Indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen ari diren emakumeak ahalduntzeko taldeak martxan jarraitzen du. Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Udalak elkarlanean abiatu zuten egitasmoa apirilean. Orain arte bezala, Clara Wolfram Perez Berdintasun eragile eta Emakumeen Ahalduntzean adituak dinamizatuko du taldea, baina berrikuntzak izango dira. Esaterako, orain arte, ostegun arratsaldeetan elkartu ohi ziren taldeko partaideak, baina aurrerantzean, asteazken goizetan izango dira saioak, 10:00etatik 12:00etara.
Taldeak orain arteko asmo eta helburu berdinak izango ditu. Alegia, ahalduntze eta erreparazio ariketa bat sustatzen jarraituko da talde dinamikaren bitartez, «espazio seguru batean gertatutakoa edo gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emateko, norbere burua eta erabakiak ulertzeko eta maitasuna zer den, eta zer ez den bereizteko».
Hain justu, pasa den ostegunean aurkeztu zuten taldea Biktima izatetik ahalduntzera lelopean. Aurkezpen ekitaldian Wolfram ez ezik, orain arte taldeko partaide izan diren hiru emakume ere izan ziren, euren esperientzia eta bizipenak bertaratu ziren herritarrekin partekatuz. Ahalduntze prozesuan taldea dute bidelagun eta lagungarri egiten ari zaiela aipatu zuten, «barruan duguna askatzeko, indarrak hartzeko eta aurrera jarraitzeko laguntzen digulako».
Izan ere, saioetan zama arintzeko eta erru, lotsa eta beldurrak desegiteko ariketak egiten dituzte, «emozioak kanalizatuz, bizipenak partekatuz, tratu onen eredua sortuz, edo taldearen sostenguarekin konfiantza emanez». Ariketa horien bitartez, autoestimua berreskuratzea dute helburuetako bat, eta hori lortzeko bidean daudela esan zuten. Lanketa tematikoak ere egiten dituzte, rol, genero-agindu edo maitasunari buruzkoak, besteak beste.
Hasieran beldurtuta eta lotsatuta bazeuden ere, saioetan «lasai» eta «seguru» sentitzen direla gehitu zuten, taldea «babes eta segurtasun espazioa» ere badelako. «Hau gure etxea da eta taldea gure familia», azpimarratu zuten. Taldea edozein emakumeri dago irekita, izan biktima edo ez, eta parte hartzaileek taldearen parte izateko deia egin zieten herritarrei: «Gai honen inguruan desinformazio handia dago, eta saioetara etorrita honen inguruan informatzeko modua ere izan daiteke».
Emakumeren batek taldean parte hartzeko interesa izango balu, Andragorara bertaratuz, andragora@andragora.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz edo 943 008 967 edo 747 496 469 telefono zenbakietara deituz eskuratu dezake informazioa. «Izena ematea nahikoa da taldean parte hartzeko; ez da beharrezkoa indarkeria egoera salatu izana», gehitu dute antolatzaileek.
Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dutenez, aholkularitza zerbitzu psikologikoa, banakakoa zein kolektiboa, eta juridikoa ere eskaintzen dira Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean, indarkeria matxista pairatu dutenen edo pairatzen ari direnen egoera edozein dela ere. Gainera, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren bulegoa ere bertan aurkitzen da.