ELKARRIZKETA

«Gaur egun, ikaragarria da lehiakortasuna; erlojuari begira doaz etengabe»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 8a, 07:59

Iñaki Arratibel Imaz, Berazubin. J.A.D.

Zama nahiko handia gainetik kenduta sentitzen da Iñaki Arratibel Imaz kirol mediku tolosarra. Erretiroa hartu berri badu ere, Tolosa eta inguruko kirol talde batzuekin lanean dihardu oraindik. 

Iñaki Arratibel Imazen (Tolosa, 1985) kontsultatik Berazubi estadiora metro gutxi egongo dira, baina aurrerantzean, urrutiago ikusiko ditu bere bigarren etxe izan diren bi lekuak. Ia 40 urteren ondoren, pasa den larunbatean, abuztuak 31, erretiroa hartu zuen kirol mediku tolosarrak. Bere ikasketetako garaiekin ekin diogu gaurko lasterketari. Alemaniako esperientziaz, medikuntza arloaren garapenaz, paziente modura izan dituen kirolariez, Abraham Olanoz eta dopinaz aritu gara ondoren. Ea helmugara aho zapore onarekin heltzen garen.

Gaztetan oso argi omen zenuen kirol mediku izan nahi zenuela.

Bai. Oso gustuko nituen fisiologia eta medikuntzako beste zenbait adar. 17 urterekin hasi nintzen unibertsitate-ikasketak egiten, eta amaitzean kirol mediku izan nahi nuen, ez beste ezer. Orduan, hemen, lesioen tratamendua, ortopedia eta traumatologia arloak soilik lantzen ziren, eta banekien hemendik kanpo aukera handiagoak nituela. Ondorioz, urrats hori ematea erabaki nuen.

Orduan, kirolik praktikatzen zenuen?

Gaztetan, ia denetik. Iraupen eskian, esaterako, Espainiako Txapelketan parte hartu nuen. Futbolean ere aritu nintzen, Urdina Txiki taldean, baita eskubaloian ere.

Valladoliden (Espainia) egin zenituen ikasketak. Nolako urteak izan ziren?

Oso politak. Garai hartan, asko joan ginen bertara medikuntza-ikasketak egitera. 3.000 euskaldun inguru izango ginen. Giro oso ona egoten zen: euskaldunon asanblada sortu zuten, abesbatza bat ere bai, eta euskara klaseak ematen ziren. Asteburuetan bertan gelditzen ginen denok, garraiatzeko aukerak ez zirelako gaur egun bezain onak. Lagun eta ezagun asko ditut ordutik. Valladoliden, gainera, eskubaloian jokatzeko aukera izan nuen, bertako talde batean. Beranduago, Tolosara itzuli nintzenean, eta Alemaniara joan arte, herriko taldean jokatu nuen.

Hain justu, 1987an joan zinen Friburgora (Alemania). Egonaldi hura, inflexio-puntu izan zen zuretzat.

Hemen egindako harremanei esker, herbeheretar batekin kontaktatu nuen. Berak gomendatu ninduen Alemaniara joatea, bertan gehiago ikasteak merezi zuelako. Orduan, alemana ikasten hasi nintzen. Bertara iritsi nintzenean, medikuntzako alor guztietan gu baino 25 urte aurrerago zihoazela jabetu nintzen, besteak beste, fisiologian eta kardiologian.

 

«Medikuntzako alor guztietan gu baino 25 urte aurrerago zihoazela jabetu nintzen Alemanian»

 

Irakasle batengana joan nintzen, zenbait galderekin. Alemaniarra zen, erabat: ez zizkidan erantzun, eta liburu batzuk eman zizkidan. «Irakurri eta gero hitz egingo dugu», esan zidan. Harrituta geratu nintzen. Gutxienez erantzun bat ematea espero nuen. Kontua da, liburu haiek irakurtzen hasi nintzenean jabetu nintzela berrienak 25 urte zituela. Hortaz, zeharka, 25 urte lehenago erantzunda zeuden galderak egin nizkiola esan zidan irakasle hark.

Eta hemen hasi zinen bertan ikasitakoa praktikan jartzen?

Beka baten bitartez joan nintzen, eta berez, beste urtebetez edo bi urtez bertan geratzeko aukera nuen. Esperientzia ederra izan zen, baina emaztea eta bion nahia etxera itzultzea zen. Orduan, kuadrillako lagun bat zen Tolosa CF klubeko lehendakaria, eta Berazubin zegoen barrakoi batean zentro bat irekitzeko aukera eskaini zidan. Nolabait ere, kirol medikuntza zentro bat irekitzeari esker, Tolosa eredu izatea nahi zuten. Gaur egun, klub gutxitan egiten dira kirolarien mediku azterketak Tolosan egiten diren bezala. Duela 35 urte hasi ginen eredu horrekin.

Ikasketak duela 40 urte egin zenituen, eta noski, orduko ikasketek eta gaur egungoek ez dute zerikusirik izango. Nola edo zertan aldatu dira?

Gorputz baten oinarria ez da inoiz aldatuko, eta gorputz guztietan gertatzen diren aldaketa fisiologikoak berdinak dira. Fakultatean askotan esan izan diet hori ikasleei. Gaur egun, baina, gorputzeko gune gehiagotara errazago iristeko aukera dugu, eta neurketa eta azterketa zehatzagoak egiten ditugu. Pultsometroaren garapena da horren adibide bat. Duela gutxi, noizbait kontsultako kaxoian gorde nuen pultsometroa irakurtzeko aparatu zahar bat topatu nuen. «Nola aldatu diren garaiak!», pentsatu nuen orduan. Gaur egun, beste modu batera egiten da lan; esaterako, bluetooth-a erabiliz lortu daitezke bihotz taupaden inguruko datuak.

 

«Gorputz baten oinarria ez da inoiz aldatuko, eta gorputz guztietan gertatzen diren aldaketa fisiologikoak berdinak dira»

 

Hala ere, medikuntza, oro har, asko aldatu eta hobetu da, batez ere, diagnostikoei dagokienez. Gu unibertsitatean geundenean, erradiografiak besterik ez zeuden, eta ekografiekin ere hastera zihoazen; nik Alemanian egin nituen ekografiaren inguruko ikasketak. Geroago, lehen erresonantziak heldu ziren. Kirol medikuntzan, gainera, aldaketa handiak izan dira, batez ere, makinerian. Gaur egun, momentuan jakin daiteke kirolari batek daraman erritmoa, unean uneko osasun egoera edota egiten dituen akatsak. Hori, lehen, ezinezkoa zen.

 

«Gaur egun, beste modu batera lan egiten da, eta bluetooth-a erabiliz lortu daitezke bihotz taupaden inguruko datuak»

 

Fakultatea aipatu duzu lehen. Izan ere, ikasketen bilakaera horren lekuko izan zara irakasle garaian. Zer moduzko esperientzia izan da?

Ona. Oso gustura aritu naiz, irakasle izatea asko gustatu izan zaidalako beti. Ez dakit gaztetzeko modu bat ote den. Nire ikasleak beti ziren adin berekoak, eta ni urte batetik bestera helduagoa nintzen. Horrek asko lagundu ninduen, beste mentalitate bat izateko, gauzak modu askotara ulertzeko edota ikuspegi desberdinak izateko. Kontsultan ere paziente asko gazteak dira, baina fakultatean beste modu bateko harremana nuen ikasleekin.

Tolosa Kirol Medikuntza zentroa aipatu duzu. Hori izan zen zure abiapuntua.

Ezagun askok galdetzen zidaten hasieran ea kontsulta Donostian jarriko ote nuen, baina nik herrian lan egin nahi nuen. Hemen lan egitea oso ondo dago, eta, gainera, Tolosa CF klubarekin elkarlanean aritzeak laguntza handia eman zidan.

Horrekin batera, talde profesional askoren mediku izan zara.

Bai, eta asko ikasi dut egon naizen talde guztietan. Askotariko egoerak kudeatzen ikasi dut. Txirrindularitzan, adibidez, geroz eta ezagunagoak diren garaiera jakin batetik gora egiten diren entrenamenduetan egoteko eta bertatik bertara jarraitzeko aukera izatea handia da. Etapetan ere egon izan naiz, eta txirrindulariei unean bertan zer egin dezaketen edo nola jokatu beharko luketen esateko aukera izan dut.

Zenbat kirolari pasa ote dira zure eskuetatik... Zein izan da onena?

Abraham Olano. Ia denek lotzen naute berarekin; nire bizitza markatu duen kirolaria izan da. 1995ean Kolonbian Munduko Txapelketa irabazi ondoren, zenbait talderen eskaintzak jaso nituen. Banestora joan nintzen, eta kirolari gehiagoren mediku ere izan nintzen.

 

«Ia denek lotzen naute Abraham Olanorekin; nire bizitza markatu duen kirolaria izan da»

 

Hain justu, Abraham munduko txapeldun izan zenean, hitz ederrak izan zituen zuretzat. Zer sentitu zenuen?

Poz handia. Oso polita da bere bizitzako momentu zoragarrienean zutaz gogoratzea. Batez ere, urte luzez egindako lanaren errekonozimendua izan zen. Nirekin hasi zenean, Munduko Txapelketa hura baino 6-7 urte lehenago, madarikatzen heltzen zen etxera, entrenamenduak oso gogorrak zirelako, baina, gerora, bilakaeraren emaitza ikusten hasi zen, eta konturatu zen urratsak ematen ari zela.

Berarekin lanean hasi zinenetik ikusi zenuen gaitasun handiko txirrindularia izango zela?

Bai. Banekien ona zela. Hala ere, argi nuen tentu handiz ibili behar nuela; txirrindulari asko ezagutzen ditut, gaztetan goi mailan aritu ondoren bidean gelditu direnak, profesionaletara heldu gabe, eta kasu askotan, kanpotik ezartzen den presioak eragin handia du. Fisikoki oso ona izateaz gain, psikologikoki ere prestatuta egon behar duzu. Lehenik eta behin, kirolari horrek zein urrats eman ditzakeen ikusi behar da, eta gero, pixkana, progresio bat garatzen joan, baina erotu gabe.

Abrahamen kasua, gainera, berezia izan zen. Pistako txirrindularia zen, eta errepidean aritu nahi zuen. Ni orduan Alemanian nengoen. Bere lehen proba ikusi nuenean, dohain handiko txirrindularia zela jabetu nintzen. Hala ere, lan handia egin behar izan genuen, pisuaren eta erresistentziaren aldetik.

Nor izan da diziplinatuena, kasu handiena egin izan dizuna?

Abraham bera. Beste bat aipatzekotan, Imanol Rojo. Abrahamek pisu egokia lortzeko lan handia egin zuen. Horrez gain, zein txirrindulari mota zen konturatu behar izan zuen; ez zen eskalatzailea, erlojuaren aurkako espezialista baizik. Imanolen kasuan, berriz, kontuan izan behar da iraupen eskian aritzen dela. Ia inor ez da kontziente lortzen dituen emaitzen garrantziaz. Munduko Kopako proba batean 35. izatea ikaragarria da. Bere aurretik, norvegiarrak, suediarrak, errusiarrak eta beste bizpahiru sailkatzen dira. Kirolari batek oso konbentzituta egon behar du gisa horretako emaitzak lortzeko, eta oso diziplinatua izan behar du.

Eta noizbait pentsatu al duzu, «kasu handiagoa egin izan balu...»?

Askotan, ez da bere errua izaten. «Diamante» gisa etiketatutako kirolari asko izan ditut; une honetan, bizpahiru izen etortzen zaizkit burura. Hala ere, «diamante» horiek ondo landu behar izaten dira, eta orduan izaten dira komeriak. Alde batetik, aholku batzuk entzuten dituzte, beste alde batetik, beste batzuk, eta halako batean, zorabiatu egiten dira. Ondorioz, nazkatuta amaitzen dute, eta albo batera uzten dute kirol ibilbidea.

Demagun, kirolari bat piramide bat dela. Ia beti, erpinari jartzen diogu arreta, bertan baitago interesgarriena, lortutako emaitzak alegia. Hala ere, oinarrian gauza garrantzitsuagoak daude, besteak beste, errutina, entrenamenduak eta zaintza. Horiek uztartzea da garrantzitsuena, piramidearen erpinera iritsi aurretik.

Kirol mediku izateaz gain, Tolosa CF klubeko lehendakaria ere izan zinen. Nolako garaiak izan ziren?

Oroitzapen onak ditut, baina momentu gogorrak izan ziren tartean. Zuzendaritzan sartu nintzenean, lan handia genuen egiteko, batez ere, instalazioen eraberritze lanak zirela eta. Erabaki asko hartu behar izan genituen, eta horietako batzuk ez ziren guztien gustagarri izan. Berazubiko igerilekua obrengatik kendu genuela uste dute askok, baina ekonomikoki bideragarria ez zelako kendu genuen. Baina momentu gogorrena, zortzi urteren ondoren lehendakari postua utzi behar nuenean, kargua hartzeko inor ez zegoela ikusi nuenekoa izan zen. Irtenbide bakarra kluba desegitea zelakoan nengoen. Beste aukera bat nik jarraitzea zen, baina ez nuen hori nahi. Estatutu berriak egin genituen, eta nahita ezarri genuen bi legealdiren ondoren lehendakari berri bat hautatu behar izateko araua.

Garai haietan berrikuntzak izan ziren klubean.

Bai. Emakumezko taldeak sortzen hasi ziren, lehenik futbolean, eta ondoren, beste kirol gehiagotan, eta sekulako gorakada izan zen. Urte gutxitan, klubeko kirolari kopurua %60 handitu zen. Hala ere, hori guztia kudeatzeko giza baliabide falta handia izan genuen. Kirolari askok nahi zuten talde bateko partaide izan, baina ez genuen prestatzaile nahikoa guztia aurrera eramateko. Horrez gain, instalazio kopurua urria zen. Azkenean, pixkana, egitura osatzen joan ginen.

 

«Emakumezko taldeak sortzen hasi ziren, eta urte gutxitan, klubeko kirolari kopurua %60 handitu zen»

 

Parisko Olinpiar Jokoak igaro berri dira. Inoiz izan al duzu edizioren bat bertatik bertara jarraitzeko aukera?

Bi ediziotan izan naiz, oraingoz, eta bietan, lanean: 1992an izan zen lehena, Bartzelonan. Espainiako Atletismo Federazioko medikua nintzen orduan, eta Olinpiar Jokoetarako mediku boluntarioak behar zituztela eta, aukera eskaini zidaten. Hamabost egun igaro nituen bertan; entrenamenduetako eta instalazioetako mediku izan nintzen. Esperientzia oso polita izan zen, Olinpiar Jokoak barrutik bizitzeko aukera izan nuelako. Bestetik, Pyeongchango (Seul, Korea) Neguko Olinpiar Jokoetan egon nintzen. Imanol Rojo izan zen bertan, eta ni Espainiako Eski Federazioko mediku izan nintzen.

Gogoan dut, lan egiteaz gain, Olinpiar Hiria ikusteko aukera izan genuela Bartzelonan. Orduan telebistan edo egunkarietan ikusten nituen kirolari asko gertuagotik ikusi ahal izan nituen, eta ezagutzen nituen zenbaitekin hitz egiteko aukera ere izan nuen. Kirola gustuko dugunontzat, eta kirol munduan murgilduta gaudenontzat, Olinpiar Jokoak barrutik bizitzea ikaragarria da. Edozein kirol dela, edozein hiri dela, zoragarria izaten da sortzen den atmosfera eta bizitzen den giroa.

Txirrindularitza aipatu dugu, eta honi lotuta, azken hamarkadatan bolo-bolo dabilen gaia da dopinarena. Zu, 2004an Phonak taldeko mediku arduraduna izan zinen, eta taldean zenbait positibo kasu izan ziren. Beranduago dimisioa aurkeztu zenuen. Zer gertatu zen eta nola gogoratzen duzu urte hura?

Oso gogorra izan zen, ez genuelako pentsatzen halakorik gertatuko zela. Orduan, egituraz desberdinak ziren taldeak. Gaur egun, gehiago kontrolatzen dituzte entrenatzaileak, medikuak, eta oro har, taldeak. Garai hartan, kirolari bakoitza bere kasa aritzen zen. Lehen kasua lasaitasunez eraman nuen. Txirrindulariak berak aitortu zidan positibo emango zuela, eta gerora adierazi zuen taldeak ez zuela zerikusirik, eta bere kontura egin zuela. Beste bi kasuetan, gerora konturatu naiz nor zebilen atzetik. Nik orduan banuen halako zerbaiten susmoa. Hala ere, oso gaizki pasa nuen. Kasu guztietan erantzukizuna nirea zen, berez, mediku arduraduna nintzelako. 16-17 txirrindulariz arduratzen nintzen, bost edo sei herrialde desberdinetakoak. Oso zaila zen kasu guztiak kontrolatzea.

Ordurako, taldeak kudeatzeko eta horrelako egoerak kontrolatzeko proiektu bat idatzita nuen. Analisiak eta kontrolak nola egin zehazteko eta taldea babesteko proiektu bat zen. Hala ere, UCI-k ez zigun uzten taldea kontrolatzen, eta ordura arte libre nengoenez, iskanbila gehiagotan ez sartzea erabaki nuen, eta etxean kargua uzteko esan zidaten. Orduan, dimisioa aurkeztu nuen. Urtebetera, taldea desegin egin zen. Talde indartsua zen, ekonomikoki botere handia zuena, baina pikutara joan zen dena.

Zein da kirolaren eta dopinaren inguruan duzun ikuspuntua? Zer da balekoa eta zer ez?

Nik beti esaten dut dopina tranpa dela, arau batzuk daudelako. Sustantzia batzuk osasunarentzat kaltegarriak direla planteatzen denean, esaten ari gara Osakidetzak ematen dituen medikazio batzuk jendearen kalterako direla, eta ez da horrela. Horiek medikamentu batzuk dira. Eta medikamentu batzuk erabili daitezke ondo, erabili daitezke gaizki, edo erabili daitezke gehiegi. Eta hor dago kontrolatu beharreko muga. Araudi bat dago eta onartu egin behar da; sustantzia batzuk debekatuta daude eta ezin dira erabili. Hala ere, sustantzia guztiak ez dira kaltegarriak osasunarentzat. Aurtengo Frantziako Tourrean, zenbait txirrindulariren abiadura ikusita, egindako esfortzuari buelta emateko, sustantzia jakin batzuk behar dira.

 

«Nik beti esaten dut doping-a tranpa dela, arau batzuk daudelako»

 

Eta zenbaterainoko erantzukizuna duzue kirol medikuek kasu hauetan?

Kirol medikuok jakin egin behar dugu mugara hurbiltzen, baina gainditu gabe. Hori da gure egitekoa. Goi mailako kirolariekin lan egiten duzu, eta gaur egun, kirola ikuskizuna da. Proba bat zenbat eta konplexuagoa eta gogorragoa izan, orduan eta jende gehiagok ikusten du, eta kirol medikuok kirolarien osasuna babestu behar dugu, eta aldi berean, bere errendimendua oso altua izan dadin ahaleginak eta bi egin.

Dopinaren kasuek, akaso, medikuen lana zikindu izan dute, baina asko ez dira kontziente ezinbestekoak zaretela. Zenbaterainoko garrantzia duzue kirol medikuek?

Geroz eta handiagoa. Asko ez dira konturatzen gorputzean dituzten arazoez; gehienak bihotzekoak izaten dira. Gaur egun, zorionez, esfortzu proba batekin antzematen ditugu arazo horiek. Paziente askoren amets edo helburuak zapuzten ditugu, baina beraien onerako izaten dira erabakiak. Mendi lasterketak direla, maratoiak direla edo Behobia-Donostia dela, askotan esan behar izan diegu «ez zaude prest». Hori oso gogorra izaten da. Bihotzeko arazoak dituztenen kasuan, berehala ohartzen dira egoeraren larritasunaz, baina bestelako kasuetan, askok ez dituzte gure aholkuak ulertzen. Norbere burua eta norbere ahalmenak ondo ezagutu behar dira, gero, errepideak edo mendiak jartzen zaituelako zure lekuan.

Kontua da, proba herrikoiak lehiaketa handi bilakatu direla. Geroz eta maila handiagoa dago, eta askok lotsa sentitzen dute, uste baino marka kaskarragoa egingo dutelakoan. Zein iritzi duzu?

Horretarako ez da beldurrik izan behar. Hala ere, nahiago ditut beldur direnak oso ausartak direnak baino. Beldur denak ziurtasun handiagoa izaten du beti, eta oso ausartak direnen artean gertatzen dira ezbehar handienak. Gaur egun, ikaragarria da dagoen lehiakortasuna, eta erlojuari begira doaz etengabe.

Elikadurak ere berebiziko garrantzia du. Asko aldatu al dira dietak eta nolako eragina izan dute kirolariengan?

Tendentzia guztietan gertatu moduan, moda asko izan dira. Kontzeptuak aldatu dira, besterik ez. Elikadurak lehen zuena bezainbesteko garrantzia dauka gaur egun. Lehen kirol medikuek egiten genituen dietak, baina gaur egun nutrizionistak daude, eta beti ez dute behar bezala ezagutzen kirolarien egoera. Proteina edo karbohidrato kopuru handiko eta txikiko dietak egon izan dira, baina kontzeptu fisiologikoa bakarra da, eta errespetatu egin behar da. Dieta funtsezkoa da, eta ezinbestekoa da jarraipen egoki bat egitea. Kirolari baten prestakuntzan beste atal bat da, baina ez da garrantzitsuena.

Soldatapeko lana utzi baduzu ere, kirol munduan jarraituko duzu. Zertan ariko zara?

Tolosaldeko eta Getariako arraun klubetan ariko naiz lanean. Horrez gain, prest nago osasunaren inguruko hitzaldiak emateko. Orain arte egin ezin izan dudana ere egingo dut, kirol probak lasaitasunez ikustea, alegia.

Aurrerantzean zertan eskertuko duzu erretiroa hartzea?

Arratsaldetan denbora gehiago izango dut. Ia inoiz ezin izan dut joan kultur edo kirol ekitaldi askotara. Lanaz aparteko aisialdiko momentu txiki horien falta sumatu izan dut gehien.

Eta zeren falta sumatuko duzu gehien zure lanetik?

Ziurrenik, lana bera. Horrenbeste urtez lan egin ondoren, asko kostako zait kontsultara ez etortzea.

 

Motzean

Kirol bat? 

Eskubaloia.

Kirolari bat? 

Tadej Pogacar.

Kirol talde bat? 

Tolosa CF.

Lehiaketa bat? 

Frantziako Tourra.

Nongo Olinpiar Jokoak? 

Los Angeleskoak, 2028an.

Zure lanbidean erreferente bat? 

Keul doktorea. Alemanian nire nagusia izan zen, eta berari esker sartu nintzen mundu honetan.

Gehien tratatu duzun lesioa? 

Kirolarien nekea kudeatzea egokitu izan zait askotan. Bestela, zaintiratuak. Horiek, gainera, ezinbestekoa izaten da ondo tratatzea; gaizki sendatuz gero, lesio larriagoa bilakatzen da.

Eta tratatzeko konplexuena izan dena?

Belauneko edozein haustura edo bihotzeko arazoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!