Mendian Korri Eskola, abian jartzear

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 12a, 17:00

Alex Jimenez eta Ibon Artola.

Izena emateko fasean dago egun eskola, eta urrian hasiko du denboraldia. Soronea-Ammma mendi lasterketa taldearekin elkarlanean ariko da gaztetxoen sailarekin.

Mendian Korri Eskola abian jarriko da eskualdean, Ibon Artolak koordinatuta. Urrian hasiko du denboraldia eta bere lehenengoa izango da. Bi multzo edo sail izango ditu, horietako bat 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua, eta bestea helduei. Soronea-Ammma mendi lasterketa taldearekin ariko da elkarlanean eskola, gaztetxoen sailari dagokionean.

Artolak azaldu duenez, Mendian Korri Eskola sortu da Iker Karrerakin eta Jokin Lizeagarekin hitz eginez eta bere babesa jaso ondoren. «Beraiek irakasle bezala parte hartzeko asmoa dute, eskola magistralak emanez», esan du Artolak. «Horrelako eskarmentua duten bi korrikalari izateak, eta Jokinen kasuan ere entrenatzailea, beste kalitate bat ematen diote eskolari. Ikerrek, gainera, bereziki gogoa eta ilusioa zuen horrelako eskola batean parte hartzeko».

Eskola martxan jartzeko bide horretan, inguruko elkarteekin hitz eginez aritu zen Artola, tartean Soronea-Ammma taldeko koordinatzailea den Alex Jimenezekin. «Hortik atera zen aukera elkarlanean zerbait egiteko. Euskal Herrian erreferentziazko talde bat da, korrikalari oso garrantzitsuak dituena, eta uste dut elkarlan polita izan daitekeela», zehaztu du Artolak.

Oraindik Euskal Herrian ez dago mendian korrika aritzeko eskola tradiziorik. «Katalunian 17 eskola omen daude dagoeneko, eta hemen hau eta beste bat Bizkaian», esan du Artolak. «Iker eta Jokin bezalako jendearekin eta Soronea-Ammma bezalako talde batekin elkarlanean proiektu polita atera daiteke. Gero ikusiko dugu denborarekin, baina hasiera polita dela uste dut».

Aurreko urtetik daude kontaktuan Artola eta Jimenez. «Eskolaren gaztetxoen atala interesgarria iruditzen zitzaigun», esan du Jimenezek. «Ez genuen ikusten helduen mailan Soronea-Ammmaren bigarren talde bat sortzea. Aldiz, interesgarria ikusten dugu gazteekin lanean aritzea: hizkuntzaren aldetik, baloreak erakutsiz, zer den mendia eta zer den kirol hau erakutsiz. Gero lehiaketa iritsiko da nahi duenarentzako». Jimenezek gaineratu duenez, «Iker eta Jokin izatea laguntzaile bezala, Ibon mendi gida da, eta atzean Soronea-Ammma bezalako talde bat egonik, bultzada polita eman daiteke Euskal Herri mailan horrelako eskolei».

Oraindik ez dute guztiz zehaztu nola gauzatuko den elkarlana. «Urtean zehar saio batzuetan Soronea-Ammma taldeko korrikalariak eskolako gaztetxoekin izango dira», esan du Jimenezek. «Gero joango gara ikusten zer beste elkarlan mota egin daitezkeen. Gazte horientzat ekarpen handia izan daiteke taldean dauden korrikalariekin irteeraren bat elkarbanatzea. Taldeko korrikalariek gustura hartu dute elkarlana».

Egun izen emate prozesuan dago Mendian Korri Eskola. «Izena ematerakoan galdetzen joan gara jendeari zer ordutegi datorkion ondo, eta horren arabera ari gara antolatzen. Ziur aski saioak astearte, ostegun eta larunbatetan izango dira», esan du Artolak. Mendian Korri Eskolaren Instagram kontuan eman daiteke izena, bertan dagoen lotura baliatuz eta mendiankorrieskola@gmail.com helbidearen bitartez ere egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!