Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa onartu du udalak

Ataria 2024ko abu. 8a, 16:00

Tolosako Udalak bi helbururekin abiatu zuen urtarrilean prestaketa-prozesua, Euskara eta Hezkuntza Sailaren gidaritzapean; euskara eguneroko kudeaketa orokorrean txertatzeko, eta euskararen normalizazioan urrats kualitatiboak egiteko.

Tolosako Udalak 2023-2027ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa onartu berri du. Horrekin batera, Udalean Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ere onartu ditu udalbatzak, eta bi dokumentuak jada eskuragarri daude udalaren webgunean.

Hain justu, Plan Estrategikoaren prestaketa-prozesua urtarrilean abiatu zuen udalak, Euskara eta Hezkuntza Sailaren gidaritzapean. Prozesuan zehar, udaleko langile eta politikariak ere inplikatu direla azpimarratu du udalak. Lehenik eta behin, udalaren euskararen egoeraren autodiagnostikoa egin zen, eta horretarako, inkesta bat bidali zitzaien udaleko langile guztiei. Hiru lan-esparruetako bileretan parte hartu zuten ere, emaitza kualitatiboagoak lortzeko.

Egoeraren diagnosia egin ondoren, Plan Estrategikoaren proposamenaren zirriborro bat sortu zen eta hori langileen esku utzi zen, haien ekarpenak jasotzeko asmoz. Ekarpen horiek gehitu ondoren, planaren behin betiko bertsioa idatzi zen.

Helburu nagusiak

Plan Estrategikoaren helburu nagusiak bi dira: batetik, euskara eguneroko kudeaketa orokorrean txertatzea; eta bestetik, euskararen normalizazioan urrats kualitatiboak egitea.

Azken asteetan, Plan Estrategikoa langileei aurkezteko hainbat saio antolatu dira, eta guztira 90 langile inguruk parte hartu dute. "Saio hauen helburua da langile guztiek ulertzea Plan Estrategikoa zer den eta zertarako den, hizkuntza-irizpideak ezagutaraztea, eta langile askok inertziaz dituzten jokabide linguistikoak kontzientziara ekartzea", azaldu dute.

Udazkenean, falta diren langileekin egingo dira saioak, eta hizkuntza-irizpide zehatzetan sakontzeko eta testuen egokitasuna bermatzeko formazio-saioak ere eskainiko direla jakinarazi dute.

Aurrera begira

Datozen hilabeteetan, besteak beste, lan hauek egitea aurreikusten du udalak: "Batetik, kontratazio publikoan hizkuntza-klausulak kontratu-mota bakoitzari egokitzea eta jarraipena egiteko sistema bat sortzea —elkarlanean arituko dira Euskara Azpisaila, Kontratazio Azpisaila eta Berdintasun Saila—; bestetik, euskararen zeharkakotasuna lantzen jarraitzea, planari jarraipena egiteko modua sail guztiekin adostuz; hirugarrenik, hizkuntza-irizpideetan sakontzea; eta laugarrenik, Tolosako Udalak antolatzen dituen jendaurreko saio, ekitaldi, bilera eta tailerren sailkapena sortzea, eta bakoitzean hizkuntzak egoki kudeatzeko protokoloak garatzea, udal-sailen lankidetzarekin".

Plan Estrategikoarekin batera, beste dokumentu bat ere onartu du udalbatzak: Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak. Horietan zehazten da udalak nola jokatuko duen hainbat arlotan hizkuntzari dagokionez. Berritasun gisa, dokumentuak hiru eranskin dauzka: itzulpenetarako eta zuzenketarako protokoloa, komunikazio korporatiboko hizkuntza-irizpideak, eta jendaurreko ekitaldien hizkuntza-irizpide orokorrak.

Tolosako Udalak euskararen normalizazioarekin duen konpromisoa berretsi nahi du, eta prozesu honetan langileen laguntza eskertzen duela adierazi du. Era berean, herritarrei gonbidapena egiten die dokumentuak kontsultatzeko eta euskararen sustapenarekin lotutako ekintzetan parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!