Bisitak, Tolosako Andre Maria eliza ezagutu nahi duenarentzat

Endika Apalategi Labayen 2024ko abuztuaren 13a

Ane Berasategi, Amezketako bikoteari gidari lanak egiten.

Amezketako bikote batek hartu du parte goizean Tolosako Andre Maria eliza ezagutzeko egin duten bisita gidatuan; abuztuan zehar ia egunero ari dira egiten bisitak.

Euskal Herritik geroz eta jende gehiago animatzen bada ere bisita gidatuak egitera; Katalunia, Valentzia, Madril, Frantzia eta Herbehereetako turistak dira Tolosaldea Tour turismo bulegoak antolatzen dituen bisita gidatuetara gehien animatzen direnak. Bisitek ordubete inguru irauten dute eta hiru bisita egiteko aukera egoten da: batetik, Tolosako Alde Zaharreko bisita; bestetik, Tolosako Andra Maria Parrokiara, eta, azkenik, Tolosako azoka bertatik bertara ezagutzekoa, azken hau, soilik larunbatetan. Izena emateko; 943 697 413 telefono zenbakira deitu, edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatzi behar da.

Gaur goizean, Tolosako Andre Maria elizarako bisita gidatua egin dute Tolosan bizi diren bi amezketarrek, 12:30ean abiatuta. Tolosako Plaza Zaharreko 10.ean kokatuta dagoen turismo bulegoan elkartu dira, eta Ane Begiristain aritu da gidari lanetan. «Tolosako historiaz gehiago ezagutu nahi dugu, eta egurrez eginda dagoen Andre Maria Parrokiako sabaia ikusteko jakin-minagatik etorri gara bisita gidatu honetara» aipatu dute amezketarrek.

Bisita gidatuan zehar, Andre Maria eliza barrutik ezagutzeko aukera izan dute bisitariek. Lehenik, Begiristain gidariak, Tolosako eta parrokiaren gaineko historia kontatu die Amezketako bikoteari. Behin azalpenak amaitu eta eliza barrura sartuta, barruan aurkitzen den organoa eta XVI. mendean egurrez egindako gangak ikusteko aukera izan dute ordubete inguru iraun duen bisitarekin amaitzeko.

Estreinakoz gidak ingelesez egiteko aukera

Aurten, Tolosaldea turismo bulegoak, estreinakoz bisita gidatuak ingelesez egiteko aukera eskaini die turistei. «Bisitarien beharretara egokitzea garrantzitsua da eskaintza are zabalagoa izatea lortu nahi badugu, eta oso gustura gaude jendeak emandako erantzunarekin» adierazi du Begiristainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!