ELKARRIZKETA

«Hitzak existitzen dira, guk ez dugu inoiz zerbait idazten»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko ira. 6a, 07:58

Xan Errotabehere Kalakan taldeko kidea. KALAKAN

Tolosako Urkizu auzoan hurrengo larunbatean, hilaren 14an, eskainiko du kontzertua Kalakan taldeak; disko berri bat prestatzen ari dira.

Kalakan taldea 2009an sortu zen, eta euskal kantu tradizionala dute abiapuntu, oinarri eta arima. Taldekideak aldatuz joan dira eta bi zein hiru kide izan dituzte ibilbidean zehar; gaur egun, berriz, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk osatzen dute taldea. Hainbat eta hainbat kolaborazio egin dituzte urte hauetan, besteak beste, Euskadiko zein Espainiako orkestrekin eta hainbat musikari zein talderekin; horien artean, entzutetsuenetakoa, Madonnarekin 2012an egin zuten nazioarteko bira. Datorren asteko larunbatean Tolosako Urkizu auzoan eskainiko dute kontzertua, eta taldearen nondik norakoak aletu ditu Errotabeherek.

 

«Belarriak eta ohiturak aldatzen diren modu berdinean saiatzen gara gure kantu herrikoiak eguneratzen»

 

Zer topatuko du zuen kontzertura joaten denak?

Azken hamalau urteetan Kalakan taldeak egin duen lanaren emaitza topatuko du. Denbora honetan ildo berari eutsi diogu: kantu herrikoien biziaraztea. Aurkitu izan gara garai batean, non sentitzen genuen euskaraz kantatzea dela jende helduaren gaia edo umetxoen kontua. Betidanik nahi izan dugu hori oholtzaratu, eta kontzertuan horixe entzungo da: herritar kantuak, batzuk, oso zaharrak —duela 500 edo 600 urtekoak—; eta, beste batzuk, gertukoagoak, baina betiere gure moldaketa gaurkotuago batekin. Belarriak eta ohiturak aldatzen diren modu berdinean saiatzen gara gure kantu herrikoiak eguneratzen. Eta doinu aldetik, bada, abestiak ahots hutsean edo instrumentazio handiarekin: txistua, ttunttuna, alboka, danborra, txalaparta pixka bat ere bai... Ordu eta erdi inguruko kontzertua eskainiko dugu.

 

«Denbora honetan ildo berari eutsi diogu: kantu herrikoien biziaraztea»

 

Nortzuk dira zuen erreferenteak?

 

Musika garaikidean laburki erantzungo dizut [barrez]: ez dugu musikarik entzuten edo oso gutxi, behintzat. Ahal ditugu entzun puntualki gauza batzuk topatu ditugulako eta, batez ere, bibrarazi gaituelako barrutik. Hori gaurkotasunean, nik behintzat, gutxi aurkitzen dudan gauza bat da.

Lehengo idazleekin, berriz, ezberdina da, bazelako jakitate bat eta harreman bat baserritar laborari poeta horien hitzetan. Xalbador, Elizanburu eta... Badira beste dozena bat, zeinei erreferentzia egiten diegun gure errepertorioan. Hitzak existitzen dira, guk ez dugu inoiz zerbait idazten. Kantu zahar horietan beti izaten dira hamabi-hamabost kopla, eta gu saiatzen gara gaur egungo formatu batera pasarazten, hau da, hiruzpalau minutuko abesti batera pasarazten. Baina koplak zentzu guztietan berriro ondo irakurriz, ziurtatzeko sakrifikatuko ditugun lerro horiek desagertzen ez diogula kantuari zentzurik kenduko.

Nola egokitzen dituzue kantak?

Euskal Herriko ainitz hitz kantatuak dira melodia berdintsuekin; hori, batetik. Eta, bestetik, melodia zahar horiek beti dute malenkonia asko, luzeak dira... Gure irudiko, behintzat, eta hori iritzi pertsonala da. Dena dela, hitzari behar duen balio edo pisua ematen diote. Horrekin batera, ordea, jabetzen gara iparraldean jende asko etortzen dela kontzertuetara, zeinak ez duen hitzetan tutik ulertzen. Tamalgarria da, eta hegoaldean badakit berdina pasatzen dela.

Beraz, ideia da birmoldatze prozesu horretan saiatzea intentzio bat transmititzen melodiaren eta egokitzearen bidez. Hau da, saiatzea zerbitzu bat gehitzen hitzei. Badira kantu batzuk biziki tristeak Euskal Herrian: tristeak, doluaren edo minaren ingurukoak... Eta melodia ezin airosagoak. Beharbada horrek ere permititzen du mina bizitzea. Beti saiatzen gara melodia herrikoia mantentzen. Batzuetan, iruditzen bazaigu badela beste modu bat, gure ustez, kantua melodia aldetik kontatzeko, permititzen gara melodiaren bat sortzea edo aldatzea; baina, gehiengoak, mantenduak ditugu.

Gero, lana izaten da, gehiago, ahotsen armonia osatzeko garaian; hor ere zentzua mantentzen segitzeko. Eta perkusioaren presentziak ere garrantzia handia du, noski. Ainitzetan bizitza musika bat da, gure bihotzak ere tempo bat du.

Egitekoak banatzen dituzue ala dena batera egiten duzue?

Egiteko modua oso aldakorra da, baina taldearen zuzendari artistikoa Jamixel dugu, aspaldidanik. Gehienetan bera etorri izan da proposamen batekin, eta gero inguruan lotzen gara zer ikertzen ahal dugun edo entseatzen, saiatzen, probatzen... Batzuetan konturatzen gara gehiegi lantzen dugula. Baina gogoetatu behar duzu ere bai oholtza gainekoan... Norbaitek erosten badizu disko bat, da entzun duena oholtzan, gure ustez, gustatu zaiolako. Eta helburua hori da: gustukoa izan baduzu oholtzakoa, oroitzapen bat eraman etxera. Ondorioz, oroitzapen horrek lotura estua izan behar du oholtzan ikusi eta entzun duzunarekin. Ezin duzu diskoa puztu, gero ezin baduzu oholtzan defendatu. Horregatik saiatzen muga horiek ezarriz ahalik eta eskaintza borobilena eta osatuena lortzen.

Nolako bilakaera izan du taldeak?

Ni 2011n iritsi nintzen taldera eta orduan askoz ere soilagoa zen –ez diot zentzu negatiboan–. Instrumentazio aldetik, batez ere, biluziagoa zen. Horrek permititu izan digu, lehen urteetan, kolaborazio kopuru handi bat egitea; egin dugun hautu artistikoak uzten duelako, musikaren aldetik, audio espektroan leku zabal bat irekita. Baina, urteak pasatzen dira, zahartzen ari gara [barrez] eta gogoak ere aldatzen dira. Ikusi dugu zerk funtzionatu duen eta aukeratu egin dugu. Horrela ohartu ginen kostatzen zitzaigula plaza irekietan jotzea. Gure apustua nahiko kontzeptu intimistatzat hartzen zen. Pasa ditugu bizpahiru urte hori buruan eta pixka bat sufritzen, eta Jamixelek esan zuen: «Bueno mutikoak ez da posible. Aldatu behar dugu zer edo zer». Hala, hurbildu ginen rap abeslari batengana; Pellok [Reparaz, Zetak taldea] ere lagundu gintuen... Joan ginen haiengana musika elektronikoa sortzeko. Delikatua zen guretzat, badakigulako musika elektronikoaren hautua egiten baduzu oso ondo ateratzen ahal dela, baina oso gaizki ere ateratzen ahal dela [barrez].

Mugatuta sentitzen al zineten?

Nik musika ikasi dut irakasle batekin, baina ematen didazu partitura bat eta kostatzen zait irakurtzea pila bat, orduak behar ditut. Jamixelek ez daki irakurtzen ere; jarrai dezake noten uhina eta ulertu zer edo zer... Baina gu hortik gatoz: ahozko transmisiotik. Horrela eskuak sartzea ordenagailu batean, non badakigun brikolaje pixka bat, baina sortzeko adina... Pertsona horiengana jo genuen esanez nahi genuela gure soinua pixka bat loditu, borobildu, sakontasuna eman. Gaur egungo ekipoek soinu espektro oso betea eskaintzen dute. Iristen bagara beste talde baten atzetik, gure soinua oso txiki entzuten da; eta ez da bolumen kontua, baizik eta nola betetzen den soinua. Beraz, enkargua hori izan zen: saiatzea gure estetika musikala janzten. Kalakanek Kalakan jarraitu behar zuen, baina nahi genuen musika elektronikoaren kutsu garaikide hau akonpainamendu bat izatea. Eta horrela azaldu zen Artizar diskoa.

Eta helburua lortu al duzue?

Oso pozik gaude emaitzarekin. Gure kontzertuek jarraitzen dute eguneratze bat jasaten, errepertorioa nahiko nahasia delako: lehengo kantak sartzen ditugu, eta baita berriak ere. Nahiz eta ez ditugun plazak betetzen beste talde batzuk bezala, jarraitzaileak baditugu —oso fidelak— eta aldaketa hori egiteko beldur ginen. Baina emaitza oso ona izan da: erantzun biziki goxoa jaso dugu, eta lasaitu gara. Lortu dugu segitzen gintuztenak mantentzea, eta gazteei ere pixka bat gehiago irekitzea soinu horien bidez. Paraleloki, musika potolotzearen horrek sortu digu gogo edo behar bat ahots hutsean kantatzeko, eta gure proiektuetan segitzen dugu hori lantzen. Heltze prozesu bat da, eta garatzen ari gara.

Orain zein proiektu dituzue esku artean?

Herriko bandekin proiektu bat egiten ari gara orain: Irungo bandarekin egin genuen kontzertua maiatzaren hasieran, eta Santurtzin ere bai. Aztertzen ari gara ea Euskal Herriko gainerako bandekin ere aukera dugun proiektua garatzeko. Herriko bandak herriko jendea dira, familiak agertzen dira eta euskal musikarekin lotura logikoa ikusi genuen.

 

«Lan horietan berriro sartuko gara: ikerketa lana, zer kontatu eta nola moldatu nahi dugun...»

 

Horrez gain, ondoko hilabeteetan guretzako bada beste gauza garrantzitsu bat: disko berri bat egitea. Jendeak nahi duena da disko berri bat, eta hori gabe... Zaila da segitzea plazetan eta antzokietan [barrez]. Gure azken proiektuak dagoeneko hiru urte bete ditu... Garaia etorria da gure ustez. Lan horietan berriro sartuko gara: ikerketa lana, zer kontatu eta nola moldatu nahi dugun...

 

«Publikoa ez bada hor, ez dugu aukerarik hitz eta kantu horien transmisioa segiarazteko»

 

Beraz, Urkizura gerturatu denak, denak [barrez]! Ez baina, benetan, gerturatu. Noski ofizio bat dela guretzako gaur egun, baina musikak gure pasioa segitzen du izaten. Gure odolean den gauza bat da. Eta askotan ahazten da, baina kontzertu bat elkarrizketa dela esaten dugunean, elkar-hizketa bat da; eta baita har-eman bat ere. Publiko bat ez bada ez du ezertarako balio oholtza gainera igotzeak. Guk beti eskertuko dugu publikoa: haiek ez badira hor, ez dugu aukerarik hitz eta kantu horien transmisioa segiarazteko. Beraz, gerturatu momentu goxo bat partekatzera, euskal musikaren inguruan, eta bukatutakoan hitz egin nahi dutenak etor daitezela, noski.

Taldeak nolako harrera izan du?

Aldaketa handi bat izan da eta gorroto dudan gai bat da, ez dut aipatu nahi [barrez]. Aldaketa bat izan da Madonnarekin 2012an egindako bira eta gero. Pixka bat da bi ahoko labanaren kontua. Jende askok, oraindik, kokatzen du Kalakan horri lotuta, eta pena ematen dit.

 

Ni taldean sartu nintzen biraren aurretik eta orduan eskaintzen zen estetika eta musika proiektu hori; harrera eta interesa bazen. Bagenuen halako anekdota bat... Bizkaiko herri bateko leku txiki batean jo genuen behin: 50 bat pertsonako edukiera izango zuen, 2011n izan zen, eta hamazazpi bat pertsona gerturatu ziren. Ondo. Gure lana egin genuen eta hamazazpi pertsona horiek eta guk disfrutatu genuen. Handik hiru urtera, 2012ko bira handi hori egin eta gero, berriro deitu gintuzten eta herriko plazan egin nahi zutela. Guk esan genien: «Azkenekoz joan ginen eta ez ziren hogei ere bertaratu». Joan ginen, eta plaza, goraino. Pentsatu izan dugu hori ez zela normala. Inor ez da profeta bere erresuman, esaten da.

 

Jendeak Madonnarekin kokatzen gaitu, eta pena da. Herriko musikari pila bat dira gure lurraldean, eta pena da, plazak betetzen direlako beste kontu batzuen arabera. Ez naiz gutaz bakarrik ari. Beste askori ere gertatzen zaie, askok merezi dute oholtza txukunago bat edo publizitate eta interes handiagoa.

 

Halako hazkundea izateko... Taldea ez da aldatu, jendearen begirada aldatu da. Jakina, transmititu nahi ditugun kanta horiek ahalik eta jende gehienarengana eman nahi ditugu, baina aldaketa hau zaila egin zaigu. Uler dezaket arrazoia, baina zaila da, benetan, ez dakizulako nola hartu. Azken urteetan hori goxatu da; COVIDaz geroztik, batez ere. Jende gutxiago gerturatzen da ordainpeko kontzertuetara. Musika hori maite duen jendea topatzen dugu gehiago, eta horrek betetzen gaitu. Kontzertu ostean dituzun hitzak plazer egiten dute. Dena dela, eta gorabeherak badira ere, Euskal Herrian interesa mantentzen da.

 

Hori Euskal Herrian, eta nazioartean?

Kanpoko publikoa biziki ezberdina da. Hor heziketa eta kultura ere sartzen dira. Dortmunden (Alemania) jo genuen martxoan. Kantuaren azken notako oihartzunaren azken uhina isildu arte inork ez zuen txalotu. Erabat isildutakoan txaloka hasi ziren, eta maitatu zuten. Aretoan 300 bat pertsona kabituko ziren; bete egin zen, eta gu harrituta. Baina jakin-mina bada, interesa bada. Asia aldean ere jo izan dugu... Bada arreta bat, errespetu eta isiltasun bat; harritzekoa zen. Hori gertatu zaigu Suedian, Norvegian, Polonian... Italian ere jo izan dugu, baina jaialdi irekiagoetan eta horietan zailagoa da neurtzea zein publiko mota den. Aretoetan bai, biziki ezberdinak dira entzuteko moduak. Eta hori bereizten da Euskal Herrian ere: plaza batean edo areto batean jotzea.

 

Biek dituzte alde onak. Kanpoan jasotzen dugun arreta estu horrek errespetua adierazten du, eta dena neurtuta egitera behartzen zaitu. Baina hemen alboka ateratzen dugunean eta publikoko norbait irrintzi bat botatzera animatzen denean... Hori ezin da hitzez azaldu [barrez]. Entzuteko moduak dira, hezkuntza kontua da gehien bat.

 

 

Nola oroitzen duzu Madonnarekin egin zenuten bira?

Egia esateko oso nahastuta gogoratzen dut. Garai hartan tirabirak hasita ziren taldearen barruan hirugarren kidearekin, eta hori ez zen erraza bizitzea bira baten denboran. Eta, hortik aurrera, guretzat lankide bat zen, gutxi gorabehera. Imajinatu 250 pertsonako enpresa bat, zeina mugitzen den mundu kapitalista osoan zehar: azpiegitura, egiteko moduak, musika egiteko modua, entseguak oso ezberdinak dira, leku batzuetan iristerako sarrera guztiak saltzen dira... Eromena da. Funtzionatzeko modua oso ezberdina da. Askotan galdetu gaituzte, eta beti esaten dugu ez dela Kalakanen bira izan, jakina, Madonnaren bira izan zela eta gu haren dantzari eta musikari bezala sentitu gara.

 

Nahiko astinduak sentitu ginen, norbaitek kamiseta barruan pertxa bat sartu eta ezker-eskuin eraman izan bagintu bezala. Gero, jakina, ikaragarriak dira dantzariak, koreografoak... Artearekiko maitasuna nabari da. Topatu genituen Brooklyneko dantzariak, zeinak kale zailetan handitu diren, armaz inguratuta batzuk... Estetika eta horizonte ezberdinetako jendea, baina zuntz artistikoa badutenak eta lan gogor egiten dutenak.

 

Esperientzia nahastua izan da eta lan handiena izan da itzultzea. Hankak berriro sorterrian ezartzea, erroak sentitzea, ondo asimilatzea eta gogoratzea zein den zure helburua, nor zaren, musika taldearekin zer egin nahi duzun... Hori izan da nik uste lan handiagoa.

 

Zuen taldeari itzal egin diola esango zenuke?

Pena ematen digu, parte hartzen dugulako proiektu eta kolaborazio ezberdinetan; eta, askotan, bitxiak izaten dira, interesgarriak. Eta jendeak zer jakin nahi du? Ea zer pasa den Madonnarekin [barrez]. Egia da gure ibilbideko zatitxo bat izan dela, eta egia da izen handiez gogoratzea errazagoa dela; hori ulergarria da. Gure ibilbidea hori baino askoz luzeagoa eta aberatsagoa dela iruditzen zaigu, ez baititugu kontatzen aipatutakoa artistak, estiloak, dantzariak... Hainbat gauza ezberdin. 50 kolaborazio baino gehiago egin ditugu.

 

Garrantzitsuena da esperientzia bat izan zela, bizitzako edozein esperientzia bezala; musikari zein pertsona bezala esan nahi dut. Horrek esan nahi du izan dela gaur egun garenaren parte eta onartzen zein errespetatzen dugu. Egia esateko, oso harro gaude lortutakoaz. Ospatzen dugu ibili garela oholtza eta foku handi horien azpian eta gai izan garela hona onik itzultzeko, eta segitzeko hasieratik egin nahi genuena egiten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!