Amarotzen babes publikoko 81 etxebizitza ahalbidetzeko hitzarmena onartu da

Ataria 2024ko uzt. 29a, 20:00

Udalak 486.000 euroko diru ekarpena egingo dio sozietate publikoari sustapen hori garatu ahal izateko, 6.000 euro etxebizitza bakoitzeko. Alokairu sozialeko beste 111 etxebizitza ere egingo dira; bien baimenak urte bukaeran ematea da aurreikuspena, obrak maiatza edo ekainean has daitezen.

Udalbatzak hasierako onespena eman dio ‘20.1. Amarotz Paper-Fabrika’ azpieremuko 2.2 lursailean alokairu sozialeko 81 etxebizitza egin ahal izateko, udalaren eta Visesa sozietate publikoaren arteko hitzarmenari.
Ez da eremu horretan egingo den sustapen bakarra. Hain zuzen, eremu hori hiru lursailetan banatua dago, eta horietako bi garatuko dira adierazi du udalak. 2.1 partzelan alokairu sozialeko 111 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena 2022ko apirilean onartu zuen udalbatzak; bada, orain 2.2 partzelan 81 etxebizitza egiteko akordioa da onartu dena. Bi sustapenen baimenak urte bukaerarako eman eta obrak datorren urteko ekainean hasi ahal izatea aurreikusten du udalak.

Onartu berri den hitzarmenak jasotzen duenez, udalak etxebizitza bakoitzeko 6.000 euroko ekarpena egingo dio Visesari, sustapena bideragarriagoa izan dadin; orotara 486.000€. Hori egin ahal izateko kreditu aldaketa ere onartu du udalak uztaileko osoko bilkuran, aho batez. Aurrez onartutako 111 etxebizitzetarako, berriz, beste 666.000 euroko ekarpena egingo du udalak; horrenbestez, bi sustapenetarako guztira 1.152.000 euroko laguntza emango du udalak.

Aurreko hitzarmenarekin alderatuta, aldaketa batzuk aplikatu direla dio udalak. Besteak beste, eta nahiz eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko azterketa teknikoa eskatu zitzaion, amaitutakoan likidazio txostena ere eskatuko zaio Visesari. Bestalde, interes bereziko edo udal onurarako proiektu gisa izendatzea jasotzen du, eta izendapen hori aurrerago egingo da.

Irabazi asmorik gabeko elkarteak, bermea jartzetik salbuetsita

Tolosako Udaleko Ordenantza Orokorra, zergak eta udal zuzenbide publikoaren bestelako sarrerak kudeatzeko ordenantzaren aldaketa ere onartu du udalbatzak, adostasun osoz.

Hain zuzen, ordenantzak jasotzen ditu zorra atzeratu edo zatikatu ahal izateko, gehieneko epe eta aurkeztu beharreko berme eta aurrerakinak. Zazpi ataletan banatua dago, diru kopuruaren arabera. Bada, multzo batzuk handiak zirenez, zatikatu eta bederatzi ataletan multzokatuko dira aurrerantzean. Horrez gain, 12.000 eurotik gorakoen kasuan, bi urtetik hiru urtera pasako da, gehieneko epea.

Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeen onurarako ere beste aldaketa bat aplikatu da, bermea eta %20ko aurrerapena jartzetik salbuetsita izango baitira aurrerantzean. Modu horretara, elkarte horien jardunean lagundu nahi du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!