Nahiko mokofina da Antton Telleria Lopetegi (Tolosa, 1993), eta, badaezpada, beti luze izaten du mihia. Oholtzan egindako lehen saiakeraren ondoren, atseden hartuta itzuli da. Giorgio Armaniren moduan, bere lurrin propioa sortu zuela sinetsarazi, eta jarraitzaileen bat erostera ere ausartu omen da. Hala ere, usaindu ere ez du egin, Armanirengandik NI silaba besterik ez baitu bereganatu, eta hiru aldiz errepikatuta, umorezko bakarrizketa saio berrirako izenburua sortu du: NININI. N bakarrarekin idazten da Armani, baina Telleriak bi T-rekin egiten du komedia.
Zer da 'NININI' eta zergatik izenburu hori?
Nire bigarren komedia ikuskizuna da. Izenburuari dagokionez, berriz, beti jarri behar zaio izen bat, betiere, marketinera bideratuta. Hobeto geratzen da eta nolabaiteko entitate bat ematen dio ikuskizunari. Bakarrizketa hau prestatzean, ideia desberdinei erreparatu eta horiei tiraka idazten hasi nintzenean, jabetu nintzen niri buruzko kontuak eta gaiak gehiengoa zirela. Susmoa nuen neure buruaz gehiago jardungo nuela. Horregatik, eta berezko egolatria patologiko baten menpe ere bizi naizenez, NININI izena okurritu zitzaidan.
Asko pentsatu zenuen 'NI' zenbat aldiz errepikatu?
Ondo gogoan dut non okurritu zitzaidan izena. Izaskun auzoan bizi naiz ni, eta bertatik Tolosako erdigunera bidean nindoala, Kondeaneko aldapan, Agaramundu plaza inguruan dauden zaborrontzien ondoan nengoela etorri zitzaidan ideia. Zaborretatik atera zen ideia, eta akaso, ideia bera ere zabor hutsa izango da. Izena asko gustatu zitzaidan, eta iruditu zitzaidan ondo definitzen nauela, etengabe ari naizelako horretan. Orain ere, zertan ari naiz, nitaz hitz egiten ari ez banaiz?
Egolatria ariketa bat omen delako 'NININI', eta zeure buruaz hitz egingo duzu etengabe. Zeure buruaz barre egiteko saioa izango da?
Baita ere! Bai, eta horren alde nago, beti. Esango nuke stand up ikuskizun oro dela, neurri batean, behintzat, egolatria ariketa bat. Egolatriatik ere behar da oholtzara igotzean; «hau pentsatu dut honi buruz» esan, eta publikoarekin partekatzea. Kasu honetan, egotik gehiago behar izan dut, gertuagokoak zaizkidan gaiei buruz ere hitz egitea erabaki dudalako. Nekatutak ikuskizunean komedia egitea erabaki nuen, stand up formatua esploratuz. «Bost axola zeri buruz hitz egin», pentsatzen nuen orduan. Tartean, asmatutakoak ere kontatzen nituen; neronek ere banekien gezurretan ari nintzela. Guztia zen komediaren zerbitzura; publikoak barre eginez gero, ni oso pozik egoten nintzen.
Nekatutak ikuskizunarekin amaitu ondoren, ondorio bat atera nuen, edo behintzat, behar berri bat sentitu nuen: premisak asmatzen hasi baino, nahiago nuela benetan gertatu izan zaidanari eta sentitzen dudanari buruz hitz egitea. Zentzu horretan, irudipena dut material berri hau nigana konektatuago dagoela.
Fikzionatua baino, errealistagoa?
Bai, baina, aldi berean, errealitate batetik abiatu eta joan gaitezen edonora. Esango nuke hor dagoela artea ere, ezta? Gertatu zaizuna edo pentsatu izan duzuna bere horretan plazaratzeak badu aitortzatik, eta ondo dago, baina koska bat gehitu nahi izan diot, eta sokari tiraka bestelako mundu batzuetara eraman nahi dut publikoa.
Zintzotasun ariketa bat ere bada. Biluztu egingo omen zara, baina denon hobe beharrez, metaforikoki soilik.
Bai. Fisikoki ez naiz biluztuko. Gainera, ondo jantzita aterako naiz oholtzara. Horretarako, Myriam Lizarralde estilistaren laguntza izan dut. Bestetik, ikuskizun berri honek, Nekatutak-ekin alderatuta, ez du amarrutik. Publikoari edonola barre eragitea baino, beste urrats bat eman, auskalo aurrera ala atzera izango den, eta zintzoago agertzea erabaki dut. Tartean, barrenak askatuko ditut, eta osasun mentalaz ariko naiz, aipatu beharra dagoelako, eta ez delako hautazko kontu bat. Aldi berean, zintzoki bezain kabroiki ere jardun nahi dut.
Argi utzi nahi duzu ikuskizun honek ez duela zerikusirik 'Nekatutak'-ekin.
Desberdina da, konkretuki, okerragoa. Bigarren ikuskizun hau pentsatzen eta prestatzen ari nintzenean, tarteka, lehenbiziko ikuskizuneko mamua agertu izan zitzaidan, eta sekulako beldurra eman izan zidan. Egia esan, bakarrizketa hark harrera oso ona izan zuen, eta esan daiteke, behetik gorako bidea egin zuela. Hasieran, inork ez zekien bakarrizketak egiten hasi nintzela, ez zekiten ordubetez etengabe hitz egiteko gai izango nintzenik ere. «Oso ondo! Ordubete isildu ere egin gabe!», esaten zidaten, eta noski, bestelako iritziak jaso nahi nituen, «hau gustatu zait», «hau ez zait gehiegi gustatu», eta antzekoak. Ondorioz, guztia nuen irabazteko. Inork ez zuen ezer espero, eta ibilbide oso polita izan zuen. Pentsa, Filmin-era ere iritsi zen!
Orain, berriz, musika taldeen kasuan gertatzen den fenomeno bat aipatzen da: bigarren diskoaren madarikazioa. Presioa sentitu dut, baina aldi berean, presio absurdoa izan da. «Publikoak gogoan izango du lehen bakarrizketa, eta horren arabera, bigarrena aurrekoarekin konparatuko du», pentsatu izan dut, eta ideia horrek estutu izan nau. Baina, esango nuke, oro har, publikoari bost axola zaiola. Ondo pasa nahi dute, eta kito. Horregatik, estrategia merke bat erabiliz, neronek diot okerragoa dela.
Pozik zaude, beraz, 'Nekatutak' bakarrizketak izandako erantzunarekin. Ikuskizun horretan, zuzentasunaren mugak esploratzen saiatu behar zenuen. Lortu zenuen?
Askotan, sortzen ari naizenean, erreakziotik asko behar izaten dudala jabetu izan naiz. Inguruan ikusten dudanaren kontraste bat bilatu nahi izaten dut. Nekatutak estreinatu nuenean, euskaraz komedia egiten zela ikusi nuen, baina, oro har, atseginegia. Umorearen mugei telebistarenak gehitu zitzaizkien. Horren aurrean, lokatzetan sartzera erabaki nuen. Horretan aritu ginen, eta mugak esploratu genituen. Tentsio momentu gozoak eta gaziak bizi izan nituen, bereziki kolektibo zaurgarriez hitz egin nuenean.
Izan ere, psikologoak, ETA, Ertzaintza, irakasleak... aipatzen zenituen. Honetan, berriz, zure izenaz, zure bikotekideaz, eta abarrez ariko zara. Pertsonalagoa da?
Bai, zalantzarik gabe. Besteak beste, neure buruarekin dudan harremanaz eta neska lagunarekin daukadanaz ariko naiz. Egunerokoan, harreman horiek definitzen gaituzte, eta horiek dira egunerokoan presenteen ditugunak. Horiek plazaratu nahi ditut, eta horiekin batera, beste mordo bat ere bai.
Esaterako, bertsolari ez izateaz hitz egingo duzu. Noizbait pentsatu al duzu ba bertsotan aritzea?
«Hau bertsolaria izango da», esaten zuen nire amonak, eta zorionez, ez zuen asmatu.
Oholtzan aritzen zara, behintzat. Bazuen susmoren bat, beraz.
Bai. Nik ez dut errimatzen, eta tartean, badira desberdintasun gehiago. Horiek ikuskizunean definitzen ditut. Bertsolariei egur pixka bat ematea ere ondo dago.
Hiriburuetan hasiko zara emanaldiak eskaintzen, eta Donostian jada agortu dira sarrerak. Hordagoa bota eta herriak erantzun egin du.
Herriak, hiriak, Europako kultur hiriburuak, dena delakoak, erantzun du, bai. Jabetuta nago Donostian eta Donostia inguruan zaletasun handia dagoela komediarako. Donostiako bi saioetarako sarrerak, salgai jarri eta segituan agortu ziren, eta lagun askok eskatzen zidaten hirugarren data bat jartzeko bertan, ni ikustera joan nahi zutelako. «Bilbon ere egin behar dut», esaten nien nik. «Bai, baina nik Donostiara joan nahi dut». Gogoa zuten ni ikustera joateko, baina Donostiara arte, Bilboraino ez.
Donostian, edo Gipuzkoan behintzat, errazagoa al da sarrerak saltzea?
Ez nuke esango. Zintzotasun osoz, Donostiakoa ez da Kursaalean izango. Hiriko antzoki txikienetako batean izango da, Antiguo auzoko Imanol Larzabal aretoan –Lugaritz–. Oso aproposa da zuzeneko komediarako, eserlekuen egituragatik. Babes giro ederra sortzen da. Lehen bakarrizketarekin egon nintzen bertan, eta oso gustura sentitu nintzen. Hala ere, ez dut sold out-aren kultura sustatu nahi. Sarrerak agortzen badira, oso kontentu egongo naiz, baina harrokeriarik gabe.
Azken hilabeteetan herri txikietan aritu zara, saio txikiak egiten, txisteak eta probatzen, ezta?
Euskal komikoen artean multzo txiki bat sortu dugu, eta tarteka, saio batzuk egiten aritzen gara, hirunaka edo launaka. Saio horiek baliatu nahi izan ditut NININI bakarrizketako zati desberdinak probatzeko eta publikoaren erreakzioa ikusteko.
Nolako sentsazioak izan dituzu saio horietan? Ibarran, esaterako, Gazte Festetan egin zenuen proba.
Askotariko sentsazioak izan ditut. Ibarrakoa data aproposa zen niretzat. Udako oporren aurretik, bertan proba egin, eta udara lasai pasa ondoren, saioa estreinatzea zen nire asmoa. Saioa, ordea, arraroa izan zen. Igande arratsaldea zen, gehiegikeriaz betetako larunbat baten biharamuna, eta bero dezente egiten zuen gaztetxe barruan. Hala ere, susto txiki bat hartu nuen publikoaren erreakzioarekin. Zalantzak izan nituen ondorengo egunetan. Mamu hori pixkanaka handitzen joan zen, eta egun batzuk beranduago, sekulako krisia izan nuen. «Ez daukat ezer», pentsatzen nuen. Nik ere asko estutzen dut neure burua horrelako egoeren aurrean. Ondorioz, Algortako Azebarri Euskara Elkarteko lagunengana ate joka joan behar izan nuen, bertan entsegu moduko saio bat egiteko. Egin nuen, eta lasaiago atera nintzen. Gerora, udan zehar, Ibarrako saioan egondako batzuekin topo egin dut, eta saioa oso ona iruditu zitzaiela esan didate. Beraz, lasaiago nago.
Hiriburuetan aritzeaz gain, nazioarteko bira ere egingo duzu, Madrilen eta Bartzelonan.
Berriketa. Julen Caminos lagun eta Bidean produkzio etxeko arduradunetako baten bitartez lortu dut bertan aritzeko aukera. Areto txikietan izango dira saio horiek, eta aukera ederra izango da. Euskaldun asko dago bi hirietan, eta esan didatenez, euskarazko ikuskizunetara joateko joera handia izaten dute. Militantzia handia omen dago. Argi utzi nahi dut euskaraz izango direla.
Umorea gauza serioa dela esandakoa zara.
Badira esaldi batzuk katiluetan jartzeko modukoak. Gauza serioa da, eta ez. Umorea behar da egin, kontsumitu eta ondo pasa. Eta noski, ondo landu. Zentzu horretan, irudipena dut askok arinkeria modura hartzen dutela. Umorea egiten hasita, maite dut buelta bat baino gehiago eman eta seriotasunez aritzea.
Txiste bati baino gehiagori hamaika buelta emango dizkiozu...
Bai. Hala ere, txisteak ez dira etxean amaitzen. Publikoaren erreakzioa behar izaten dute. Musikari batek abesti bat egiten duenean, estudioan grabatzen du, eta hori izaten da abestia. Kasu honetan, idazketa fase horretan ere, ezinbesteko elementua da publikoa. Buruan era bateko txistea izan dezakezu, baina ondoren, publikoarekin partekatzerakoan, erreakzio batzuk ikusten dituzu, eta «akaso, ez da oso ondo ulertu», pentsatzen duzu. Horren arabera, moldatzen aritu behar izaten dut.
Gaur egun, zein da zure ustez euskal umorearen egoera? Osasuntsu dago?
2021ean, Nekatutak estreinatu nuen, besteak beste, hori zelako nuen aukera bakarra. Herri batean eta bestean ari nahi badut, elkarlanerako aukera gutxi nituen. Buruan banuen ideia bat bizpahiru lagunen artean saioak osatzeko, baina garai hartan, inguruan, behintzat, ez nuen aukerarik topatu. Orain, errazagoa da horrelako aukerak izatea. Aurtengo udan, adibidez, emanaldirik ez egitea erabaki nuen, atseden hartzeko, baina etengabe ikusi ditut hango eta hemengo jaietan antolatutako emanaldiak. Bakarrizketari sare handia osatzen dugu, eta loraldi moduko bat bizitzen ari garela iruditzen zait.
Etengabe ari zara umoreari tiraka, irratian ez bada, telebistan, bestela, X sare sozialean. Zeure buruan beti pentsatzen duzu txisteetan eta hitz-jokoetan. Ba al duzu era formalean hitz egiteko ohiturarik?
[Barreak] Deformazio profesionala edo lanbidearen ajea izango da. Umoreak babes erreminta modura ere funtzionatzen du. Nik tentsioa ez dut bereziki gustuko, ez naiz batere zalea, eta bilera batean ere joera handia izaten da seriotasun handiz hitz egiteko. Horrelakoetan, urduri jartzen hasten naiz, eta txisteren bat edo kontatzen dut, ukendu modura, giroa lasaitzeko. Askotan, biziraute ariketa bat izaten da niretzat. Baina, nahi izanez gero, serioski hitz egiteko ere gai naiz, ekonomiaz, esaterako.
Gastronomia oso gustuko duzunez, horretaz ere hitz egin ahalko zenuke serioski, ezta?
Hor, adibidez, broma gutxi! Sukaldean ari naizenean, kontzentratuta egoten naiz.
EMANALDIAK
Irailak 27. 21:00. Gasteiz. Jimmy Jazz aretoa.
Urriak 4 eta 5. 19:30. Donostia. Imanol Larzabal aretoa (Lugaritz). Sarrerak agortuta.
Urriak 17. 20:00. Bilbo. Campos Eliseos antzokia.
Urriak 18. 19:00. Urruña. Itsasmendi aretoa. Sarrerak agortuta.
Urriak 26. 19:00. Iruñea. Nafarroako antzerki eskola. Sarrerak agortuta.
Azaroak 23. 20:15. Bartzelona. Paral-lel 62 aretoa.
Azaroak 30. 18:00. Madril. Clamores aretoa.
*Sarrerak erosteko: Anttontelleria.eus.