Bizikleta zaharrei, bizi berria emateko

Ataria 2024ko uztailaren 23a

Zumardia eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteek berrerabilpena eta elkartasuna sustatzeko proiektu bat burutu dute elkarlanean.

Azken asteetan zehar, Zumardia eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteek elkarlanean, berrerabilpena, elkartasuna eta bizikletaren erabilera sustatzeko proiektu bat aurrera eraman dute. Uztailaren 4an, 9an eta 10ean zenbait ekintza burutu zituzten.

Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen zenbait bizikleta konpondu eta eraberritu dituzte bere egoitzan eta Zumardiaundiako Gurpilgunean. Gune horretan, bizikletak berreskuratu, biziberritu eta berrerabiltzen dituzte, ondoren, elkartasuna eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin, eta proiektu honetan ere horretan aritu dira bi elkarteak. Zumardiak, bere aldetik, zortzi bizikleta eman dizkio dohaintzan Zehar Errefuxiatuekin elkarteari, konpondu ezin zirenak ordezkatzeko. Azkenik, konpondu ezin ziren bizikleta horiek, Gurpilgunean utzi ditu Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak, Zumardiak edo nahi duen herritar orok, bere aldagaiak berrerabili ahal izateko.

Bi elkarteetako ordezkariek proiektuan parte hartu dituztenak zoriondu dituzte, eta nabarmendu dute guztien arteko elkarlana «oparoa» izan dela. «Errefuxiatuen parte hartzeko borondatea eta proiektu hauekiko azaltzen duten eskertza azpimarratzekoak dira», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!