Alzheimerraz kontzientzia pizteko saioak, Tolosan

Ataria 2024ko ira. 16a, 12:00

Irailaren 21ean ospatzen den Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta, gaixotasuna ikusarazteko eta gizartearen parte hartzea bultzatzeko, hitzaldi bat eta bi ikus-entzunezko antolatu ditu Buru Bihotzez elkarteak.

Urtero, irailaren 21ean, Alzheimerraren Munduko Eguna ospatzen da. Osasunaren Munduko Erakundeak eta Nazioarteko Alzheimer Federazioak aukeratutako data da, eta gaixotasuna ikusgarriago egiteko eta gizartearen parte hartzea bultzatzeko, Alzheimerraren Gipuzkoako Afagi erakundeak lagunduta, zenbait elkartek askotariko jarduerak antolatzen dituzte herri desberdinetan. «Erakundeek eta herritarrek 60 eta 90 urteko pertsonen gain geroz eta eragin handiagoa duen gaixotasun honen errealitatea zein den ikustea da helburua. 2025erako 16.000 pertsona inguru izan daitezke Alzheimerdun gaixoak Gipuzkoan, eta ondorioz  64.000 familia inguru, ondorioak jasango dituztenak», adierazi du Afagik.

Aurten, egun horren baitan, bi ekitaldi egingo dituzte Tolosan, Buru Bihotzez elkartearen eskutik. Batetik, Osakidetzarekin elkarlanean antolatuta, Dementzia: zer eta nola hitzaldia izango da irailaren 18an, asteazkena, kultur etxeko lehenengo solairuan. 17:00etan hasiko da eta ordubeteko iraupena izatea aurreikusten dute. Ibarrako osasun zentroko Leire Etxeberria Rodriguez eta Telmo Unzue Rodriguez izango dira hizlariak eta saioa elebitan izango da.

Bestetik, bi ikus-entzunezko ikusteko aukera izango da, ostegunean, 20:30etik aurrera, Leidor aretoan: Mientras seas tú (Zu zaren bitartean) dokumentala eta París 70 film laburra. Lehena, Goya eta Gaudi sarien irabazlea da. Film hunkigarri honetan, Carme Elias antzezle ospetsuak alzheimerraren kontra duen borroka kontatzen du, bere lagun mina eta zuzendaria den Claudia Pintoren eskutik, berak zuzentzen baitu dokumentala. 50 urtetan, antzerkian, zineman eta telebistan aritu ondoren, Carme Eliasi alzheimerra diagnostikatu zioten. Claudia Pintorekin batera, burujabetzarantz egindako azken bidaia azaltzea erabakitzen du, fikzioa eta errealitatearen arteko muga lausotu eta desegiten den bitartean. Mientras seas tú (Zu zaren bitartean) ispiluen arteko jolas etengabea da, maitasun eta adiskidetasun ituna.

Era berean, Daniel Feixasen París 70 film laburra proiektatuko da. Alzheimerra jasaten duten gaixoei eta beraien zaintzailei egindako omenaldia da. Janek alzheimerra duen ama zaindu behar du. Egunero galdera bera egiten dio, baina erantzuna jakitean oso nahastuta geratzen da. Egoera horren aurrean, Janek bere ikuspegia aldatzea eta amarekin konektatzeko modu berri bat bilatzea erabakiko du. Film labur honek ehundik gora zinema jaialdi handi zein txikiko onespena jaso du. Bi ikus-entzunezkoak jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin.

Zinema ikasturteari hasiera

Saio honekin, hasiera emango diote zinema ikasturteari, Leidor aretoan. Asteburu honetatik aurrera ikusi ahal izango dira lehen film komertzialak: Bitelchús Bitelchús eta Romper el círculo. Azken hau, istorio erromantiko bat da, best-seller baten moldaketa bat. Lily Bloomen (Blake Lively) historia kontatzen du, bere aitaren heriotzaren ondoren, Ryle (Baldoni) ezagutzen du, neurokirurgialari ospetsu bat, eta bikote harreman bat hasten dute.

Leidorreko programazioa:

  • Alzheimerraren Munduko Eguna. París 70 eta Mientras seas tú (Zu zaren bitartean). Irailak 19, osteguna, 20:30ean. Zineforuma. Jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin.
  • Bitelchús Bitelchús. Irailak 21, larunbata, eta 23, astelehena (ikuslearen eguna), 19:00etan. Astelehenean, jatorrizko bertsioan izango da.
  • Mi amigo el pingüino. Irailak 22, igandea, 17:00etan. Haur zinema.
  • Romper el círculo. Irailak 21, larunbata, 21:30ean, eta 22, igandea, 19:30ean.
  • El cielo rojo. Irailak 26, osteguna, 20:30ean. Zineforuma. Jatorrizko bertsioan.
  • La virgen roja. Irailak 28, larunbata, eta 29, igandea, 19:30ean, eta irailak 30, astelehena (ikuslearen eguna), 19:00etan. Astelehenean, jatorrizko bertsioan izango da.
  • Central Parkeko heroiak. Irailak 29, igandea, 17:00etan. Haur zinema. Euskaraz.

Saio guztietarako sarrerak Ticket.kutxabank.es webgunean erosi daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!