ELKARRIZKETA

«Soinu banda bat grabatzeak badu artisau ukitua»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 22a, 07:58

Xabier Zeberio. J.A.D.

Xabier Zeberio Etxetxipia musikari tolosarra Ameriketan egon da 25 urte bete berri Alos Quartet taldearekin. Gainera, Veneziako Zinema Jaialdian arrakasta handia izan duen Marco filmaren soinu banda grabatu du.

Musika buruan eta burua musikan. Horrela bizi da Xabier Zeberio Etxetxipia (Tolosa, 1978). Egunero dabil melodia berriak sortzen, moldaketak egiten edota maketak grabatzen. Datorren urtean 10 urte beteko dira Oskorrirekin oholtzei agur esan zienetik. Kubatik bueltan harrapatu dugu, betiko moduan, proiektu eta asmo berriekin. Gaurtik aurrera, Donostiako Zinemaldiari begira egongo da, berak grabatutako doinuak hiru lanetan entzungo baitira.

Kolonbian eta Kuban egon berri zara Alos Quartet taldearekin. Zer moduz Ameriketako bira?

Esperientzia oso polita izan da eta ikaragarri gozatu dugu. Lehen aldiz joan gara Alos Quartet modura, eta gainera, taldearen 25. urteurrenarekin bat egin du birak. Bogotan (Kolonbia) egin genuen lehen kontzertua, Etxepare Institutuaren Euskal Leihoa hitzarmenari esker, bertako Teatro Mayor antzokian. Kontzertu oso polita eta hunkigarria izan zen; harrera beroa izan genuen.

Hego Amerikan geundela, pentsatu genuen ederra izango zela bira zabaltzea. Taldeko biolontxelo-jotzaile Alejandro Saul kubatarra da, eta berari esker, hara joateko eta hiru kontzertu egiteko aukera izan genuen, Habanan dauden Bellas Artes antzokian eta Kubako Arte Fabrikan, eta Matanzas hiriko Jose White antzokian. Lehen aldiz izan naiz bertan, eta gogorra izan da bertan bizi duten egoerarekin topo egitea. Baina musikalki eta alderdi humanoari dagokionez, herrialde indartsua da, eta oso eskertuta gaude jaso dugun harrerarekin. 

Zertarako balio izan du birak?

Batez ere, gure musika bertan partekatzeko. Hemen gure izena zabalduta dago, eta badugu jarraitzaile edo entzule fidel multzo bat, gure musikaren berri duena, baina Amerikan ez. Gainera, gure musikak harrera oso ona izan duela konturatu gara. Nolabait ere, euskaldunok geure burua gutxiesteko tendentzia dugu; oso zentratuta egoten gara gure mugetan. Egokitu izan zait euskal diasporara bidaiatu eta euskaldunentzat kontzertuak egitea, baina hori etxean aritzearen parekoa izan ohi da. Oraingoan, ordea, gu entzutera joan direnek, normalean, behintzat, ez dute harremanik izaten euskal musikarekin. Zerotik hasita, publikoa erakarri behar izan dugu. Ez zekiten nor ginen, ezta zer egiten genuen ere. Bada, erantzuna izugarria izan da. Jabetu gara, gure musikak, kanpora begira ere ate asko dituela zabalik. Bestetik, taldekideon arteko harremana indartzeko ere balio izan du birak. Inoiz ez genuen horrelako bidaia bat egin, eta aurtengoak asko sendotu du taldea. 

Alos Quartet taldeko kideekin Kuban, Matanzasen goran; behean, Habanan. ALOS QUARTET
 

«Jabetu gara, gure musikak, kanpora begira ere ate asko dituela zabalik»

 

Eta zer ikasi duzue bira honetan?

Kuban, turismoa egiteaz gain, zorte handia izan dugu bertako herritarrekin egoteko. Alejandroren lagunekin egon gara, eta bertako familia batzuk ere ezagutu ditugu. Egunerokotasunean Kuba benetan zer den ezagutzeko aukera izan dugu; ez gara turista soil modura joan. Polita izan da, baina aldi berean, gogorra ere bai.

 

«Egunerokotasunean Kuba benetan zer den ezagutzeko aukera izan dugu»

 

Kuban bertan, bi kontzertutan, Ernesto Oliva piano-jotzaile handiarekin kolaboratzeko aukera izan dugu. Bere obra bat estreinatu genuen, eta berak gure bizpahiru kantutan jo zuen. Oso polita izan da kubatar musikaren parte sentitzea, baita berak ere euskal musikarako ekarpenak egitea ere. Kasualitatez, urrian, Iruñean ariko da piano-jotzaile bakarlari, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin, eta orduan ere elkarlanean ariko gara.

 

«Zorte handia izaten ari naiz, musikagileei esker, ekoizpen askotan parte hartzen ari naizelako»

 

25 urte bete berri ditu taldeak. Biraz gain, baduzue beste proiekturik esku artean?

20. urteurrenean disko bat argitaratu eta bira berezi bat egin genuen, baina ez daukagu efemeride guztiak ospatzeko intentziorik. Kasualitate hutsa izan da 25. urteurrenak Ameriketako birarekin bat egitea, ez baita propio egindako bidaia bat izan. Ez dugu ezer berezia egingo, baina indarberrituta etorri gara, eta baditugu proiektuak datozen hilabeteetarako. Duela urtebete, Die ReiseBidaia– izeneko ikuskizuna estreinatu genuen Alemanian, eta udazkenean, Euskal Herrian egingo ditugu emanaldiak. Askotariko diziplinak biltzen dituen ikuskizuna da, antzerkia, dantza, ahotsa eta musika elkartzen dituena. Alemaniar eta euskal artistak gaude tartean, besteak beste, Itziar Ituño, Amaia Elizaran eta Agurtzane Intxaurraga.

Gutxik jakingo duten datu bat da Alos Quartet taldea Niko Etxarten estudioan sortu zela. Nolatan?

Gutako batzuk elkar ezagutzen genuen aurretik, baina berak deitu gintuen, grabaketa baterako. Bera izan zen, nahigabe bada ere, taldearen sortzailea. 20 urte nituen, eta gogoan dut oso egun berezia zela Tolosan: Kalderero eguna. Altzurukuko bere estudiora joan ginen, eta berez, kanta bakarra grabatu behar genuen. 10:00etan hasi ginen grabaketarekin, eta iluntzerako Tolosan egongo nintzela uste nuen, baina goizaldeko ordu txikitan heldu nintzen etxera. Egun hura ez dut inoiz ahaztuko.

Ameriketako bira atzean utzita, Donostiako Zinemaldiaren atarian, baduzu kontatu beharreko zerbait, ezta?

Azken urteetan, erabat murgilduta nago zinema munduan, soinu bandak grabatzen, bai bakarka, baita taldearekin ere. Harreman estua dut hiru musikagilerekin: Arantzazu Calleja, Maite Arroitajauregi Mursego eta Aitor Etxebarria. Beraiek sortzen dituzten soinu bandetan harizko instrumentuen ardura hartzen dut, moldaketak, orkestrazioak edota grabaketak egiten.

Azken soinu banda, Veneziako Zinemaldian aurkeztu duten, Oscar sarietarako aurre-hautatu duten eta Donostiako Zinemaldian ere ikusi ahalko den Moriarti ekoiztetxearen Marco filmerako grabatu dugu. Kasu honetan, Arantzazuk egin du soinu banda. Adunako Elkar estudioan egin genituen grabaketak, eta esperientzia oso aberasgarria izan da. Musikariontzat, estudioko lana, zuzenekoekin alderatuta, oso bestelakoa da. Nik oso gustuko dut, eta gainera, esperientzia pilatzen ari naiz. Donostian aurkeztuko duten El Hoyo 2 filmerako soinu banda ere grabatu dut, eta Eusko Label sailean parte hartuko duen Jon Martija tolosarraren Km 0 film laburrean nire musika entzun daiteke.

'Marco' ikusi duzu?

Osorik ez. Gure grabaketak dituzten eszenak ikusi ditut, Arantzazuk bidalita. Estudioan grabaketak egin aurretik, etxean dudan estudio txiki batean egin nituen zenbait maketa, Arantzazuk berak irudiak ikustearekin batera entzun zitzan. Esan didatenez, harrera beroa izan du Venezian, eta gogotsu nago osorik ikusteko.

Aurretik, 'Akelarre' filmeko musika ere grabatu zenuen; gerora, soinu banda onenaren Goya saria irabazi zuen. Azken urteetan, film eta telesail gehiagotarako soinu bandak ere grabatu dituzu. Ate berri bat ireki al zaizu?

Bai, guztiz. Zorte handia izaten ari naiz, musikagileei esker, ekoizpen askotan parte hartzen ari naizelako. Aitorrekin, adibidez, oso ondo moldatzen naiz; oso ondo ulertzen dugu elkar. Beti esaten dugu bikote indartsua osatzen dugula. Berak dituen bertuteak nire hutsuneak dira, eta alderantziz. Hori guztia dela eta, oso erraza da berarekin lan egitea. Lan egiteko modu berezia du. Ez nuke esango kaotikoa denik, baina bai oso artistikoa. Ez da eskolatik datorren musikagile bat, intuizioz aritzen dena baizik. Sekulako intuizioa dauka, eta artista hutsa da. Ez dauka aurreiritzirik sortzerako orduan, eta hori oso gustuko dut, kontserbatorioen mundutik natorrelako, eta nire motxilak ditudalako.

Zer sentitzen da musikagile horiek zuregana jotzean?

Ohore handia da. Talde bat bezala funtzionatzen dugula sentitzen dut. Badakite harizko instrumentuen inguruan esperientzia handia eta ibilbide luzea dudala, eta zenbait ardura ezartzen dizkidate. Grabatzerako orduan, etxean estudio bat izateak, asko errazten du lana. Artisau ukitua ere badu, ez dugulako makro-ekoizpen baterako lan egiten. Oraingoz, emaitzak oso ederrak izan dira.

Harizko instrumentuak geroz eta ohikoagoak al dira soinu bandetan?

Askotan bai, baina ez du zertan, ekoizpenaren arabera. Aitorrek, esaterako, instrumentu birtualak edo elektronikoak erabili ohi ditu, ordenagailuarekin, eta harizko instrumentuak gehigarri bat izaten dira bere soinu bandetan. Musikagileek, gainera, ez dute beti jotzen nigana; film batzuetako soinu bandetan ez dute harizko instrumentuen beharra izaten. Hala ere, une berean hiruzpalau pelikula izaten dituzte hitzartuta, eta une batetik bestera sortu daiteke lan berri bat.

 

«Orain, 10 urte hauetan egin dudan guztia ikusita, oilo ipurdia jartzen zait»

 

Musikalki, orain arte grabatu ditudan soinu banda guztiak elkarren artean desberdinak izan dira. El Hoyo 2 filmean musika elektronikoa da nagusi; Akelarren, aldiz, Erdi Aroko sonoritate sinfonikoa da oinarria. Hori dela eta, oso erakargarria da. Zerotik hasten zara atmosfera berri bat sortzen, eta ez duzu beti musika berdina egiten. Eraikin berri bat sortzearen parekoa da, bere egitura, kolore eta argiekin.

'El Hoyo 2' filmerako soinu banden grabaketa, Oiartzungo Meca estudioan. TXUFO WILSON

Udazken honetan, pasa den urtean argitaratu zenuen 'Pause' diskoa aurkezten jarraituko duzu. Nola doa kontzertu bira?

Espero nuena baino hobeto. Abenduan aurkeztu nuen Gasteizen eta Tolosan, eta kontzertu gutxi egin ditut orain arte. Hala ere, sekulako harrera izaten ari da, eta datorren urteko udaberrira bitarte, kontzertu asko ari naiz hitzartzen. Esperientzia berri bat izaten ari da niretzat eta oso gustura ari naiz.

Musikari bakarlariekin nahiz dantzariekin ere kontzertuetan kolaboratzen duzu. Izen handiko zerrenda osatu genezake, baina bat aukeratzekotan, zein eta zergatik?

Auskalo! Asko ikasi eta asko gozatu dut guztiekin. Hala ere, nire hastapeneko taldea eta talde kuttunena, Oskorri da. 18 urte egin nituen bertan, eta beraiekin ikasi nuen zer zen musikari izatea, bere argi eta ilunekin. Ni naizena Oskorriri zor diot. Beste talde eta bakarlariei ere asko zor diet.

Gezurra badirudi ere, ezezko asko eman ditut. Alderdi humanoa oso garrantzitsua da niretzat; egiten ditudan gauzak gustuko jendearekin egiten saiatzen naiz. Artista bakoitza mundu bat da, eta musika ulertzeko modu asko topatu izan ditut, baina nire ustez, garrantzitsuena, zure alea jartzeko eta gauza berriak ikasteko gogoa izatea da, betiere, umiltasunetik. Zorte handia dut, artista askoren konfiantza jasotzen dudalako, eta konfiantza hori bueltatzen saiatzen naiz.

Gaur egun, zenbatek esango dute, «hara, hori Oskorrikoa da!», eta ez «hara, hori Alos Quartetekoa da!».

Askok! Gehienentzat betirako izango naiz Oskorriko biolin-jotzailea, eta hori ohore bat da niretzat. Kalean gerturatu izan zaizkit jarraitzaileak nostalgia puntu batekin. Hala ere, duela gutxi, mendian txango bat egiten ari nintzela, mendizale batekin gurutzatu nintzen, eta berehala itzuli zen Alos Quartet taldekoa ote nintzen galdetuz. Taldearen jarraitzaile sutsua zela esan zidan, eta erabat harrituta geratu nintzen. Horrelako istorioak oso politak dira. Guk musika sortzen dugu, baina ez dakigu nor egoten den beste aldean, gu entzuten, eta eskertzekoa da entzuleei aurpegia jartzea, gure musika entzuten duena nor den ezagutzea.

Gutxik jakingo dute gazte garaian Bordelen burutu zenituela musika ikasketak.

Donostian biolin ikasketak amaitzen ari nintzela, lagun baten bitartez izan nuen bertako eskolaren berri, bera bertan ikasten ari zelako. Garaiak asko aldatu dira, eta gaur egun maila handia dago hemengo kontserbatorioetan, baina, orduan, alde handia zegoen Europako eta hemengo eskolen artean. 16 urte nituen, eta frogak egin nituen. Gero, lau urtez egin nituen ikasketak.

Adin horrekin ausardia handia behar da horrelako erabaki bat hartzeko...

Shock handia izan zen. Donostiako kontserbatorioa leku grisa zen orduan, zaharkitua. Asko ikasi nuen, baina Bordeleko orkestrako bakarlaria zen Vladimir Nemteanu errumaniarraren eskolak jasotzea izugarria izan zen. Lau urte zoragarri izan ziren, eta ikaragarri ikasi nuen. Tartean, Euskadiko Gazte Orkestra sortu zuten, eta bertan sartzeko zortea izan nuen. Hiru hilabete beranduago, Oskorrin hasteko aukera sortu zitzaidan. Casting bat egin zuten, eta ni aukeratu ninduten. Bertan sartzea erabaki ez banu, gaur ez nintzateke hemen egongo. Batek daki zer izango zen bestela nire bizitza!

Zeberio (eskuinetik hasita, bigarrena), 1997ko Nafarroa Oinez festan, Oskorrirekin egin zuen lehen kontzretuan.

Gaur egun jarraitzen duzu Oskorri entzuten?

Bai, eta erlazio estua dugu taldekideon artean. Igandean elkartzekoak gara, bazkari bat egiteko.

2025ean 10 urte beteko dira «Hauxe da despedidia!» abestu zenutela. Ukaezina da, baina, zuen musikak bizirik dirau oraindik. Zuk esana da honakoa: «Sentsazioa daukat egin behar zena egin genuela; garai onean hartu genuela erretiroa, alegia. Ondo bukatu genuen, goian, eta ez daukat pena nostalgikorik». Ez al litzateke ederra izango, etzi, 10. urteurrenerako itzulera bat proposatzea?

Oso zaila da. Nik, berekoikeria hutsez, gustura egingo nuke kontzertu bat, gehienbat, gozatzeko, eta berriro ere elkarrekin aritzeko, baina zintzotasun osoz, gainerako taldekideak ez ditut prest ikusten, nik xaxatzen ditudan arren. Hala ere, batek daki! Esan nuen bezala, ez daukat nostalgiarik.

Taldea desegin ondoren ibilbide berri bati ekin nion. Momentuan dena zen iluna. «Orain zer egingo dut?», galdetzen nion neure buruari. Orain, 10 urte hauetan egin dudan guztia ikusita, oilo ipurdia jartzen zait. Paradoxa hutsa da, baina ate bat ixten denean, beste batzuk irekitzen dira.

Etxean baduzu beste artista bat, Markel semea. 18 urte besterik ez ditu, eta biolontxeloa jotzen du. 'Pause' diskoan kolaboratu zuen. Indartsu dator, ezta?

Ez dakit indartsu datorren, baina musika munduan bidea egiteko asmoa du; saiakera egin nahi du, behintzat. Hori da bere pasioa, eta ez diot kontrakorik esango. Badaki zer den musikari izatea; egunero ikusten du etxean. Musikarekin asko gozatzen du, eta hori da garrantzitsuena. Aurrerago ikusiko da nolako bilakaera izaten duen. Pause diskoan grabatzeaz gain, Izaroren eta Eñaut Elorrietaren diskoetan ere egin du ekarpena. Esperientzia polita izaten ari da berarentzat, eta horrela ere ikasiko du.

Aholkurik ematen al diozu?

Ez, eta inoiz ez naiz izan bultzatzaile bere erabakietan; hori bai, beharra duen guztietan laguntza eskaintzen diot. Inoiz ez dut behartu biolontxeloa jotzera, eta sorpresaz hartu nuen bere erabakia. Nik zorte handia izan dut nire ibilbidean, eta ez dakit mereziko nuen ere. Musikari profesionalona bizimodu konplexua da, gogorra, baina aldi berean, zoragarria ere bai. 

 

«Musikari profesionalona bizimodu konplexua da, gogorra, baina aldi berean, zoragarria ere bai»

 

Zuk, Markelek orain duen adina zenuenean, Oskorrin sartzeko aukera izan zenuen.

Ume moko bat nintzen orduan. Biolina jotzen nuen, baina ez nekien ezer, eta taldekideek denetik irakatsi izan didate. Konfiantza guztia jarri zuten nigan, eta beraiekin grabatu nuen lehen diskoan nire bi konposizio zeuden, Natxok [De Felipek] egindakoak kanpoan utzita. Hori ikaragarria da, eta orain saiatzen naiz ikuspegi hori izaten; batzuetan honakoa pentsatzen dut: «Guk taldean 19 urteko musikari bat sartuko bagenu...»

Gaur egun asko aldatu da musika panorama, ezta?

Bai. Lehen talde gutxiago zeuden, eta orain milaka proiektu interesgarri daude, asko gainera, gazteek sortutakoak. Talde on asko daude, estilo guztietan, eta gaur egun sortzeko duten ahalmena sekulakoa da. Hori dela eta, konpetentzia ere oso handia da. Akaso, ez dago talde mitiko bat. Gaur egun, agian, Oskorri ez zen izango bere garaian izan zena.

Markelek eta zuk baduzue musikaz gain, partekatzen duzuen zaletasun bat: futbola.

[Barreak] Auskalo nondik jakin duzun, baina bai, hala da. Futbol zaleak gara, eta oso gustuko dugu partidak ikustea. Inguruko askok harrituta begiratzen didate honen berri izaten dutenean. Aitortzen dut zerbait banala izan daitekeela, baina musikatik deskonektatzen laguntzen nau; ebasiorako bide bat da.

 

KONTZERTUAK

ALOS QUARTET

Irailak 24. Donostiako Zinemaldia.

BIDAIA

Irailak 29. Galdakao.

PAUSE

Urriak 12. Berriz.

Azaroak 20. Araia.

Abenduak 14. Agurain.

ARINEKETAN

Irailak 26. Hernani.

Urriak 5. Igartubeiti.

Azaroak 16. Barakaldo.

Abenduak 15. Pasaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!