17 postu izango dira igandeko Tolosaldeko sortzaileen azokan

Ataria 2024ko ira. 24a, 07:59

Asteburuan Zumardiaundian ospatuko den ‘Kultura Plazara’ jaialdiarekin esango diote agur aurtengo udari, Tolosan. Ostiralean eta larunbatean hiruna emanaldi izango dira: Amaia Elizaran, Janus Lester eta Belako, eta Alurr, Mikel Urdangarin eta Mugan, hurrenez hurren.

Ekainaren amaieran aurkeztu bezala, eta udako beste plaza batzuetako ekitaldien ondotik, Kultura Plazara jaialdiak emango dio itxiera udari. Jaialdia irailaren 27tik 29ra ospatuko da, asteburu honetan, eta aurten, Zumardiaundian izango da.

Lehen bi egunetan hiruna emanaldi izango dira: ostiralean, Amaia Elizaran tolosarraren dantza ikuskizuna eta Janus Lester eta Belako taldeen kontzertuak; larunbat eguerdian, berriz, Alurr dantza taldeak ‘Zamaltzain’ ikuskizuna eskainiko du eta iluntzean, Mikel Urdangarin eta Mugan arituko dira. Igandean, Tolosaldeko sortzaileen azokak itxiko du jaialdia. Janaria eta edaria eskuratzeko guneak ere izango dira asteburu osoan zehar.

Musika emanaldiez gain, Tolosaldeko sortzaileen azoka ere egingo da igande goizean. 17 postuk parte hartuko dute, eta artelanak, arropak, serigrafia lanak, pinturak, bitxiak edota bestelako lanak egongo dira erakusgai, goizeko 11:00etatik 14:30era bitartean. Postuez gain, kandela eta enkoadernazio sorkuntza tailerrak ere eskainiko dira, 11:00etatik 12:00etara bitarte. 

Hauek dira azokan parte hartuko duten ekoizleak: Hemendik Hara (serigrafia), Haritxoa naiz (osagarriak), Apain (bitxigintza), Agur Handmade (osagarriak), DILINDAN (bitxigintza), Itzal (osagarriak), Bihurri (bitxigintza), Balerdipeko Erleak (erlezaintza produktuak), Ez da bide txarra (serigrafia), Liber (osagarriak), Sualma (jostailuak), La histerika (bitxigintza), Xodo (bitxigintza), Helena Agell (enkoadernazioa), Arantzazu Larraiotz (margolanak), Xabier Malbadi (triklatuak) eta Arantza Munita (zeramika).

EGITARAUA
  • Irailak 27, ostirala
    • 19:30. Amaia Elizaran eta Neønymus. Dantza. Amaia Elizaran dantzariak, Neønymus musikariarekin elkarlanean, gorputzaren bidez jaiotza berria eta bilakaera pertsonala aztertzen dituen dantza garaikideko pieza bat aurkezten du.
    • 20:00. Janus Lester. Musika. Janus Lesterrek erritmo sinkopatuak eragin elektronikoekin, funkarekin eta arima beltzarekin uztartzen ditu, 80ko eta 90eko hamarkadetako dantzaren oinordeko gisa, baina ikuspegi original eta garaikidearekin.
    • 22:30. Belako. Musika. Bosgarren diskoa kaleratu du, hamar urteko ibilbidearen ondoren. Hainbat sari irabazi dituzte, tartean 6 Musika Sari eta Ojo Crítico saria. Nazioartean sona handiko taldea da.
  • Irailak 28, larunbata
    • 13:00. Alurr. Dantza. Zamaltzain, euskal kultura eta dantzaren elementuen berrinterpretazioa da. Ordu erdiko emanladi honek, emozio biziak pizten ditu, euskal tradizioak eta ohiturak, hizkuntzarekiko eta naturarekiko errespetuaren eta maitasunaren ikur gisa azpimarratuz.
    • 20:00. Mikel Urdangarin. Musika. Laukote formatuko kontzertua eskainiko du Mikel Urdangarinek, bere errepertorioa modu ezberdin batean gozatzeko aukera emanez. Kontzertuan zehar, Mikelek bere diskoetan islatu dituen eta gure bizitzen soinu banda bihurtu diren kantuak entzungo dira.
    • 22:30. Mugan. Musika. Donostian sortutako taldea, 2017an hasi zen abestiak sortzen eta 2019an eskaini zuen bere lehen kontzertua. Beren lehen diskoa, Bizirik ez bagaude (2022), sentitzeko beharraren aldarrikapen bat da.
  • Irailak 29, igandea
    • 11:00. Tolosaldeko sortzaileak. Azoka. 17 postuk parte hartuko dute, eta artelanak, arropak, serigrafia lanak, pinturak, bitxiak edota bestelako lanak egongo dira erakusgai, goizeko 11:00etatik 14:30era bitartean. Postuez gain, kandela eta enkoadernazio sorkuntza tailerrak ere eskainiko dira, 11:00etatik 12:00etara bitarte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!