Beste urte batez, Tolosako Udalak, kultur eragile gehiagoren laguntzarekin, Kultura Plazara egitasmoa antolatu du udan zehar, hainbat kontzertuz osaturiko egitarauarekin. Aurtengo edizioa irailaren 27tik 29ra ospatuko da Zumardiaundian, baina ohikoa den moduan, Beste plazak lelopean, auzo batzuetara zabalduko da udako kultur eskaintza.
Hiru izango dira beste plazen bueltan dabiltzan emanaldiak. Lehena, irailaren 1ean, igandea, 18:00etan Aldaban izango den Ztandap, binakako elkarrizketak" bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairekin. Bigarrena, irailaren 7an, larunbata, 18:00etan Bedaion izango den Grimm Anaien Parkea izena duen familia ikuskizuna izango da, Erre Produkzioak taldeko Maria Martinez, Gorka Mínguez eta Alfonso Díezekin aurkeztuta. Azkenik, irailaren 14an, larunbata, 18:00etan Urkizun izango den Kalakan taldearen kontzertua.
Emanaldia hasi baino ordubete lehenago irtengo da autobusa San Frantzisko pasealekuko geltokitik eta emanaldia amaitu ostean izango da itzulera. Zerbitzua doakoa bada ere, interesatuek aldez aurretik erreserba egin beharko dute, abuztuaren 23a baino lehen, kultura@tolosa.eus helbidera idatziz eta izen-abizenak, leku kopurua eta harremanetarako telefonoa zehaztuz.