Zabaldu dute izena emateko epea Aitzol Udal Euskaltegian

Ataria 2024ko ira. 4a, 17:00

Irailaren 20a izango da azken eguna ikastaroetan izena emateko; hainbat mailatan udalak handitu egin ditu tolosarrek euskara ikasteko diru laguntzak.

Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak Euskaraz hartu hitza! lelopean zabaldu du izena emateko epea, eta irailaren 20a izango da horretarako azken eguna. Tolosarrek zein inguruko herrietako biztanleek egin dezakete matrikula, eta «maila guztietan» eskainiko dituzte eskolak, A0 mailatik C2 mailara. Ikasleei «ahalik eta erraztasun handienak» ematea helburu, goizez zein arratsaldez aritzeko antolatu dute eskaintza eta hainbat ikasketa eredu ere prestatu dituzte, besteak beste, aurrez aurreko eskolak, autoikaskuntza eta mintzataldeak.

Tolosako Udalak «erraztasun handiagoak» jartzea helburu, aurten handitu egin ditu diru laguntzak, esate baterako, B2 mailara arte, matrikularen % 5 ordainduko dute Tolosan erroldatuta dauden ikasleek, betiere, baldintza batzuk betetzen badituzte, horien artean,eskoletan,  gutxienez, % 85eko asistentzia izatea eta «errendimendu ona»; zehaztutako baldintza horiek bete ezean, ikasleek matrikula osoa ordaindu beharko dute.

Esate baterako, hasierako A0 mailan, astean zortzi orduko taldean, 461,70 eurokoa da matrikula osoaren kostua. Bada, ikasle tolosarrek 23,09 euro ordainduko lukete ikasturte hasieran, eta, aipatutako baldintzak betez gero, gainerako zatia udalak jarriko luke.

Gainerako mailetan ere handituko du laguntza udalak, hain zuzen, C1 mailan, matrikularen % 75 ordainduko luke, eta C2 mailan, % 50. Dirulaguntza horiek eska ditzateke beste euskaltegi batzuetan diharduten tolosarrek ere, ezberdintasun batekin: gainerako euskaltegietan osorik ordaindu behar dute matrikula lehenik, eta ikasturte amaieran eskatu dirulaguntza, udalak deialdia zabaltzen duenean.

Pauso bat bidean
«Doakotasunera begira» udalak eman duen urratsa goraipatu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Euskara sustatu eta biziberritzeko bidean, gure hizkuntzan murgildu nahi duen orori –edozein dela ere bere maila– erraztasunak ematea da gure helburua, euskara ikastea eskubide gisa ulertzen dugulako. Azken urteotako joera ona izan da matrikulazioei dagokienean, eta ea neurri hauek ere joera hori areagotzen laguntzen duten».

Hari berari tiraka, Josebe Izagirre euskaltegiko zuzendariak nabarmendu du eskualdeko udalek «sekulako lana» egiten dutela ikastaro horiek diruz laguntzeko, baina Tolosakoak baduela ezaugarri bat: «Tolosako Udalak diru laguntza aurreratu egiten du eta, horrela, ikasleentzat errazagoa da matrikulari aurre egitea».

Izena emateko euskaltegira bertaratu behar da, horrela, ikaslearen abiapuntuko gaitasuna zein den aztertuko baitute. Astelehenetik ostiralera daude zabalik; goizetan 09:00etatik 13:00etara eta, arratsaldeetan, 16:00etatik 19:30era. Informazio gehiago jasotzeko, berriz, mezua bidal daiteke aitzolue@tolosa.eus helbidera edo deitu 943 65 10 06 telefono zenbakira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!