Tolosako Udalak esan du, maila guztietako eskaintza prestatu zuela euskaltegiak, abiapuntuko A0 mailatik C2 maila aurreratuenera, eta maila guztietako taldeak osatu direla, eskolak goizean zein arratsaldean izango direlarik.
Izen-ematea irailaren 20an itxi zen eta jasotako eskaerak kasuan-kasuan aztertuta taldean lekua egonez gero, matrikula egin zaie, eta, bestela, itxaron-zerrendara bidali. Izen-emateen kopurua maila guztietan areagotu da, baina nabarmentzekoa da maila aurreratuetan izandako kopurua: C1 mailan 44 ikasle hasi dira aurrez aurreko taldeetan, eta beste horrenbeste C2 mailan. Abiapuntuko mailan, A0an, 33 ikaslek eman dute izena, eta hauek dira kopuruak tartekoetan: A1ean, 18; A2an, 21; B1ean, 19; eta B2an, 17.
Aurreikusitako talde gehien-gehienak eratu direla esan du udalak, Amarotz auzoko mintza-taldea delarik salbuespena, gutxieneko ikasle-kopurura iritsi ez denez ez baita osatu. C1 mailan, hiru taldetan bildu dira ikasleak azkenean, eta Iturriza elkarteko erretiratuen mintza-taldeak urtarrilean hasiko du jarduna. Kontrara, aurreikusi baino talde gehiago osatu dira C2 mailan, inoizko gehien: bost.
Autoikaskuntzari dagokionez, 29 ikaslerentzako lekua dago, aurrez aurreko taldeek hartu duten bolumena ikusita. Eskaera-kopurua handiagoa izan da matrikulazio-epean: 35. Horietako gehienak aurreko ikasturtetik datozen ikasleak dira, eta horiei bermatuko zaie jarraitzeko aukera. Ikasle berriei dagokienez, eskaera eskaintza baino handiagoa denez, zozketa egingo da zein hautatu erabakitzeko, eta gainerakoak itxaron-zerrendan sartuko dira. Zozketa hori ostiralean egingo da, hilaren 27an, 09:30ean, euskaltegiko idazkaritzako aretoan.
Euskaltegiko izen-emateetan izandako igoerak bat egin du Tolosako Udalak euskara ikasteko diru laguntzak handitu izanarekin. Izan ere, matrikulazio-kanpainan iragarri zenez, ikasle tolosarrei matrikularen zati handiagoa estaliko die udalak diru laguntzen bidez: B2 mailara arte, matrikularen % 95; C1 mailan, % 75; eta C2 mailan, % 50. Diru laguntza hori baldintzatua da, eta aprobetxamendu egokia eta % 85eko gutxieneko asistentzia behar dira.