Irati Lakunzak ez du nahi bezala bukatu bere denboraldia

Imanol Garcia Landa 2024ko uzt. 23a, 19:59

Igarondo Urpekoak taldeko kideak Espainiako Txapelketan. IGARONDO URPEKOAK

Munduko Txapelketan parte hartu berri du hegats igerilari tolosarrak eta ez dago gustura lortutako emaitzekin.

Irati Lakunza tolosarrak orain gutxi parte hartu du hegats igeriketako Munduko Txapelketan. 400 metro eskafandran seigarren postua lortu zuen eta 400 metro ur azalean 14. postuan amaitu zuen. Ez ditu nahi zituen emaitzak lortu, besteak beste, txapelketaren aurreko hilabetean arazo fisikoak izan dituelako, eta txapelketara joateko bidaian arazoak izan zituztelako materialen garraioarekin. «Nahiko txapelketa zaila izan da orokorrean. Mono-hegatsak galdu egin ziren bidean eta ez genekien noiz iritsiko ziren. Arazo fisikoak izan nituen aurreko asteetan, eta emaitzak txarrak izan dira», zehaztu du Lakunzak.

Helburua domina lortzea zen 400 metro eskafandran, eta orain bi urteko denbora lortuz gero, lortzeko aukera izango luke. «Goi mailako kirola horrela da: momentu jakin horretan egon behar duzu zure onenean emaitzak lortzeko, ez du balio orain bi urteko denboretan pentsatzea, eta horregatik da hain zaila». Behin denboraldia bukatuta, hausnarketarako tartea hartuko dute Lakunzak eta bere talde teknikoak. Datorren denboraldian ere Getxon jarraituko du prestaketa lanak egiten. Datorren urtean Europako Txapelketa izango du, eta hori izango da bere helburu nagusia.

ESPAINIAKO TXAPELKETA

Hegats igeriketako Espainiako Txapelketari dagokionez, lau domina lortu dituzte Igarondo Urpekoak taldekoek. Irati Lakunzak urrea lortu du 200 metro eskafandran eta zilarra 200 metro ur gainekoan, eta Haizea Izagirrek zilarra 100 metro ur gainekoan eta brontzea 400 metro ur gainekoan.

Beste hainbat kidek ere parte hartu dute. Unai Eraso 4. izan da 200 eta 400 metro eskafandran. Nora Kamio juniorrak 7. egin du 200 eta 400 metro ur gainekoan. Sara Goenagak proba luzeak igeri egin ditu eta Maddi Goenagak ur azpiko probetan paper oso polita egin du. Nora Sarasola 200 metro ur gaineko ederra egin zuen, Patxi Mongek eta Mikel Estebanek abiadurako probak igeri egin zituzten eta Gregorio Manzisidorrekin erreleboa burutu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!