Bizikletak eta patineteak aparkatzeko gune berriak sortuko dituzte Tolosan

Ataria 2024ko uzt. 25a, 19:00

Bizikleta eta patineteen aparkalekuen sarea indartuko du udalak, bederatzi gune berri sortuz. Horiekin, 42 plaza gehituko dituzte.

Tolosako Udalak bizikletak eta patineteak aparkatzeko sarea indartzeko konpromisoa hartu du, aparkaleku gune berriak sortuz eta lehendik dauden batzuk indartuz. Proiektu hau garatzeko, gaur egungo egoeraren analisia egin du, indartu beharreko guneak identifikatu ahal izateko.

Gaur egun, Tolosan bizikletak aparkatzeko 2.500 plaza baino gehiago daude, 86 gunetan banatuta. Horietatik, 42 gune bizilekuetatik gertu daude, kale eta auzoetan sakabanatuta, 650 inguru plaza osatuz. Auzo bakoitzean, Amarotz-San Blas, Iparragirre-Bidebieta-Itasagun, Ibarralde eta Igarondo eremuetan 4 gune eta 72 plaza daude; Usabal-Iurreamendi-Iurre-Berazubi eremuan 7 gune eta 80 plaza; Erdigunean –Araba etorbidea, San Frantzisko pasealekua, Nafarroa etorbidea, Gernikako arbola– 18 gune eta 196 plaza; San Esteban-Zuberoa eremuan 2 gune eta 20 plaza; Alde Zaharra-Belate eremuan 4 gune eta 173 plaza; eta azkenik, Trinkete plaza, Arramele eta Santa Luzia eremuetan 7 gune eta 106 plaza.

Beste 44 guneak Tolosako jarduera puntu nagusienetan kokatuta daude: hezkuntza zentroak (20 gune eta 971 plaza), osasun zentroak (3 gune eta 34 plaza), kultur ekipamenduak (5 gune eta 88 plaza), kirol instalazioak (7 gune eta 623 plaza), garraio publikoko geltokiak (3 gune eta 77 plaza), aisialdi guneak eta parkeak (4 gune eta 44 plaza) eta merkataritza-guneak (2 gune eta 20 plaza).

Orain, bederatzi gune berri sortuko dituzte zerbitzu publikoen inguruetan, hala nola Lanbide, Correos, Ogasuna eta Paper kaleko kirol gunean, besteak beste. Gune horiekin 42 plaza gehituko dituzte. Lehendik dauden beste bederatzi gune ere indartuko dituzte, 92 leku gehiagorekin. Esate baterako, kultur ekipamendu batzuen inguruan aparkaleku gehiago jarriko dituzte, hala nola kultur etxean, musika eskolan, liburutegian eta Leidor aretoan. Era berean, auzo batzuetan ere indartuko da: Iurre, San Esteban, Amarotz, Berazubi eta Trinkete plaza. Guztira, datozen asteetan, 134 leku gehiago jarriko dituzte Tolosan bizikletak aparkatzeko.

Udalak bizikletentzako aparkalekuak sortzeko bidean urratsak ematen jarraituko du. Korreo kalean dagoen Belena patioko bizikleta aparkalekuaren sistema aldatzeko lizitazioa prestatzen ari da, aldaketa horrekin 100 aparkaleku inguru gehiago sortuko direlarik bertan. Bertatik aterako diren orain arteko aparkalekuak udalerrian zehar jarriko dira, beste 50 leku gehituz.

Bizikletentzako ez ezik, patineteentzako aparkalekuak ere jartzen hasi da udala. Udal ekipamendu nagusienetan kokatuko dira: pump track gunean, kiroldegiaren atarian, Berazubi Estadioan eta kultur guneetan.

Mugikortasun jasangarria helburu

Herri barruko desplazamenduetan, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna eman nahi die udalak. Helburu hori lortzeko bidean egingo dira urrats hauek, bizikletaren erabilera indartzeko. Zentzu horretan, bizikletak aparkatzeko gune seguruen sorreran alternatibak aztertzen eta ibilbide seguruak finkatzeko lanean jarraituko du udalak. «Mugikortasun jasangarria sustatzeko dugun konpromisoa irmoa da, eta ekimen hauek herritar guztien ongizatea eta ingurumenarekiko errespetua sustatuko dute», adierazi dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!