Usabal Kiroldegiko udako liburutegia, zabalik

Ataria 2024ko uztailaren 24a

Irailaren 9ra arte egongo da martxan, eta liburutegiko materiala mailegatu ahal izango dira bertan.

Tolosako Udal Liburutegiak udako liburutegia berreskuratu du. Usabal kiroldegian kokatuko da, igerilekuaren alboko eremuan. Dagoeneko martxan dago zerbitzua, irailaren 9ra arte, astegunez, 15:00etatik 19:00etara.

Edonori zuzenduta dago zerbitzua eta askotariko materiala egongo da denen eskura: egunkariak, aldizkariak, komikiak, eleberriak, bidaietako gidaliburuak, sukaldaritzari buruzkoak, haurrentzako jolas-liburuak... Tolosarrei liburutegia hurbiltzea da helburu nagusia, eta, aldi berean, irakurzaletasuna sustatu eta herritarren irakurketa ohiturak bultzatzea, horretarako, liburutegiaren ordutegia eta lekua bera zabalduz.

Emango diren zerbitzuak honakoak dira: kiroldegian bertan liburuak aldizkariak edota egunkariak irakurtzeko mailegua, udako liburutegian dauden liburuak etxera eramateko aukera, Tolosako edozein liburutegitatik hartutako maileguak bertan itzultzeko aukera, marrazkiak egiteko margoak eta papera, mahai-jokoak eta wifia. Liburutegiko txartelak egiteko aukera ere egongo da, eta liburutegiko bazkideek, Tolosako liburutegietako liburuak maileguan eskatzeko aukera izango dute. Hurrengo egunean jasoko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!