Martxan jarri da Tolobolei klubak antolatzen duen hondar gaineko XIV. Boleibol Txapelketa. Gaur arratsaldean hasi dira jokatzen partidak, eta ostirala bitarte arratsaldez ariko dira lehian izena eman duten 24 taldeek. Larunbata goizean izango dira kanporaketak, eta arratsaldean jokatuko da finala.
Aurreko urteetan baino talde gutxiagok eman dute izena aurten txapelketan. Antolakuntzatik jarri duten baldintza baten ondoren etorri da parte hartzaileen kopuruan jaitsiera, Jose Luis Garcia Tolobolei klubeko kideak azaldu duenez: «Txapelketa antolatzen hasi zenean, 2010ean, larunbat batean egiten zen. Gero, 2017an, Tolobolei kluba sortu zen, eta orduan 200 bazkide zeuden, eta iaz bakarrik 40 bazkide geunden. Beraz, batzar orokorrean ikusi zen bazkideak behar zirela, edo bestela kluba desagertzeko zorian egon daitekeela. Horregatik, erabaki zen txapelketan parte hartuko duten talde bakoitzeko jokalarien %51k Toloboleiko bazkide izan behar dutela».
Garciak azaldu du bazkide izateko kuota txikia dela: «Urtean 50 euro dira, hau da, hilean bi garagardo hartzea bezala». Badakite jendea kexatu dela neurriarengatik, baina beharrezkoa zela argudiatu du Toloboleiko kideak: «Kluba mantentzeko eta era berean txapelketa mantentzeko ezinbesteko neurria dela ikusi da. Ez badago bazkiderik, ezingo litzateke kluba mantendu eta ez litzateke posible izango txapelketa hau antolatzea».
Talde bakoitzean lau jokalari aritzen dira kantxan jokatzen, baina taldekide gehiago izan daitezke. Hasieratik izan zen moduan, txapelketa mistoa da, eta, beraz, beti kantxan gutxienez mutil bat edo neska bat izan behar da talde bakoitzeko. Jokalariek Tolosaldekoak izan behar dute, eta antolatzaileek txapelketaren izaera herrikoia mantentzea dute helburu: «Talde batzuetan badago jendea maila bat duena, baina beste batzuk gurasoz eta seme-alabez osatuta daude. Hori da txapelketa honek duen alde politena, jendea animatu dadila boleibolean jokatzera».
Jardunaldiak 16:45ean hasiko dira astean zehar eta azken partida 23:00ak aldera hasiko da. Ostiralean gehiago luzatuko da eta gauerdi inguruan hasiko da azken partida. Larunbatean kanporaketak 10:00etan hasiko dira, eta finala 20:00ak aldera hastea espero dute, beti ere aurreko partidek irauten dutenaren arabera. Norgehiagokak 21 puntutako set bakarrera izango dira, eta final-laurdenetatik hasita, hiru setetara onena denak irabaziko du partida.
Sailkapen fasean lehen zortzi postuetan geratzen diren taldeak zuzenean final-zortzirenetara sailkatuko dira, eta beste hamasei taldeek lehen kanporaketa jokatuko dute. «Gure asmoa taldeek ahalik eta partida gehien jokatzea da», esan du Garciak.
Larramendi auzoko plazan ari dira jokatzen aurtengoan. 2021ean jokatu zen lehen aldiz auzo horretan, eta Euskal Herria plazarekin eta Plaza Berriarekin txandatuz joaten da. Euria iragarrita dago egunotarako, baina horregatik ez direla partidak jokatu gabe geratuko azaldu dute antolatzaileek. Bestalde, txosna bat jarri du klubak Larramendiko plazan, eta txapelketa girotzeko musika izango da uneoro. Horrez gain, ostiraleko eta larunbateko partidak zuzenean emango dituzte Toloboleiren Youtubeko kanalean.
200 JOKALARI KLUBEAN
Tolobolei klubean gaur egun 200 neska eta mutil daude izena emanda, alebinetatik hasi eta senior maila arte. «Horrek gastu asko suposatzen du klubarentzat», esan du Garciak, eta klubaren hasieratik gauzak asko aldatu direla dio: «Oso handia egin da Tolobolei. Hondartzan jokatzeko-eta hasi zen eta orain 200 neska-mutil izateaz gain, beste gaztetxo askori ezezkoa eman behar diegu, ez dugulako azpiegitura nahikorik entrenatzeko, eta entrenatzaile faltan ere bagaudelako».
Klubak Ferialekua erabiltzen du entrenatzeko, baina atera behar izaten dute bertatik. «Ganaduaren azoka egiten da eta Abesbatza Lehiaketa dela-eta ere erabili egiten dute. Bertatik hiru bat aste atera egin beharko gara. Inauterietan ere atera egin behar izaten dugu, eta horrek jendea asko erretzen du, ezin dugulako behar bezala entrenatu gaztetxoekin. Batetik bestera ibiltzen gara, eta egokia izango litzateke azpiegitura bat izatea barruko kirola egiten dutenentzat».