Ez dute berehalakoan ahaztuko Naroa Leonet (2000, Tolosa) eta Naroa Becerril (2001, Tolosa) Tolosaldea traineruko arraunlariek, asteburuan Zarauzko uretan bizitakoa. Infantil mailan hasi ziren biak arraunean, eta «sinetsi ezinda» dabiltza hainbeste urte klubean igaro ondoren; ACT mailan jardunaldi bat irabazi, eta Euskotren Ligako txapeldunorde bilakatu izana. Kontxara begira, iazko emaitza hobetzeko helburuarekin itsasoratuko dira Ramon Erostarberen neskak, eta bandera irabaztea lortu ezkero «Tolosan ez liratekeela sartuko» aitortu dute.
Azken estropadan ziurtatu zenuten Euskotren Ligako sailkapen nagusiko bigarren postua. Jakitun zarete historia egin berri duzuela?
Naroa Leonet: Oraindik ez gara jabetu zer egitea lortu dugun. Oraintxe bertan zeruan egongo bagina bezala gaude, eta denborarekin asimilatzen joango garelakoan nago.
Naroa Becerril: Oso pozik gaude egindako lanarekin. Egia da pena puntu batekin amaitu nuela atzoko eguna; izan ere, Zarauzko Ikurrina eta Euskotren Liga irabazi izanagatik, Arraun Lagunakek eraman zituen arreta-foku guztiak. Hala ere, behar bezala ospatu genuen klubaren historiko lehen garaipea ACT mailan eta baita ligako txapeldunorde postua ere.
Denboraldiko bigarren estropadatik mantendu zarete sailkapeneko bigarren postuan, jardunaldi batean izan ezik. Horrek oso ondo hitz egiten du denboraldi osoan erakutsi duzuen mailaz eta erregulartasunaz.
Leonet: Ez nuke esango denboraldi osoan zehar erregularrak izan garenik. Egia da estropada askotan bigarren eta hirugarren postuan amaitu dugula, baina laugarren eta bosgarren sailkatu garen estropadak ere izan dira tartean.
Becerril: Gakoa, estropada ez hain onak burutu ditugun egunetan bigarren postu hori mantentzean egon da, eta denboraldi sendoa burutu dugu orokorrean.
Hala ere, Orio eta Donostiarra mehatxu handia izan dira txapeldunorde izateko lehian. Uneren batean arriskuan ikusi duzue bigarren postu hori?
Leonet: Bai, Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldiaren ostean batez ere. Denboraldi guztian bigarren postuan mantentzea lortu eta larunbatean hirugarren postura jaistea gogorra izan zen guretzat.
Becerril: Hiru taldeon artean diferentzia txikia izan da liga guztian zehar. 2-3 puntuko abantailarekin ibili gara ia denboraldi osoan, eta egun txar bat izatea nahikoa zen Orio eta Donostiarrak sailkapenean gu harrapatzeko.
Arraun Lagunak trainerua berriz garaiezina izan da aurtengo denboraldian.
Leonet: Beste maila batean dauden taldea dira, bai buruz eta baita indarrez ere. Beraien parean jartzea lortu dugun egunetan, bukaerarako alde egiten ziguten.
Zuek izan zarete ordea estu hartu eta mendean hartzea lortu dituzuen talde bakarra.
Becerril: Denboraldi amaieran, Orio eta Donostiarrak berak ere ez dizkiete gauzak erraz jarri Arraun Lagunak taldeari. Horren adibide da atzo Zarautzen jokatutako estropada. Lau traineruren artean egon zen garaipena, eta aldeak murritzak izan baziren ere, zorionez 8 puntuak eskuratzea lortu genuen.
Arraunlari gutxik esan dezakete ACT mailan garaipen bat lortzea lortu dutela.
Leonet: Atzoko eguna berezia izan zen bai guretzat eta baita klubarentzat ere. Taldeko kide garen guztiontzat lehen garaipena izan da ACTn eta ospakizuneko irudirik ez egon arren, momentu hori bizitza guztian gogartuko dugun unea izango da.
Becerril: Taldekideon artean beti aipatu izan dugu txantxetan, jardunaldi bat irabaztea lortzen genuenean banderarik irabaztea ez genuela lortuko; eta pasaden urtean Kontxan gertatu zitzaigun moduan, ezin izan dugu Zarauzko Ikurrina eskuratzerik lortu.
Denboraldi hasieran ezarritako helburu guztiak bete dituzue bandera bat irabaztearena izan ezik. Arantza horrekin geratu zarete aurtengo Euskotren Ligan?
Becerril: Nik uste dut baietz. Denboraldi hasieran bandera bat irabazteko helburua jarri genuen, eta zortzi estropadetan bigarren postuan amaitu dugula ikusita, amorru pixka bat ematen du bandera bat lortu ez izanak. Hala ere, aitortu beharra daukat, aurre denboraldiaren ondoren ez genuela espero sailkapen nagusiko bigarrenak izango ginenik liga bukaeran.
Leonet: Alde positiboari begiratu ezkero, Arraun Lagunak taldeari plenoa kentzeko gai izan gara. Banderen lehian ez zoritxarrez, baina bai estropadetan behintzat.
Zein izan da Euskotren Liga honetako momenturik honena?
Leonet: Atzokoa. Mikrofonotik estropadako garaileak izan ginela entzun genuenean sekulako poza hartu genuen, eta guretzat bandera irabaziko bagenu bezala izan zen.
Becerril: Niretzat ere atzokoa, inongo zalantzarik gabe.
Eta txarrena?
Becerril eta Leonet: Larunbatekoa! [Biek batera barre eginez].
Becerril: Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldia amaitu eta etxera bueltako bideak hileta bat ematen zuen.
Leonet: Horretaz gain, Bilbo eta Getxon bosgarren postuan amaitu genituen estropadak izan dira unerik txarrenak.
Urtetik urtera aurrera pauso handiak ematen ari zarete, eta esan dezakegu Tolosaldeko Arraun Klubari azken pausoa ematea falta zaiola. Zertan hobetu beharra daukazue datozen denboraldietan banderen eta Liga irabazteko lehian ibili ahal izateko?
Leonet: Alde batetik indarra falta zaigula esango nuke. Bestetik berriz, geroz eta esperientzia gehiago hartzen joan beharra daukagu, une txarretan bururik ez galdu eta estropaden borrokan jarraitzeko.
Becerril: Aurtengoa gure hirugarren denboraldia izan da Euskotren Ligan, eta taldeak aldaketa gutxien jasan dituen denboraldia izan da aurtengoa. Taldearen blokea mantentzea, garaipenerako oinarri sendoa da aurrera begira.
Orain berriz urteko zitarik garrantzitsuenaren aurrean aurkitzen zarete, Kontxako Banderarenean hain zuzen ere. Pasaden urtean lehen jardunaldiko denborarik onena egin eta gero, ze helbururekin joango da Tolosaldea trainerua aurten Donostiara?
Leonet: Lehenik eta behin, sailkapena bermatu beharra daukagu. Behin sailkapena lortuta, iazkoa hobetzea izango da helburua.
Becerril: Asko eskatzea bada ere, bandera irabaztea izan beharra dauka helburua. Badakigu oso zaila izango dela, baina munduko gogo eta anbizio guztiarekin joango gara Donostiara.