Bedaiora daraman errepidean konponketak egiten ari dira

Ataria 2024ko irailaren 10a

Errepideko zoruaren egoera zela-eta hasi zituzten lanak abuztuan; urte bukaera baino lehen amaitzea aurreikusten dute. Errepidea «oso gaizki» dagoela nabarmendu dute bedaiotarrek, eta zati horretaz harago, gainerako bidea ere kontuan hartzeko aldarrikatu dute.

Tolosako Bedaio auzora joateko errepidean zorua konpontzeko lanak ari dira egiten. Nekane Izagirre herritarrak azaldu duenez, hondoratzen ari zen bidea: «Errepidea behera doa leku askotan, eta bosgarren kilometro inguruan nabarmena zen egoera. Euria egiten zuenean gainezka egiten zuen».

Hori horrela, errepidearen trazatu berria ari dira egiten, eta urtea amaitu baino lehen bukatzea aurreikusten dute. Obrak irauten duen bitartean ez dute moztuko errepidea, baina eragozpenen bat eragingo du, txandaka pasa behar baitute ibilgailuek.

Bedaiotarren kezka
Zati hori konpontzen ari badira ere, Izagirrek gogora ekarri du errepidea «egoera kaskarrean» dagoela beste hainbat zatitan: «Hori konpontzea beharrezkoa da, baina kontuan har dezatela gorago ere oso gaizki dagoela errepidea».

Hortik harago, konpontzen ari diren zatiarekin ere kezka azaldu dute bedaiotarrek: «Lan dezente daukate egiteko oraindik ere. Ez da erraza eta bukaerak kezkatzen gaitu. Momentuz malda handia geratuko zaiola iruditzen zaigu, eta horrek arazoak ekar litzake etorkizunean. Fidatzen gara lanean dabiltzan profesionalez, baina ea nola geratzen den bukatzen dutenean».

Festak izan dituzte orain gutxi, eta aurretik «behar bezala» seinaleztatzeko eta argiztatzeko ere eskatu zuten. «Kontuz pasa behar da. Guk ezagutzen dugu, baina ez dakienarentzat arriskutsu samar dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!