Berehala hasiko dute ikasturtea Tolosako Lacunza akademian. Aurten ere, eskaintza zabala dute eskuartean ingelesa zein frantsesa ikasi nahi duenarentzat. Bost urtetik aurrerako edonork eman dezake izena, bide hauetako bat erabiliz: academia@lacunza.es helbidera mezua idatziz, 943 464 700 zenbakira deituz, edota Tolosako Lopez Mendizabal pasealekuko 1 zenbakian dagoen bulegora bertaratuz.
Egun osoan zehar dago klaseak jasotzeko aukera, bakoitzak duen mailaren, asmoen eta aukeren arabera. «Ikasle askok ezin izaten dute arratsaldean etorri, eta horientzat, goizez antolatzen ditugu klaseak». Gainera, matrikulatzeko ez dago epe edo mugarik. «Ikasturtea hasi eta geroago izena eman nahi duenak ere izango du aukera. Zein maila duen ikusiko genuke, eta talde batekin edo bestearekin elkartuko genuke».
Batez ere, titulu ofizial bat lortzeko azterketarako prestaketa klaseak jasotzeko aukera dago Lacunzan: Haurrei begirako ziurtagiriak Starters, Movers eta Flyers, Key (A2), Preliminary (B1), First (B2), Advanced (C1) eta Proficiency (C2). Lacunza akademia Cambridge English-eko Platinum aintzatespena duen zentro bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan. «Horri esker, titulu ofizial guztietarako azterketetan izena emateko aukera dute akademiako ikasleek». Akademiako irakasleak arduratzen dira kudeaketaz.
Titulu horietako bat lortzea izaten da akademiako ikasle gehienen helburua. «Askok, batxilergoa amaitzerako lortzen dute. Hala ere, batxilergoa amaitu eta oraindik titulurik lortu ez dutenek ere klaseekin jarraitzen dute, unibertsitatean egonagatik». Azken urteetan, akademian ohartu dira ikasleek geroz eta titulazio maila altuagoa lortu nahi izaten dutela, eta geroz eta azkarrago, gainera. «Lehen First-a lortzera etortzen ziren eta, orain, Advanced-a nahi izaten dute, baita Proficiency-a ere. Aurten, esaterako, 15 urteko ikasle batek, Proficiency ziurtagiria eskuratu du».
Ikasle gehienak 12 urte ingururekin hasten dira hizkuntza akademietan ikasten. Lacunzako irakasleentzat, ordea, berandu izan daiteke. «Eskolan txikitatik ikasten dute ingelesa, baina ez dute ohitura handiegia izaten gero eskolaz kanpo praktikatzeko. Horregatik, garrantzitsua da gazteagoak direnean etortzen hastea, eta gero, irakaslearekin eta ikaskideekin ahalik eta gehien hizkuntza horretan hitz egitea. Horretara bultzatzen ditugu, urduritasunari eta lotsari aurre egiteko».
Diotenez, hizkuntzarekiko izaten den beldurra kentzen zaio txikitatik ingelesa ikasten hasita. «Txikienei ez zaie hizkuntza arrotz egiten, ohikoa zaie, eta adinean aurrera egin ahala, lasaiago egoten dira ikastetxean ere, irekiago daude eta hobeto ikas dezakete». Esan ohi da ahoskera ere hobea izaten dela txikitatik ikasten bada.
Erosotasuna, arintasunetik
Ingelesez edo frantsesez ondo eta egoki hitz egiteaz gain, ikasleak eroso sentitzen direla ziurtatzea da Lacunzako irakasleen helburua. «Akademiara etorri eta aurrerapausoak ematen ari direla jabetzea nahi dugu. Askatasun eta segurtasun handiagoarekin eta behin eta berriz atzerriko hizkuntza batean hitz eginez gero, konfiantza eta motibazio handiagoa izaten dute, ikasten jarraitu nahi izateko». Horri esker, atzerrira lanera edo bidaiatzera joateko beldur edo kezka hori galtzen dutela azpimarratu dute.
Akademiako irakasleen esanetan, guraso askok klaseak serioak eta astunak direla pentsatzen dute. «Ez da horrela. Saio atseginak eta dibertigarriak dira. Ordu eta erdi luze egin dakioke edonori, baina bloke txikietan banatzen ditugu klaseak, ikasleentzat ere ahalik eta arinena izan dadin. Gainera, esperientzia handiko eta ondo prestatutako irakasle taldea dugu. Hala ere, ahalik eta gutxien hitz egiten dute, ikasleek euren artean gehiago hitz egin dezaten».
Hizkuntza berri bat ikastea ez da ariketa samurra izaten, baina nabarmendu dutenez, Lacunza akademiara joaten diren ikasleak «gustura» egoten dira, eta «denbora gutxian, hobekuntza nabarmenak» izaten dituzte. Ikastetxeekin alderatuta, kopuru murritzeko taldeak dauzkate. «Horrek, ikasle bakoitzari arreta handiagoz kasu egitea errazten du, bakoitzak non dituen arazoak edo non nabarmentzen den hautematea errazagoa da».
Helduentzat ere, aukerak
Arestian aipatu moduan, adin guztietako ikasle taldeak izaten dituzte. «Haurrentzako klaseak ludikoak dira, ipuinak eta abestiak oinarri dituztenak». 55 urtetik gorakoentzat ere badago aukera; astean behin elkartzen dira, goizez eta pare bat orduz. Gutxiengoa da, eta jende gehiago animatzea nahiko lukete. Gehienbat erretirodunak dira saio horietara animatzen direnak. «Batez ere, bidaiatu nahi dutenentzat edo erretiroa hartu ondoren aisialdian burua aktibo mantendu nahi dutenentzat daude bideratuta».
Bestalde, badute talde bat ahozkotasuna soilik lantzen duena. B2 maila inguruan dabiltzanak dira, ingelesez hitz egiteko soltura hori bilatzen dutenak. «Bakoitzak bere erritmoan eta bere mailan, solasaldiak egitera bultzatzen ditugu. Irakaslea zuzentzeko eta beharrezko hiztegia eskaintzeko egoten da».
LACUNZA HIZKUNTZA AKADEMIA
- Webgunea. Lacunza.es
- Telefono zenbakia. 943 464 700
- E-posta. academia@lacunza.es
- Tolosako zentroak. Lopez Mendizabal pasealekua, 1, eta Rondilla kalea, 2.
- X. @lacunzaih
- Facebook. Lacunza-ih
- Instagram. @lacunzaih