Bedaioko jaiak 2024

Bedaiotarrak ere festa giroan murgilduko dira

Ataria 2024ko ira. 4a, 11:57

Ostiral arratsaldean hasiko dira jaiak; igandera bitarte, kultura, kirola, tradizioa eta gastronomia uztartuko dituzte.

Udako oporraldiaren amaierarekin batera, festa giroan murgilduko dira Bedaion. Aurten, irailaren 6tik 8ra ospatuko dituzte jaiak. Hiru egunez, kulturarekin, kirolarekin, tradizioekin eta gastronomiarekin zerikusia duten ekitaldiak izango dira, herritar zein bisitarientzat.

Gastronomia jarduerei dagokienez, patata tortilla lehiaketa, pintxo dastaketa, zahagiardoa —edaria eta kafea elkartearen kontu— eta herri afaria antolatu dituzte. Horrez gain, goizaldera, baratxuri-zopa eta txokolate beroa eskainiko dituzte, tradizioari eutsiz. Kultur eskaintzari erreparatuta, Amezketako dantzarien saioa, antzerkia eta erromeriak izango dira. Horiez gain, inoiz huts egiten ez duen ekitaldia: igande arratsaldeko Bedaioko ingurutxoa.

Kirol ekitaldi nagusia Larrañeta 124 kiloko harri baldarraren txapelketa izango da. Zortzi harri-jasotzailek parte hartuko dute: Aimar Galarraga, Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Imanol Royo, Iraitz Arruti, Jagoba Otaegi, Mikel Lopetegi Urra, Paulo Azpiazu eta Xabier Aranburu Guzta. Gainera, Maddi Gesalaga eta Olaia Esnaola harri-jasotzaileek erakustaldia egingo dute.

BEDAIOKO JAIAK 2024
  • Irailak 6, ostirala
    • 19:00. Jaien hasiera, suziriekin.
    • Jarraian. Amezketako dantzariak.
    • 20:00. Patata tortilla lehiaketa eta pintxo-potea.
    • 21:00. Zahagiardoa.
    • Ondoren. Elustondo anai arrebekin erromeria.
    • Goizaldera. Baratxuri-zopa eta txokolate beroa elkartean.
  • Irailak 7, larunbata
    • 11:30. Bedaioko Pilota Txapelketako finalerdiak.
    • 17:00. Haurrentzako jolasak frontoian eta txokolatea.
    • 18:00. Antzerkia: Grim anaien parkea familia ikuskizuna.
    • 21:00. Herri afaria.
    • Ondoren. Erromeria: Izer eta Alabier, eta Ansorregi eta Larrañaga.
    • Goizaldera. Baratxuri-zopa eta txokolate beroa elkartean.
  • Irailak 8, igandea
    • 11:00. Meza nagusia Andra Mari elizan.
    • 12:00. Pilota txapelketako finalak.
    • 18:00. Bedaioko Larrañeta harri baldarraren txapelketa.
    • Jarraian. Bedaioko ingurutxoa.
    • 21:00. Pintxo dastaketa Artubi kultur elkartean: mondejua eta ardi gisatua.
    • Ondoren. Jaien amaiera, suziriekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!