Datozen egunetan, hilaren 19tik 22ra, TAKE saskibaloi taldeak antolatzen duen Tolosako Garagardo Azokak hartuko du Zerkausia. Bihar, osteguna, zabalduko dute eta, igandera bitarte, 21 garagardo mota ezberdin izango dira aukeran, 10 arrunt eta 11 berezi, zehazki. Aurreko urteetan bezala, horiak, gorriak, beltzak, glutenik gabekoak eta alkoholik gabekoak izango dituzte. Elikagaiei dagokionez, menua iazko berdina izango da: ukondoak, saltxitxak, piperrak, Kroketxeako kroketak, Alejandro Goyako hanburgesak, euskal pastela eta gazta. Jan-edanak zerbitzatzeko, berriz, klubeko kideez gain, herritarren laguntza behar izaten dute TAKE-koek, eta aurten, 100 boluntario inguru ariko dira lanean.
Egunero 18:30ean irekiko dute azoka —larunbatean, 18:00etan—, eta bihar 23:00ak arte egongo da zabalik, ostiralean 00:30ak arte, larunbatean 02:00ak arte, eta igandean 21:30ean itxiko dute. Egunero, gainera, ekintza ezberdinak antolatu ditu TAKEk. Bihar, 2013 eta 2016 urteen artean jaiotako haurrentzat, saskibaloi jolasak izango dira Plaza Zaharrean, 18:30etik 20:00etara. Klubaren sare sozialen bitartez eman daiteke izena. Ostiralean eta larunbatean, DJ TAKEk eta DJ Txekorrek musikaz girotuko dute Zerkausia. Azkenik, igandean, 20:00etan hasita, jokalarien afaria egingo dute, azokari amaiera biribila emateko.
ETXEKO GARAGARDO ILUNA
Urtero moduan, eskainiko dituzten garagardoak bertakoak nahiz nazioartekoak izango dira. Aragoi, Herrialde Katalanak, Madril, Eskozia, Alemania, Belgika eta Txekiar Errepublikako garagardo etxeetako garagardoak dastatzeko aukera izango dute Zerkausira gerturatzen direnek. Euskal garagardogileenak ere izango dira tartean. Esaterako, Arabako La Salve etxearen lau garagardo dastatu ahal izango dira. Horietako hiru horiak izango dira, bi Lager motakoak eta bestea Ale motakoa. Laugarrena, berriz, gorria izango da.
Arabakoa ez ezik, eskualdean egindako garagardo bat dastatzeko aukera izango da, Iparra Beer garagardogile artisauen Ipar Beltz. «Ambar Ale estiloko garagardoa da, iluna eta erraz sartzen dena. Hasiera mingotsa du, baina karamelu gustua uzten du. Oso trago atsegina, gure garagardoa», adierazi dute egileek.
KARTA
EGITARAUA
- Irailak 19, osteguna
- 18:30. Ate irekiera.
- 18:30-20:00. Haurrentzako saskibaloi jolasak Plaza Zaharrean.
- 23:00. Ate itxiera.
- Irailak 20, ostirala
- 18:30. Ate irekiera.
- 19:00-21:00 eta 23:00-00:30. DJ TAKE.
- 00:30. Ate itxiera.
- Irailak 21, larunbata
- 18:00. Ate irekiera.
- 19:00-21:00 eta 23:00-02:00. DJ Txekor.
- 02:00. Ate itxiera.
- Irailak 22, igandea
- 18:30. Ate irekiera.
- 20:00. Jokalarien afaria.
- 21:30. Ate itxiera.