Imanol Rojo, munduko txapelduna rollerskian

Ataria 2024ko ira. 16a, 12:01

Imanol Rojo, erdian, Munduko Txapeketa irabazi osteko sari banaketan.

Iraupen eskiatzaile tolosarrak lortu zuen, atzo, Italian, Munduko Txapelketa irabaztea estilo klasikoko 15 kilometroko proban.

«Ez nuen espero irabaztea. Banekien oso ondo entrenatu nuela uda guztian zehar. Iraupen eskiatzaileak falta ziren, baina Munduko Txapelketa ofizial bat da». Alpino Uzturre elkarteko Imanol Rojoren hitzak dira, atzo munduko txapeldun izan ondoren rollerskian, estilo klasikoko 15 kilometroko proban. Italiako Alpe Cermis eski estazioan izan da jokoan txapelketa, eta ostegunean zortzigarren postua lortu zuen tolosarrak estilo libreko 15 kilometroko proban.

Azken unean erabaki zuen Rojok parte hartzea Munduko Txapelketan. «Oso ondo sentitu nintzen, eta ostegunean sasoi onarekin gorputzaldi ona sentitu nuen, eta nola punturik ez nituen, atzetik atera nintzen. Beraz, orduan zortzigarren egitea, eta gero lehenengo postua lortuta, oso pozik nago eta balio izan du ikusteko udan egindako prestaketa ondo doala». Aurten Norvegiako entrenatzaile batekin ari da prestatzen, eta gustura azaldu da tolosarra prestaketa ematen ari den emaitzekin.

Espainiako Txapelketan, bikain Alpino Uzturrekoak

Alpino Uzturreko beste eskiatzaile batzuek emaitza bikainak lortu dituzte rollerskiko Espainiako Txapelketan, asteburu honetan. Esprint modalitatean zein distantziakoan izan dira lehiaketak, eta bietan irabazi dute June Aranburuk 16 urtez azpiko mailan eta Libe Currasek 14 urtez azpiko mailan. Taldeko Magali Lekuek absolutu mailan parte hartu du. Esprint modalitateko proba larunbatean jokatu zen Candanchuko asfaltozko zirkuituan. Igandekoa, distantziakoa, Jakan izan zen, eta bukaera Rapitan gazteluan izan zen.

June Aranburu, Magali Lekue eta Libe Curras.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!