Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ur saneamenduaren azpiegiturak hobetzeko lanak egingo ditu, datozen asteetan, Tolosako hiru puntutan. Batetik, Belate pasealekuan eta Zuloagan kanalizazioa berrituko dute. Bestetik, Rondilla kalean, hodi zaharra ordezkatuko dute, errepideak gurutzatuz. Azkenik, San Frantzisko pasealekuan, bi arketen arteko lotura gauzatuko dute. Proiektuaren aurrekontu osoa 167.146,61 eurokoa da.
Belate pasealekuan, gaur egun egoera txarrean dauden hodiak ordezkatuko dituzte, 315 mm eta 250 mm-ko hodi berriekin. Interbentzio honek euri ur eta fekalen kudeaketa hobetzeaz gain, iragazketak murriztu eta drainatze-ahalmena hobetuko du. Rondilla kalean, berriz, hodi sistema garbitu eta 630 mm-ko hoditeria berria instalatuko dute, urak hobeto husteko gaitasuna izateko. Izan ere, gaur egun euri-jasa handietan gainezka egiten du puntu horretan. Azkenik, San Frantzisko pasealekuan, frontoiaren eta anbulatorioaren inguruan, bi arketa elkar konektatuko dituzte. Gainkarga puntua sortuko da puntu horretan, urak modu eraginkorragoan kudeatu ahal izateko.
Lanek hamalau aste inguruko iraupena izango dute. Lehenik, oinezkoen pasabideetan egingo dituzte lanak; abuztuaren 10eko Donostiako Klasikoa txirrindulari lasterketaren ostean, berriz, errepideari eragiten dioten puntuetan arituko dira lanean. Epe horretan, eta denbora tarte batzuetan behin-behineko trafiko eten eta desbideraketak izango dira; Udaltzaingoak emango du horien berri. Trafikoan eragina ahalik eta txikiena izan dadin, eta garaje eta etxebizitzetara sarbidea bermatzeko neurriak ere hartuko ditu udalak; oinezkoentzat, pasabide alternatiboak egongo dira. Ur horniduraren edozein mozketa beharrezko denean ere, aurrez jakinaraziko da.