Postal Kolekzionistak taldearen kanta berria

Ataria 2024ko irailaren 11

Roman Eguia margolari mexikarraren lana duen postala.

Postal Kolekzionistak talde tolosarrak kantu berria kaleratu du gaur; Palestina, herri zapalduen kanta. Ezusteko Kantak laneko abestia da eta esan dute, bere garaian diskoa erosi zutenek postal bat jaso dutela egunotan, kanta publikatu aurretik entzun ahal izateko.

Postalak Roman Eguia margolari mexikarraren koadro bat du. Izan ere, taldeko Iñigo Asensiok aurten ezagutu du Eguia Mexiko Iparraldean, Ezusteko Kantak lana aurkezten ari zela. «Kuriosoa da. Mexikon asko egonagatik nik ez nekien halako komunitate palestinarra zegoenik Torreonen, eta han kontzertua ematean ezagutu nituen palestinar komunitateko hainbat kide, eta hauetatik oso gertu dagoen Roman Eguia margolaria ere bai. Abestia erakutsi nion, irudia sortzea proposatu, eta Romanek koadro hau eskaini digu kantuarekin batera bidea egin dezan», azaldu du taldeko abeslari eta kantugileak.

Kantuaren izena bat-batean sortu zen hausnarketa batetik abiatuta, Asensiok kontatu duenez. «Herri zapalduak soilik abesten ote dio herri zapalduari? dio kantak. Hala pentsatu nuen, Euskal Herrian badugula herri zapalduei abesteko, euren alde kantatzeko joera berezia, ziurrenik, finean, gu ere herri zapaldu bat garelako».

Abestia gaur kaleratuko dute, eta udazkenean ariko dira zuzenean hainbat oholtzatan. Urriaren 6an Tolosako 3 Tabernan ariko dira, formatu akustikoan; urriaren 26an Tabakalerako Kutxa Kluba Aretoan; urriaren 30ean Toledon (Gaztela Mantxa, Espainia) ariko dira; eta azaroaren 1ean Madrilen, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!