Ska eta reggae doinuak Tolosan, Alemaniako bi talderen eskutik

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 24a, 07:59

Skaprifischer musika taldeko kideak.

The Toadville Rockers eta Skaprifischer taldeen kontzertuez gozatu ahal izango da 3 tabernan, Durunbele Kultur Elkarteak antolatutako 'biSKAya tour!' jaialdian.

Durunbele Kultur Elkarteak 3 tabernaren laguntzarekin antolatuta, biSKAya tour! jaialdia egingo dute, gaur, Tolosako 3 tabernaren terrazan, Oria kalearen atzeko plazan, alegia. 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta Saxoniako (Alemania) bi musika talderen kontzertu bana eta DJ baten saioa bilduko ditu.

Durunbele Kultur Elkarteko kideek, ezagun baten bitartez lortu zuten bi taldeekin harremanetan jartzea. «Euskal Herrian bira bat egin behar zutela eta, kontzertu gehiago egiteko leku berrien bila zebiltzan, eta Tolosan suertatu zen aukera. Jaialdi txikien bitartez, nazioarteko talde ezezagunek Euskal Herrian saioak egitea eta bertako taldeentzat nazioartean kontzertuak egiteko aukerak topatzea da gure helburua, bi kulturen elkartrukerako aukerak sortzea, alegia», azaldu dute.

The Toadville Rockers musika taldeak emango dio hasiera Tolosako jaialdiari. Alemania eta Txekiako Errepublikaren arteko Metal mendiak mendikatean jaio zen. Jamaikako erritmoez osatutako abesti propioak jotzen dituzte. «Artisautzarako tradizio handia duen eremutik datoz, baina helburu bakarra dute: beraien pasioa den reggae musika partekatzea, eta beraien iritziz, antzinako doinuak dira onenak», adierazi dute.

The Toadville Rockers musika taldeko kideak.

Bestetik, Skaprifischer taldeak ska, reggae, soul, jazz eta pop musikak uztartzen ditu. 2003an sortu zen Dresdenen (Alemania), eta 2011n Frischer Aspik izeneko diskoa kaleratu zuen. Ibilbide luzeko taldea da. Bi hamarkadatan, mundu osoan barrena aritu dira. «Abesti ezagunen bertsio finak interpretatzen dituzte, ikuskizun paregabea eskainiz. Hamar laguneko banda da, perkusioko eta haizezko instrumentuetan aberatsa».

SKA-fish DJ-ak ere saioa egingo du. Early-reggae, rocksteady, ska eta reggae roots musikak uztartuko ditu, biniloak erabiliz. «Oraindik ez dugu erabaki bi taldeen ondoren edo tartean ariko den, baina badakigu musika saioetara bertaratzen direnek, arratsalde polita igarotzeko aukera ederra izango dutela».

Pasa den astean Alemanian eta Frantzian kontzertuak egin ondoren, Tolosan ekingo diote Euskal Herrian egingo duten biSKAya tour 2024 birari. Bihar, Araiako igerilekuetan ariko dira, 20:00etan hasita. Ostiralean eta larunbatean, berriz, Gasteizko Abetxuko auzoko La Taska de las Abuelas eta Alde Zaharreko El nuevo tabernetan, hurrenez hurren.

Bestalde, Sergio de la Fuenteren Karikatura eta Ilustrazioak erakusketa ikusgai dago 3 tabernan, abuztuaren 9ra bitarte. Egun batean, gainera, karikaturak zuzenean egiteko asmoa du artistak. Horrez gain, uztailaren 30ean, asteartea, Star Blues taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da, 18:30etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!