Noiz hasi zinen antzerkigintzan?
Gogoan dut 2 urte nituela, aitarekin batera, Tolosako Inauterietako karroza batean atera nintzela. Tolosako Inauteriak horren errudun direla esan izan dut beti. Horren ostean, 22 urte inguru nituela, profesional bezala hasi nintzen. Diru pixka bat aurreztuta nuen eta ikastaro pilo bat egin nituen. Goiz hasi nintzen klaseak ematen eta hortik ere asko ikasi dut. Egun Donostiako TAE arte eszenikoen tailerrean nago irakasle moduan, eta gainera, clowna, ipuin kontalaritza eta antzerkigintzako diziplina ugari ukitu ditut.
Zein duzu diziplina horietatik guztietatik gustukoena?
Zaila da esatea, clowna izugarri maite dut baina ipuinak ere maite ditut. Gainera, bi diziplina hauetan ez dago guk deitzen diogun laugarren pareta, eta publikoari zuzenean begiratzen diogu. Antzerki konbentzionalen kasuan, ez diozu zuzenean publikoari begiratzen, baina clownean eta ipuinetan pareta hori ez da existitzen eta gertuko begirada eta entzumena egoten da, alegia, artista eta publikoaren artean elkarrizketa bat sortzen da. Hor eroso sentitzen naiz eta gustatzen zait.
Zer da zuretzat antzerkigintza?
Beti esaten dudan moduan, mundua perfektua izango balitz, antzerkia ez litzateke beharrezkoa izango. Beraz, ea antzerkiari esker mundua pixkanaka hobetzen dugun edo, behintzat, ea aurkitu baino hobeto uztea lortzen dugun.
«Mundua perfektua izango balitz, antzerkia ez litzateke beharrezkoa izango»
Antzerkigintza munduan sartzea zaila dela diote askok. Hala da?
Bai, baina mantentzea zailagoa dela esango nuke. Izan ere, gazte asko daude izugarrizko formazioa dutenak eta egin duten telesaila edo antzezlana bukatu ostean, bi urte igaro eta inor ez da beraietaz gogoratzen. Horiek urte pilo bat egoten dira beste gauza batzuk egiten, eta euren gurasoak ere antzerkigintzaren alde egon arren, badaezpada beste zerbait gehiago ikasteko gomendatzen diete. Beldur soziala existitzen da, eta kasu horiek horren adibide dira. Ez da erraza, baina beti esaten dudan moduan, gu ez gara honetaz bizi, honetarako baizik.
Beraz, antzerkigintza diziplina bakartia dela esan daiteke?
Bai, sare oso bakartia da eta guk ez badugu elkar zaintzen, gu ez gaitu inork zainduko. Ez dut ulertzen aktoreen arteko lehia, gure artean onura bilatu beharko genuke. Gure kasuan, nire emazteak eta nik osatzen dugu Intujai Teatro, baina inguruan ere gure atmosfera dugu; hau da, jende asko dugu inguruan, perfil ezberdinekoa. Batzuk ez dira inoiz oholtza batera igo, beste batzuk artistak edota gure ikasleak dira, baina behar dituzunean beti hor daude laguntzeko prest, eta beraiei esker gauza mordo bat egin ditugu.
«Guk ez badugu elkar zaintzen, gu ez gaitu inork zainduko»
Intujai Teatroko sortzailea zara, zure emaztearekin batera. Noiz hasi zineten?
2006an ezagutu genuen elkar, eta bi urte beranduago, teatroa gorpuztu genuen. Gure helburua antzerkiaren bidez loratzea da, eta askotan esan izan dugun moduan, gure funtsezko lana harriak kentzea da, metaforikoki, ea norbaitek kultur espazio horretan zerbait landatu dezakeen. Askotan ez da ikusten lan hori nola orraztu behar dugun datozen belaunaldietan. Guk oso zaila izan genuen denbora luzez, ez zegoelako formazio nahikorik, eta nire kasuan, Pasaiara joan behar izan nuen. Nik zortea izan nuen baina jendeak urrutiagora joan behar izan du formazioa jasotzea. Egun, berriz, askoz eskola gehiago daudela esan daiteke, eta oraindik asko falta bada ere, pixkanaka hazten ari gara eta tendentzia horretan jarraitu behar dugu.
«Gure helburua antzerkiaren bidez loratzea da»
Plaza handi zein txikietako oholtzatan ikusi zaitugu askotan. Publikoaren aurrean jartzen zarenean zein sentsazio izaten duzu?
Garai batean sexua izatea bezala zela esaten genuen, oso atsegina zelako, klima oso ona zegoelako eta bukaeran ez zenuelako jakiten zer gertatzen zen. Oholtza gainean zaudenean edozein gauza egiteko gai izaten zara, eta horri esker, katarsi moduan, bizitzan ere edozer aldatzeko gai izaten gara.
Zein aholku emango zenioke antzerkigintzan hasi nahi duen norbaiti?
Probatzeko. Antzerkia ez da soilik profesionalentzat, askotan erabiltzen dute batzuk terapia moduan eta beste batzuk bilaketa bat egiteko. Egun, adibidez, tailer oso interesgarriak eman ditut sorkuntza iturri bezala. Artista plastikoak, gidoilariak, dantzariak eta beste diziplinetako artistak antzerkira gerturatu dira iturri bezala, ideia batzuk hartzeko, prismak aldatzeko eta aberasteko. Egun artista poliedriko pila bat daude eta hori oso polita da.
Ipuinak kontatzetik harago badituzte beste hainbat zeregin ipuin kontalariek. Zeintzuk?
Lan asko dago atzetik, horregatik, urtean zehar formazio ugari jasotzen dugu, punta-puntako kontalarien eskutik. Izan ere, ipuin kontalari bakoitzak bere estiloa du. Diziplina oso bakartia izan arren, arte eszenikoa da, lanbidea da eta bi ardatz horiek hartuta teknifikatu egin beharko litzake.
Zein beste ekintza egiten dituzue urtean zehar?
Ekintza ugari izaten ditugu urtean zehar; antzezpenak egiten ditugu, ipuin kontalari saioak, topaketak edota eskola magistralak ere antolatzen ditugu. Horiek guztiekin bat egiteko gonbita ere egin nahi diegu herritarrei. Clownarekin gauzatxo ugari ditugu. Intujai Teatrorekin Amarozko Antzerki Astea antolatzen dugu, Zikloia formatu txikiko antzerki jaialdia ere egingo dugu udazkenean, Tolosan. Horrez gain, nire emaztea pailazoa da, eta orain proiektu batekin dago buru-belarri, eta ni, berriz, Alegiako antzerki taldearen zuzendaria naiz, eta beste obra berri bat ari gara idazten. Hala ere, momentuz, gure asmoa jaialdi hau mantentzea eta handitzea da.