Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean, autolaguntza taldea eskaintzen du, eta gaur aurkeztuko dute. 18:00etan izango da ekitaldia, gaztelaniaz, Emakumeon Plazako lokalean.
Autolaguntza taldea, indarkeria matxistei aurre egin dieten edo aurre egiten ari diren emakumeei bideratutako erreparaziorako babes eta segurtasun espazio bat ere bada. Clara Wolfram Perez adituak gidatuta, taldean eta berdinen artean lan egiteak dakarren laguntzatik abiatuta, aldaketarako prozesu bat erraztea du helburu.
Taldearen nondik norakoak aurkezteaz gain, orain arte taldean parte hartu duten emakumeak bertaratuko dira aurkezpenera, euren esperientzia eta bizipenak partekatzera, De víctimas a empoderadas —Biktima izatetik ahalduntzera— prozesua azaltzera, hain zuzen. Andragoratik eta udaleko Berdintasun Sailetik aurkezpenera gerturatzeko deia luzatu dute, «emakume hauen ahotsak entzun eta autolaguntza taldearen berri izateko».
Ikasturte berriarekin batera, nobedade bat izango da taldean. Orain arte, ostegun arratsaldeetan elkartu izan dira taldeko kideak. Aurrerantzean, baina, asteazken goizetan izango dira saioak, 10:00etatik 12:00etara.
Emakumeren batek taldean parte hartzeko interesa izango balu, Andragorara bertaratuz, andragora@andragora.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz edo 943 008 967 edo 747 496 469 telefono zenbakietara deituz eskuratu dezake informazioa. «Espazioa edozein emakumeri dago irekia, eta izena ematea nahikoa da taldean parte hartzeko; ez da beharrezkoa indarkeria egoera salatu izana».