Antzerkietako figuren ibilbidea

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 25a, 11:00

Tolosako Topic museoan 'Makina erreala' erakusketa bisitatu daiteke irailaren 15era bitarte; ia mila urteko historian, antzerkietan erabilitako irudi nabarmenenak biltzen ditu.

Ikertzaile eta txotxongilolari talde batek 2005ean, Jesus Caballeroren ekimenez, XVII. mendean ospe handia izan zuen Makina erreala dibertsioa berreskuratu eta izen bereko konpainia sortu zuen Cuencan. Izena, berriz, mekanismo horrekin antzezteko behar izaten zen errege-baimenetik dator.

Bada, azken hamarkadetan, kulturaren historiarako funtsezkoa den dibertsio hura birmoldatzeko lanetan ari dira konpainiako kideak. Horrela, XVII. mendeko zenbait antzerki obra berreskuratu eta oholtzara eraman dituzte. Tartean, hamar mendetan zehar antzerkian erabilitako irudiak eraiki eta interpretazio teknikak berreskuratzea erabaki zuten, eta 2017an hasitako lanari esker, Makina Erreala erakusketa sortu dute, eta ikusgai dago Topic-en, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Museoan, asteartetik igandera, irailaren 15era bitarte.

Erakusketa honek antzerkigintzako irudien ikerketarako merezi duen espazioa eskaintzen du, ia mila urtetako ibilbidea marraztuz. estatuko literaturaren historian, ahozkoan zein idatzizkoan, agertzen diren istorio erlijioso, sozial eta politikoetako pertsonaiak biltzen dira. Izan ere, XI. mendetik XX. mendera bitarte antzerkietan erabilitako irudi eta figura nabarmenen berrinterpretazioak biltzen ditu. «Antzerki Erromantikoa izan zen konplexuena, baina, zalantzarik gabe, Erdi Aroko erretaula mekanikoa izan zen gure buruhaustea. Eszenografia eta pieza guztiak XIII. mendeko teknikak erabiliz eraiki eta sortu ditugu», azaltzen du Caballerok erakusketaren katalogoan.

Garapena ulertzeko

Erakusketak irudien ordena kronologikoa jarraitzen du, figuren garapena hobeto ulertzeko. Horrela, lehen aipatutako piezez gain, XI. mendeko itzal antzerkia, XII. mendeko Bavastel txotxongilo dantzariak, Erdi Aroko buruhandiak eta erraldoiak, erretaula errenazentista, XVII. mendeko makina erreala eta efektu berezietarako makinak, XVIII. mendeko Tutilimundi ilusio optikoko ikuskizun ibiltaria eta antzerki garaikideko figurak ikusi daitezke, besteak beste. «Ibilbide historiko honetan ez dago bitrinarik eta, beraz, irudi bakoitzak bere sekretuak ezagutzera gonbidatzen gaitu; izan ere, ezkutuen dagoen horretan aurkitzen ditugu dibertsio honek mugiarazten dituen artea, magia eta zientzia», gaineratzen du Caballerok. Pieza bakoitzaren ondoan, hizkuntza ezberdinetan idatzitako azalpenekin osatutako kartel txiki bat kokatu dute. «Askotan, jatorria eta esanahia jakin gabe erabiltzen dugu teknika bat, ezjakintasunagatik», gaineratzen du.

Historikoa

Iñigo Aginagalde da Topic museoko erakusketen koordinatzaile eta arduraduna, eta berak azaldu du historiaren errepasoa egiten duen erakusketa nola heldu zen Tolosara: «Konpainia aberatsa da. Emanaldiak eskaintzeaz gain, tailerrak egiten dituzte, eta horri osatu duten erakusketa gehitu behar zaio. Ia ez dago halakorik estatuan. Antzerkigintzaren historiaren ikuspegi orokorragoa eskaintzen duen konpainia bati tokia egin nahi genion hemen, Topic-en»

Aginagalderen iritziz, erakusketaren hartzaileak haurrak eta gaztetxoak baino, gazte eta helduak dira. Aniztasuna eta historiari egindako errepasoa dira erakusketatik nabarmenduko lituzkeen bi alderdi. «Hala ere, nire ustez, azpimarratu beharrekoa da figurak garai bateko teknikekin eraiki eta sortzeko egindako lana. Ikaragarria da. Horrez gain, nabarmendu behar da erakusketa honetan dauden ia pieza guztiak erabili direla, noizbait, agertokiren batean», esan du arduradunak.

Hain justu, ikuslea historiaren errepasoaz jabetzea eta figurak sortzeko erabilitako tekniken berri izatea dira erakusketaren helburuak. «Horrez gain, konpainia honen kalitatea eta ibilbide artistiko eta profesionala balioan jarri nahi dugu», adierazi du Aginagaldek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!