Aldaketa handiekin hasi du aurtengo denboraldia Tolosa CF-ren futboleko emakumezkoen lehen taldeak. Horietako bat entrenatzailea izan da, aurten Aritz Elorza ari baita taldea gidatzen. Bestea, jokalariei dagokionez izan diren aldaketak, hainbat urtetan taldean izan diren jokalari batzuk utzi dutelako taldea, eta berriak sartu dira. Aldaketak aldaketa, lehen puntua lortu dute, denboraldiko lehen partidan Bizkerre talde indartsuaren aurka berdinketa lortu ondoren.
Elorzak hogei urte daramatza entrenatzen, eta besteak beste, maila horretan Eibar taldearekin txapeldunorde izan zen. Eibarren ezagutu zuen Aiheko Uria, Tolosa CF-eko emakumezkoen futboleko egungo koordinatzaileak. Uriak deitu zion ea animatuko zen Tolosa CF entrenatzera, eta Elorzak baiezkoa eman zuen: «Erakarri zidan proiektuak, jokalari beterano batzuk uzteko zeudelako, eta talde osatzeko zegoelako. Talde euskaldunek asko erakartzen naute, eta Tolosaren aurka jokatu izan dudanean beti ikusi izan dut familia moduko bat dela, eta erabaki nuen aurrera egitea». Elorzak gaineratu duenez, «erronka polita» izaten ari da proiektua, «dakidan apurra erakusten, gazteei garapenean lagunduz eta ahalik eta postu onenean amaitzeko asmorekin».
Maila zaila dela eta talde indartsuak daudela gogora ekarri du Elorzak: «Inork ez du oparirik egiten maila honetan». Horrez gain, taldea osatzea ez dela erraza izan esan du entrenatzaileak: «Jokalari askorekin elkartu gara, eta kostatu zaigu taldea osatzea. Pixka bat motz dago, baina bigarren taldeko jokalariak kontuan izango ditugu». Helburu zehatzik ez duela finkatu nahi esan du: «Ez zaigu galtzea gustatzen, eta egun teilaturik ez duen talde bat daukagu. Agian aurten goiz harrapatzen gaitu, baina jokalari onak ditugu. Hankak lurrean izanik poliki-poliki joango gara, eta gero futbolak jarriko gaitu gure lekuan».
Lehenengo partidari «beldur» ziola esan du Elorzak, ezohiko denboraldiaurrea izan baitute, bera beranduago hasi delako taldearen ardura hartzen. «Bizkerre erdiprofesionala den kluba da eta talde oso ona. Eta gure jokalariei esan diet gutxitan bizitu nuela nola hustu ziren beraien aurka zelaian. Sentimendu itzela izan zen». Aurreratu egin zen Bizkerre bigarren zatiaren hasieran, baina Tolosa CF-k azken minutuan alde izan zuen penalti batekin berdindu egin zuen.