Tolosako Udalaren diru laguntza deialdiak etxebizitza alorreko bi laguntza lerro jasotzen ditu, Tolosan etxebizitzara sarbidea erraztu eta alokairua eskuragarriago egiteko helburuarekin: batetik, alokairua ordaintzen dutenei bideratutako laguntza; bestetik, etxebizitza hutsen jabeei zuzendutako laguntza, horiek eraberritu eta alokairu soziala sustatzera bideratzeko.
Bi lerro horietara 150.000 euro baino gehiago bideratu ditu udalak, nahiz eta eskaria handiagoa izanez gero, kopuru hori handitu daitekeen. Hain zuzen, 81.400 euro bideratu ditu alokairurako laguntzetara eta, agortuz gero, beste 20.000 euro jarriko ditu. Etxe hutsak eraberritu eta alokairu sozialeko laguntza lerroa, berriz, 70.000 eurokoa da eta kopuru hori bikoizteko aukera dago.
Alokairua ordaintzeko laguntza
Diru laguntza honen helburu nagusia da etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzea, herriko pertsonen eta familien karga ekonomikoa arintzeko. Aldaketa garrantzitsu bat du. Aurreko deialdiekin alderatuta, onuradun gehiago izango ditu aurrerantzean: orain artekoez gain, hiru urtez Tolosan erroldatuta daraman edonork ere eskatu ahal izango du, beti ere etxerik jabetzan ez badu, Etxebiden izena emanda badago eta beste erakundeetatik laguntzarik jasotzen ez badu.
Hauek dira diru laguntzaren ezaugarri nagusiak:
-
Diru laguntzaren zenbatekoa handiagoa: hileko 250-300 eurotik 300-350 eurora igo da. Zenbateko hori bizikidetza-unitatearen errentaren arabera finkatuko da. Alde Zaharrean edo Euskal Herria plazaren inguruko etxebizitzen kasuan, hileko 50 euro gehituko zaizkio, beti ere 350 euroko gehieneko mugarekin.
-
Laguntzaren iraupena: deialdi honetan gehienez 10 hilabeteko epea hartzen da, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte. Aurrerantzean, ordea, laguntza urte osorako izatea aurreikusten da.
-
Diruz lagundu daitezkeen gehieneko alokairuaren zenbatekoa:
-
Banakako eskatzaileentzat: 750 euro.
-
2 kideko familia-unitateentzat: 800 euro gehienez.
-
3-4 kideko unitateak: 900 euro gehienez.
-
Familia ugariak edo 5 bizikide edo gehiago dituztenak: 1.000 eurora arte.
-
Laguntza eskatzeko epea urriaren 15era bitarte dago zabalik. Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Udaten egin daitezke. Oinarriak, tramitea eta informazio gehiago, hemen.
Etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala sustatzeko laguntza
Laguntzaren helburua da alokairu soziala sustatzea. Horretarako, hutsik dauden etxebizitzak eraberritzeko laguntza ematen da, eta ondoren, ezinbestean Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programan sartu behar izaten dute etxebizitza horiek. Programa horretara atxikitzeko beharrezkoak diren obren kostuaren %50 estaltzen du laguntzak, eta Tolosan etxebizitza huts baten jabe diren pertsona guztiek eska dezakete laguntza, baldin eta birgaitze-obrak helburu horrekin egin nahi dituzten.
Hauek dira diru laguntzaren ezaugarri nagusiak:
-
Diruz lagundu daitezkeen gastuak: 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte egindako obrak.
-
Diru laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitu da:
-
6.000 eurora bitarte hirigune historikotik kanpoko etxebizitzetarako (lehen, 4.000 euro).
-
12.000 eurora arte Tolosako Alde Zaharrean kokatutako etxebizitzetarako (lehen, 8.000 euro).
-
-
Ondasun Higiezinen Zerga, erdira: Alokairu sozialeko merkatuan sartuz gero, Tolosako Ondasun Higiezinen Zerga %50 murrizten da.
Bizigune
Alokabidek, Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoak, martxan duen programa da Bizigune, etxebizitza hutsak alokairuaren merkatuan sartzeko. Alokabide arduratzen da alokairuaren kudeaketaz, eta hileko kobrantzaren bermea eta etxea egoera onean itzultzeko konpromisoa eskaintzen ditu. Honakoak dira, besteak beste, programaren abantailak:
-
6 urteko alokairuaren eta hileko kobrantzaren bermea.
-
Etxebizitzaren egoera eta bertan hobekuntzaren bat egin behar den ala ez zehazteko txosten tekniko bat egingo da, Alokabideren kontura. Era berean, bermearen mende dauden instalazioen eta altzarien elementuak zehaztuko dira.
-
Efizientzia energia-ziurtagiria lortzea. Alokabide arduratuko da zure etxebizitzaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria izapidetzeaz, 10 urteko indarraldiarekin.
-
Aurrerakina %0ko interesa duten egokitzapenetarako eta erreformetarako.
-
Etxebizitza mantentzea eta kontserbatzea.
-
Etxeko arrisku anitzeko asegurua kontratatzea Alokabideren kontura.
-
Etxebizitza entregatzen den kontserbazio-egoera berean itzultzeko bermea, etxebizitzaren erabilera egokiak eragindako higadura normala izan ezik.
-
Alokabidek ordainduko dizu zaborren eta estolderiaren gaineko zerga.
-
Alokabidek berme juridikoak eskaintzen ditu, behar izanez gero.
Bizigune programari buruzko informazio gehiago, hemen
Laguntza hau eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da. Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Udaten egin daitezke. Oinarriak, tramitea egiteko aukera eta informazio gehiago, hemen. Laguntzarik behar izanez gero, etxebizitza sailarekin harremanetan jartzeko aukera dago, etxebizitzak@tolosa.eus helbidera idatzita.