Denboraldia «oso ondo» bukatu dute

Ataria 2024ko uzt. 25a, 19:59

Tolosaldea IKTko Malen Zubeldiak hiru brontzezko domina lortu ditu infantil mailako Espainiako Txapelketan.

Tolosaldea IKTko igerilariek denboraldiko azken bi txapelketak izan dituzte asteburuan. Horietako bat infantil mailako Espainiako Txapelketa izan zen, eta taldetik «balantze positiboa» egin dute arduradunek: «Urte guztian zehar egindako lan ona txapelketan erakustea lortu dute. Lehen final batera sartzea sekulakoa zen, eta orain taldea aurrera doala erakusten du igerilari bat baino gehiago finalean sartzeak eta horietako batek dominak lortzeak».

Txapelketara taldeko lau igerilari joan dira. Malen Zubeldiak brontzezko hiru domina lortu ditu, 50 metro tximeletan (28,95), 100 metro tximeletan (1.04,21) eta 400 metro estilo proban (5.08,14). Horrez gain, laugarren izan zen 200 metro estilo proban (2.24,90) eta 200 metro tximeletan 11. postua egin zuen. Enara Urizar 200 metro bizkar proban finalean sartu eta 8. egin zuen (2.27,80), 100 metro bizkarrean 15. izan zen, 50 metro bizkarrean 21. eta 200 eta 400 metro libre probetan parte hartu zuen. Ilargi Sarria 50 metro bularrean 22. izan zen, 100 metro bularrean 24. eta 200 metro estiloak eta 100 metro libre probetan aritu zen. Hiru horiekin batera Enara Zubillaga joan zen erreleboak osatzeko, eta 4x100 metro libreetan 14. postua eta 4x100 metro estiloetan 15. postua lortu zuten.

Beste txapelketa junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Txapelketa izan zen. Bertara taldeko 11 igerilari joan ziren: absolutuan, Igor Arrigain eta Izaro Goñi, eta junior mailan, Irene Sagarna, Uhaitz Aranbarri, Markel Zaldua, Ekhi Saizar, Oier Tejeria, Maddi Ipinza, Jon Andueza, Josu Atorrasagasti eta Unai Urdanpilleta. Junior mailan, urrezko lau, zilarrezko bost eta brontze hiru domina lortu zituzten, eta taldekako sailkapenean mutilek lehen postua lortu zuten, neskek bosgarrena eta sailkapen bateratuan bigarrena. Absolutu mailan, urrezko bi, zilarrezko bat eta brontzezko bederatzi domina lortu zituzten, eta taldeka mutilak hirugarren, neskak zazpigarren eta bateratuan hirugarren izan ziren. Absolutu mailan denboraldi hasieran igerilari dezente galdu zituztela kontuan hartuta, «emaitza positiboak» lortu dituztela azaldu dute taldetik. Junior mailan «maila txukuna» mantentzen ari direla gaineratu dute. Orain atseden hartuko dute igerilariek eta denboraldia berriari irailean ekingo diote. Lehen txapelketak, berriz, urrian iritsiko dira. Bestalde, Tolosaldea IKTtik gogorarazi dute izena eman nahi dutenek matrikula epea zabalik dagoela datorren denboraldirako. Izena emateko edota klubarekin harremanetan jartzeko 688 807 405 zenbakira deitu daiteke edo whatsapp mezu bat bidali. Era berean, teknikariak@tolosaldeaikt.eus helbidera ere idatzi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!