Tolosako Lizardi elkarteak, Lizardi Foroa ekimenaren barruan, hitzaldia antolatu du hilaren 25erako, asteazkena. Tolosako kultur etxean izango da, 19:00etan, eta Peio Dufau EH Bai mugimenduko ordezkaria izango da gonbidatua.
Frantziako Asanblea Nazionaleko EH Baiko diputatua da Dufau, eta bera da euskal mugimendu ezkertiar eta abertzale batek asanblean duen lehen ordezkaria. Macron presidenteak Asanblea disolbatu ondoren, hauteskundeak aurreratu zituen. Lehen aldiz, alderdi ezkertiarrek koalizio bat osatu zuten, eta Ipar Euskal Herriaren kasuan, EH Bai mugimenduak Frantziako alderdi ezkertiarrekin egin zuen akordioa. Hauteskundeen bigarren itzulian, Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan alderdi ezkertiarrek irabazi zuten, eta horietako batean, Dufau zen zerrendaburu.
Ondorioz, nobedade bat da ezker abertzaleko ordezkari bat Parisen egotea. «Zer egin dezake EH Baiko diputatu bakar batek bertan? Espainian, 350 diputatu dira; Frantzian, berriz, 557. Pentsa!», esan du Martxelo Otamendi Lizardi elkarteko kideak. «Lehen aldiz gertatu den akordio hori azaltzea nahi dugu, bitxia delako eta momentu jakin batean gertatu delako. Frantzian eskuin muturraren mamua dago, eta orain arte arerio izan direnak elkartzera behartu ditu horrek».
Ezker abertzalea Frantziako Asanblea Nazionalean, aukerak eta erronkak izena jarri diote saioari. «Ipar Euskal Herriko panorama politikoaren argazkia egiteaz gain, EH Bairen egoera azalduko du. Pixkana, Ipar Euskal Herrian indarra hartzen ari den mugimendua da. Akordioak etorkizunean nolako balioa izango duen ere galdetuko diogu, baita bere lehentasunak zeintzuk izango diren eta asanblean zer aliantza sortu edo saritu ditzakeen ere».
Asteazkenekoaren aurretik, gaurkotasun politikoarekin lotutako beste bi hitzaldi antolatu ditu Lizardi elkarteak. Urtarrilean, Pako Aristik Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua aurkeztu zuen, eta apirilean, Josu Chuecak Gamazadari buruzko hitzaldia eman zuen. Ikasturte honetarako, hilabetean behin saio bat antolatzeko asmoa dutela aurreratu du Otamendik: «Egutegi bat antolatzen ari gara. Euskal Herrian oso ezagunak diren erakunde eta alderdietako buruzagiak ekartzea da asmoa».