Punturik gabe itzuli dira ligako lehen neurketa jokatuta

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 18a, 11:58

Erregional ohorezko mailan dagoen gizonezkoen Tolosa CF futbol taldeak 1-0 galdu du Añorgaren aurka. David Muñoz entrenatzaileak esan du helburua taldea «sendotzea» dela.

Gizonekoen futboleko erregional ohorezko mailan dagoen Tolosa CF taldeak ez du punturik lortu ligako lehen partidan, baina sentsazio onak izan dituztela azaldu du David Muñoz entrenatzaileak. Añorgaren aurka 1-0 galdu zuen talde urdinak, etxetik kanpo, partida lehiatu batean.

Denboraldiko lehen partidak «ziurgabetasun puntu batekin» izaten direla azaldu du Muñozek. «Normalean maila honetan taldeak ez dira hainbeste ezagutzen. Gu gogotsu joan ginen, nahiko konfiantzarekin, denboraldiaurre ona egin ondoren. Badakigu talde indartsua dela Añorga, aurreko denboraldian hirugarren mailan egon zelako, eta taldea mantendu eta fitxaketa onak egiten dituztelako». Muñozek gaineratu duenez, ez zuten galtzeko partidarik egin. «Lehen zati oso txukuna egin genuen, aukerak izan genituen, baina ez genuen asmatu, eta asmatu genuena epaileak baliogabetu egin zuen».

Bigarren zatian partida gehiago apurtu zela azaldu du. «Zubietan jokatu genuen partida eta zelai handia da. Beraiek jokaldi on batean aurreratzea lortu zuten, eta minutu batzuetako beheraldiaren ondoren, berriz buelta eman genion, eta azkenean ez genuen zorterik izan partida berdintzeko». Aurkarien arean sartuta bukatu zuten partida, baina ez zuten golik sartzerik izan. «Alde batetik, penaz gaude, emaitza ez zelako ona izan, baina, bestalde, jakinda itxura ona eman genuela eta hobetzeko tartea daukagula ikusita, pozik gaude taldeak erakutsitakoarekin».

Larunbatean jokatuko dute ligako bigarren partida, 16:30ean, Berazubin. Etxean jokatuko duten lehen partida izango da, eta Bergararen aurka jokatuko dute. «Aurreko denboraldian goiko mailan egondakoa, taldea mantentzen duena eta estiloa oso barneratua duena», esan du Muñozek. «Partida gogorra izango da, maila honetako guztiak bezala, baina konfiantzarekin gaude, badakigulako zein den taldearen potentziala. Gogotsu gaude lehen hiru puntuak lortu eta egiten ari garen lanean konfiantza gehiago izateko».

TALDE BERRITUA

Aurreko denboralditik hamabost baja izan dira, beraz, taldea asko berritu behar izan dute. «Nire asmoa Tolosa CF bezalako proiektu batera batzeko garaian, ahalik eta etxeko jende gehienarekin kontatzea da. Jakinik Tolosak oinarrizko futbolean duen maila altua dela, jende gaztea, bigarren taldekoak eta jubenilak, ahalik eta gehien kontuan hartzea izan da helburua. Kanpotik ekarri dugu jendea ere, baina etorri dena gosearekin etortzea nahi genuen, eta preferente mailako jendea etorri da, kalitatezkoa».

Hori horrela, entrenatzaileak uste du epe ertain eta luze batera begira «jokalari talde oso ona» dutela. «Epe motzera lehiatzeko gai gara, baina ziurgabetasun pixka bat ere badugu, azkenean talde berria delako». Batez besteko adina oso gaztea dela gaineratu du Muñozek, eta mailan dagoen jokalari talde gazteenetakoa dela esan du. «Askorentzako lehen denboraldia da maila honetan. Talde gaztea da, hainbat jokalari eskarmentu gutxikoa, baina inplikazio maila eta kalitate handikoa, eta gose horrek eman behar digu indarra eta grina aurrera egiteko».

Muñozen iritziz, klubaren helburua beti izan behar du maila gorago batean izatea. «Hori lortzeko ezin da epe laburrera begiratu. Uste dut erditik gora egoteko taldea badugula, baina dena oso ondo egin behar da eta dena ondo atera mailaz igotzeko», esan du entrenatzaileak. «Nire ustez orain helburu garrantzitsuagoa da herriko jendeak taldean egon nahi izatea, futbol sailaren inplikazioa egotea eta taldeari jarraipena ematea. Azken finean, lehen taldea sendotzea eta oinarrizko futbolaren erreferente izatea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!