Esneki eta Goxua azoka berezietan parte hartzeko izen ematea, zabalik

Ataria 2024ko ira. 20a, 07:57

Esneki azokan postua jartzeko eskaera egiteko epea urriaren 11 artekoa da, eta Euskal Herriko gaztarik onena hautatzeko lehiaketan izena emateko epea urriaren 18an itxiko da. Gozogileek urriaren 6a baino lehen eman beharko dute izena postua jartzeko.

Esneki Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka azaroaren 8 eta 9an egingo da. Tolosako Udalak, Hazik, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Leartiker eta Esneki zentroak elkarlanean antolatutako ekitaldi honek, aurtengoan ere, esnekien azoka berezia eta Euskal Herriko Gaztarik Onena erabakitzeko lehiaketa hartuko ditu, besteak beste.

Parte hartzeko ekoizleentzako izen ematea ireki dute jada, eta eskaerak Esneki.eus webgunearen bitartez egin daitezke. Azokan postua jartzeko urriaren 11 baino lehen egin behar da eskaera, eta gazta lehiaketan izena emateko urriaren 18a baino lehen. Aurkeztu beharreko agiriak, bete beharreko baldintzak eta esleipen sistemaren inguruko informazio guztia bertan dago eskuragarri.

Azokari dagokionez, Euskal Herriko gazta, jogurta, izozki, krema, mamia eta orotariko esnekien ekoizleei irekita dago. Bestalde, Euskal Herriko gazta onena hautatzeko txapelketa, bederatzi mailatan banatuko da: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua. Maila bakoitzean beste bi azpi-kategoria ere izango dira: alde batetik, gaztagileak berak ekoitzitako esnearekin sortutakoena; eta bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldaldatzen dutenena. Azpikategoria bakoitzeko saridun bat egongo da; eta ondoren, Txapeldunen txapelduna izango den gazta hautatuko dute.

Goxua

Urriaren 26an egingo da Tolosa Goxua, goiz guztian zehar. Egun handia izan ohi da gozozaleentzat. Aurtengo azokan parte hartu ahal izateko, urriaren 6a baino lehen eman behar dute izena gozogileek, udalaren egoitza elektronikoan. Tolosa Goxuan tradizio bilakatu den beste jardueretako bat postre lehiaketa da. Aurten, sagar tarta onena erabakitzeko lehiatuko dira parte hartzaileak. Interesdunek, egunean bertan utzi beharko dituzte Trianguloan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Unean bertan egingo da izen ematea eta erabilitako errezeta aurkeztu beharko da. Parte hartzaileek, gutxienez, 18 urte izan beharko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!