Tolosako Udalak herritarrei eta eragileei zuzendutako diru laguntzen deialdi bateratua argitaratu zuen duela gutxi. 20 diru laguntza lerroz osatutako deialdia da eta milioi bat euro inguru bideratuko dituzte laguntza horien bitartez. Hirigintza arlokoa da laguntza horietako bat. Bizitoki eraikin kolektiboak birgaitzeko, sendotzeko zein irisgarritasuna hobetzeko eta etxebizitzak egokitzeko egindako obrak diruz lagunduko ditu udalak. Hain zuzen, 120.000 eurotik 300.000 eurora handitu dute horretarako diru poltsa.
Aipatutako 20 laguntza lerro horietatik 6 dira hirigintzakoak, elementu komun edo pribatiboen arabera sailkatuta. Elementu komunen kasuan, diruz lagunduko dituzte irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa, egiturak eta katalogatutako eraikinak hobetzeko obrak. Pribatiboetan, berriz, kanpoko arotzeria aldatzeko lanen eta mugikortasun urriko pertsonentzat eta 65 urtetik gorakoentzat etxebizitzak egokitzeko obren kasuan emango dituzte diru laguntzak.
Kasu horietan guztietan, aldaketa esanguratsu bat izango da, justifikazioari dagokiona. Orain arte laguntza jasotzeko obra baimena izatea eskatzen zen; aurrerantzean, aldiz, obrak amaituta egon beharko du eta, besteak beste, obra amaierako ziurtagiria ere eskatuko da.
Alde Zaharra biziberritzeko
Diru laguntza lerroetako bat berria da: katalogatutako, hau da, babesa duten eraikinen inguratzailea eta fatxadako elementuak hobetzeko helburua duena. Batik bat, hirigune historikoko eta Euskal Herria plaza eta inguruetako etxebizitzen beharrei erantzuteko sortu den laguntza lerroa da.
Orain arte, Alde Zaharreko bizilagunek ezin zuten inguratzailearen energia-eraginkortasuna hobetzeko udalak eskainitako laguntza jaso, eraikin historikoen babesagatik. Eraikin horiek birgaitzeko diru laguntzak jaso ahal izateko sortu dute lerro berria, Tolosako hirigune historikoaren kontserbazioa eta bizigarritasuna hobetu asmoz.
Diru laguntza lerro honek, besteak beste, honako lan hauek jasotzen ditu: zurezko begiratoki edo balkoiak zaharberritu edo ordeztea; akaberak zaharberritzea; fatxadako baranda, apaingarri edo dekorazio elementuak zaharberritzea; fatxaden gainazala konpontzea; eta kanpotik igarotzen diren instalazioak kableak berritzea, berrantolatzea edo ezkutatzea
Laguntza mailak eta epea
Era berean, elementu pribatiboetan egindako obrei lotuta, aurten, laguntzen progresibotasuna egokitu du udalak. Hala, aurrerantzean, diru laguntza maila desberdinak eskainiko ditu, eskatzaileen urteko diru sarreren arabera. Diru sarrera horiek ezingo dira, inolaz ere, 40.000 eurotik gorakoak izan. Bizitza unitatearen urteko diru sarreren arabera, diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren ehunekoak honako hauek izango dira: 20.000 euro edo gutxiago, %30; 20.000 eta 25.000 euro artean, %25; 25.000 eta 30.000 euro artean, %20; 30.000 eta 35.000 euro artean, %15; eta 35.000 eta 40.000 euro artean, %10.
Diru laguntzak jasotzeko eskaerak bi modutara aurkeztu daitezke: Tolosako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez Uzt.gipuzkoa.eus webgunean, edo aurrez aurre, Udaten, Herritarren Arreta Zerbitzuan Plaza Zaharra, 6—. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik.