretan, beharrezkoa zen niretzat horrelako aukera bat izatea.

Zer da zuretzat makramea eta zer ematen dizu?

Makramea nire sortze-bidea da. Burua etengabe sortze-prozesuan edukitzea eragiten dit, eta aukera ematen dit egunerokotasunean sortzen diren bestelako arazoetan ez pentsatzeko. Bestalde, zoragarria da buruarekin irudikatzen dudana eskuekin sortzen ari naizela ikustea. 

Erraza al da hemen inguruan zuen proiekturako materiala topatzea?

Urtetik urtera, erraztasun handiagoak ditugu. Nire amak beti esaten du eskolan garai batean aritzen zirela loreontziak eskegitzeko poltsa txikiak egiten. Gerora, ordea, jende gutxiago aritzen zen makramean, eta gaur egun, berriro modan dago. Ikastaro asko egiten dira, eta esaten dutenez, erlaxatzen laguntzen du. Nire ustez, ordea, ez litzateke horrela saldu behar. Hala ere, modan egoteak mugimendu handiagoa dakar, eta ondorioz, errazagoa da orain materiala lortzea. Gaur egun, zuntz oso politak daude makramea egiteko.

Amak eta biok, landare-zuntzekin egiten dugu makramea. Ez da erraza zuntz mota hori hariak saltzen dituzten dendetan topatzea; ezin dugu egun batetik bestera lortu. Lehen, Ondarroako denda txiki batean lortzen genituen, baina itxi egin zuten, eta gaur egun hornitzaile desberdinengana jotzen dugu zuntz horiek eskuratzeko, eta momentuz, ez dugu arazorik izan.

 

«Udazkena heltzearekin batera, xalak egiten hasi gara. Gure proiektuko produktu izarra da»

 

Zein produktu egiten dituzue?

Jantzi desberdinak eta poltsak egiten ditugu, batez ere. Denboraldiaren arabera, aldatzen goaz. Orain, udazkena heltzearekin batera, xalak egiten hasi gara. Gure proiektuko produktu izarra da. Kakorratzarekin, jertseak ere egiten ditugu, eta makrameari dagokionez, batez ere, poltsak. Produktu berriak eta zenbait aldaketa ere baditugu buruan. Materialari dagokionez, udaberritik aurrera, kotoiarekin eta banbuarekin aritu ginen jantzi freskoagoak egiten, hala nola, kamisetak eta txalekoak. Orain, berriz, artilea bakarrik lantzen dugu, jantzi goxoagoak egiteko.

Zer da bezeroek gehien eskatzen dutena?

Batez ere, xalak, baina baita poltsak ere.

Eskuz lan egiteak duen gauzetako bat bi jantzi berdin ez egitea da.

Kolore berekoak bai, baina berdin-berdinak ez. Amak, gainera, krokisak egiten ditu, esaterako, kamisetak egiteko. Hala ere, krokis bera erabiliz inoiz ez ditu bi kamiseta berdin egiten, beti ateratzen zaizkio handiagoak edo txikiagoak. Nik beti esaten diot amari momentuan duzun umorearen arabera korapiloak aldatu egiten direla. Automatikoki egiten ditut, baina tentsioaren edo lasaitasunaren arabera, modu bateko edo besteko emaitzak izaten ditut.

Zenbat denbora behar izaten duzu jantziak egiteko?

Kakorratzak eta makrameak ez daukate zerikusirik. Kakorratzekin egindako jantziek denbora gehiago behar izaten dute, dedikazio handiagoa behar izaten dutelako. Hiru ordutan egin dezaket poltsa bat. Xalak egiteko, berriz, zortzi bat ordu behar ditut. Eta jertseentzat, egun batzuk behar izaten ditut.

 

«Hiru ordutan egin dezaket poltsa bat. Xalak egiteko, berriz, zortzi bat ordu behar ditut, eta jertseentzat, egun batzuk»

 

Bost urtetan, 10.000 jarraitzaile baino gehiago izatera heldu zarete Instagram sare sozialean —@_ehule_—. Espero zenuten proiektuak horrelako indarra hartzea?

Ez, ez. Besterik gabe hasi ginen argazkiak eta argitalpenak egiten, eta gaur egun ere, modu sinplean aritzen gara lan horietan. «Nola da posible?», galdetu izan diogu elkarri amak eta biok.

Zein da arrakastaren gakoa?

Errealitatea erakustea. Diseinu kontuak kontrolatzea, komunikatzeko gaitasuna izatea eta argazki eta bideoak txukun egitea ere garrantzitsua da, baina batez ere, ahalik eta zintzoena izatea eta proiektuaren jabe garenak nolakoak garen azaltzea.

 

«Errealitatea erakustea da arrakastaren gakoa; ahalik eta zintzoena izatea eta gu nolakoak garen azaltzea»

Zentzu horretan, presiorik sentitzen duzue?

Ez. Komunitate ederra sortu dugu jarraitzaileekin, eta oso gustura gaude.

Sare sozialetan aritzeaz gain, azoka batetik bestera ibiltzen zarete. Nola egiten duzue salmenta?

Eskari handia izaten dugu, baina ezin diogu une batetik bestera erantzun. Ondorioz, azoketan bakarrik saltzen ditugu gure produktuak. Urtean hiruzpalau azokatan parte hartzen dugu, horietan dena agortzen zaigulako, eta stock berria sortzeko denbora behar izaten dugulako. Hori da gure erritmoa. Ez dugu bidalketarik egiten etxeetara, baina orain nire ofizio bilakatu denez, sareetan saldu eta enkarguz lan egiteko aukera mahai gainean jartzeko asmoa dut.

Eta nolako erantzuna jasotzen duzue bezeroengandik?

Bezero multzo oso jatorra dugu; inoiz ez dugu arazorik izan, ezta kexarik jaso ere. Lehen, lanak enkarguz egiten genituenean, poltsa bat jasotzeko hiru hilabete itxaron behar izaten zuten, eta erantzuna beti izaten zen oso ona. Pazientzia handia zuten.

Geroz eta artisau gehiago zarete sare sozialen bitartez zuen lanak saltzen dituzuenak. Hori ona al da? Ez al dago konpetentzia handiegia?

Gu konpetentziaren kontzeptua albo batera uzten saiatzen gara. Horregatik, Diñagu Euskal Herriko Emakume Sortzaileen Elkartea sortu genuen, sortzaile desberdinek ahizpatasunean lan egitea nahi genuelako. Baina egia da, geroz eta sortzaile gehiago garela. Gaur egun, gazte asko denbora-pasa modura hasten dira etxean jantziak eskuz egiten, eta gero, gehienei, gustatu egiten zaie. Ikastaroek ere oso ondo funtzionatzen dute. Eguneroko errutinatik aparte, zerbait berria egiteko aukera ematen dute. Guk ere, azarotik aurrera ikastaroak eskaintzen hasteko asmoa dugu.

Gauza bat ikastea da, baina bestea, sortzea, eta horretarako, irudimen handia behar da.

Bai, eta sare sozialek, zentzu horretan, ez dute gehiegi laguntzen, kopiatzeko ohitura handia dagoelako. Gure diseinu guztiak gureak dira. Inoiz ez dugu ezer kopiatu. Ikusitako ideiaren bat gustatu izan bazaigu, bueltaren bat edo beste eman izan diogu. Guk beti aldarrikatu dugu diseinuek propioak izan behar dutela, eta kopiatua bada, nondik kopiatua den esan behar dela.

Inoiz pentsatu duzue denda fisiko bat edukitzea?

Nahi bai! Amets bat bada, baina egia esateko, Tolosan une honetan alokairua oso garestia da. Batez ere, etxetik kanpo lan egin ahal izateko nahiko nuke, akaso, denda modura ez, baina bai estudio bat. Momentuz, ordea, ezinezkoa da.

Duela gutxi, enkante bat egin duzue, Iñurri elkartearentzat.

Bigarren aldiz egin dugu. Amak egindako jantziez gainezka nuen armairua, eta horietako asko dagoeneko ez nituen erabiltzen. Hortaz, arropa saltzeko asmoa nuen, baina ez nuen edozein bidetatik egin nahi, aplikazioetan edo dendetan adibidez, maitasunez egindako jantziak direlako eta historia bat dutelako; niretzako altxor txikiak dira. Ondorioz, bigarren eskuko enkante bat egitea pentsatu genuen, jantziei prezioa guk jarri beharrean, bezeroek jarrita. Irailaren 18an egin genuen enkantea eta erosleek emandako diru guztia Iñurri elkartearentzat izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!