Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketaren aferan pauso garrantzitsuak eman dira gaur goizean egin den ezohiko osoko bilkuran. Izan ere, BPXport enpresaren kontratua suntsitzeko espedientea behin betiko iraungitzat jotzea eta gaur egun indarrean dagoen emakida kontratua deuseztatzeko akordioa onartu da. Gainera, datozen bi urteetarako zerbitzu kontratu berriaren adjudikazioa onartu dute.
Tolosako Udalak 2023ko azaroan emakida-kontratua suntsiarazteko prozedurari hasiera eman zion. Martxoan kontratua suntsitzeko espedientea behin behinekoz iraungitzat eman zen, eta gaurko ezohiko bilkuran espedientea behin betikoz iraungitzat ematea eztabaidatu da lehenik. Bada, aho batez onartu da puntu hori.
Bigarren puntuan, emakida kontratua deuseztatzeko akordioa onartzea eztabaidatu da, eta EH Bilduren aldeko bozkekin onartu da. EAJk zinegotziek abstentziora jo dute.
Kristina Pelaez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, bai udalak, bai eta enpresak ere, adostasunaren bidea jo dute egokiena afera amaitzeko. Hala, BPXport enpresak izandako jarrera aldaketa «giltzarri» izan dela akordioa lortzeko azpimarratu du. Kontratuaren suntsiarazpenaren data irailaren 1a izango da, eta kontratu berria formalizatu arte zerbitzua emango du BPXportek.
Egin beharreko inbertsioak egiteari uztea izan zen kontratua deuseztatzeko udalaren argudioetako bat. Bada, kontratua suntsiarazteko ezarritako datara arte emakida-kontratua betetzeko falta diren inbertsioak gauzatzeko konpromisoa hartu du enpresak. Inbertsio horien zenbatekoa 155.910,62 eurokoa da. Beste horrenbeste gertatuko da birjartzeko inbertsioekin eta 74.491,67 euro bideratuko ditu helburu horretara. Inbertsio horien artean dira, besteak beste, kantxaren leuntzea, futbol zelaiko LED argiteria, teniseko pistak egokitzea edota kiroletako material eta fitness ekipamendu berria.
Hain justu, inbertsioen gaiak sortu du eztabaida ezohiko batzarrean. Xarles Iturbe EAJko zinegotziak esan duenez, adostasunaren bidea «lehenetsi» dute beti, eta akordioa «albiste ona» dela onartu duen arren, «kezkak» dituzte, «bereziki inbertsioei dagokienez». Hala, BPXport enpresak egin beharreko inbertsioak egin beharko lituzke lehenbizi EAJren ustez, eta ondoren letorke kontratuaren suntsipena. Horrekin batera, Iturbek zalantza azaldu du inbertsioetarako geratzen den kopuruarekin eta eginiko inbertsioetan aurkeztutako kopuruarekin. Hain justu adibide moduan jarri du 2.000 euroan gauzatu den eta 20.000 euroan aurreikusita zegoen inbertsio bat. Hori dela eta, eginiko inbertsioetatik fakturen bitartez justifikatutako dagoenaz galdegin du, eta aurreratu du eginiko inbertsioen fakturak eskatuko dituztela.
Andu Martinez de Rituerto alkateak azaldu duenez, «lehen unetik udaletik akordioaren bidea lehenetsi genuen, baina ez zirenez horretarako baldintzak betetzen, aldebakartasunez hartu behar izan genuen kontratua deuseztatzeko bidea, pisuzko arrazoiak zeudela ikusita. Bada, enpresak zuzendaritza aldatzearekin batera, desadostasuna eragiten zuten bi puntutan jarrera nabarmenen aldatu du eta horrek posible egin du akordioa bideratu ahal izatea». Tolosako alkateak, teknikariek eginiko lana nabarmenduz, esan du ontzat jo dutela inbertsioetan eginikoa eta aurkeztutakoa. «Prozesu osoa aintzat hartuta eta honaino iritsita, egokiagoa dela uste dugu prozesua ixtea gehiago atzeratzea baino. Gainera, inbertsio gehienak eginak daude, eta falta direnak egiteko konpromisoa hartu du enpresak». Iturberi erantzunez, Martinez de Rituertok esan du aurkeztutako txostena «oso argia» dela, eta «dena» dagoela justifikatuta. Era berean, «larria» iruditu zaio EAJren jarrera eta zabaldu duen mezua: «Publikoki horrelako zalantzak azaltzea ez da oso zuzena, badirudi enpresari nahi duena egiten utzi zaiola».
Hirugarren puntuari dagokionez, Kirolzer enpresari adjudikatzea onartu da Tolosako udal kirol instalazioak kudeatzeko zerbitzu kontratua. Proposamenak aurkezteko epean bi proposamen jaso ziren: BPXport eta Kirolzer enpresenak, hain zuzen. Abuztuan aztertu eta baloratu dira biak ala biak, eta Kirolzer S.L. enpresak aurkeztutakoak lortu du puntuaziorik altuena. Orain artekoarekin alderatuta, ez da emakida-kontratu bat izango, zerbitzu-kontratua baizik, horrek zerbitzuak eman ahal izatea are gehiago bermatuko baitu. Gehienez bi urterako kontratua izango da, urtebetekoa, beste urte batez luzatzeko aukera ematen duena.
«Trantsizio epe bat zabalduko da orain. Kontuan hartu behar da 2020az geroztik zerbitzuen prestazioan eragin negatiboa izan duten egoera asko suertatu direla, pandemia eta grebak, esaterako, eta egonkortasun eta bideragarritasun-aldi bat behar da. Bitarte horretarako hiru helburu finkatu ditugu: jarduera osoa berreskuratzea; jasangarritasun energetikoaren arloan inbertsioak egitea; eta etorkizuneko kudeaketa ereduari buruzko hausnarketa bat abiatzea», azaldu du alkateak.
EAJk abstentziora jo du puntu honetan ere. Xarles Iturbek esan du «hankaz gora» jarri dela «kirol instalazioentzat oparoa izan den kudeaketa eredu on bat». «Lan gatazka batek eta haren kudeaketa trakets batek eraman du aurretik», azaldu du. Kontratu berriari dagokionez adierazi du ez dagoela argi tolosarrei zertan eragingo dion. «Ziur gaude eredu honek kudeaketaren garestitzea ekarriko duela udalarentzat eta horrek bi bideren artean hautua egitea ekarriko du, kuotak igotzea edota kiroldegiari eskaini beharko zaion diru gehigarria dela eta beste behar batzuei diru hori ez eskaintzea». Etorkizuneko kudeaketa ereduari buruz zalantzak dituztela ere gehitu du Iturbek.
Martinez de Rituertok harriduraz hartu ditu Iturberen hitzak. «Zerbitzu publikoak dira eta ahalik eta kalitate handienekoak eta bideragarrienak izan behar dute. Ez dugu jartzen zalantzan emakida bat kontratu egokia izan ezin duenik, baina, une honetan, guztia berraztertu beharko da, eta zuen ekarpenak jasotzeko ere prest egongo gara».