Tolosaldea berriro dago ligaren bigarren postuan

Imanol Garcia Landa 2024ko uztailaren 22a

Tolosaldea trainerua, igandeko estropadan, V Bandeira de Traiñeiras Feminina Rianxeira izenekoan. AITOR ARRIZABALAGA/ACT

Euskotren Ligako laugarren asteburua izan berri da jokoan eta Tolosaldea traineruak berreskuratu du sailkapen orokorreko bigarren postua.

Donostia Arraun Lagunak ontziak lehen postuan sendo jarraitzen du, orain arteko estropada guztiak irabazita, eta ondoren Tolosaldea eta Orio daude puntuetara berdinduta. Hiru puntura besterik ez dute Donostiarra, laugarren postuan.

Galizian izan dira asteburuan, eta larunbateko estropadan, Bandeira Barbanza Arousa izenekoan, Tolosaldea bigarren izan zen. Igandekoan, V Bandeira de Traiñeiras Feminina Rianxeira izenekoan, hirugarren izan zen eskualdeko ontzia. «Aurreko asteburuarekin alderatuta oso gustura geratu gara», esan du Naroa Leonet Tolosaldea traineruko arraunlariak. «Larunbatean gusturago geratu ginen, batez ere, itsaso gehiago zegoelako, eta gu gusturago ibiltzen garelako. Igandean, postua ez zen txarra izan eta gu gustura geratu ginen, nahiz eta joaneko luzean ez genuen batere asmatu».

Sailkapen orokorrean bigarren egoteari garrantzia eman dio Leonetek: «Aurreko asteburua ez genuen gure maila eman, eta bi aldiz bosgarren izanda, bigarren postua galdu genuen. Lortu dugu sentsazio hobeak izatea eta bigarren postu hori berreskuratzea». Arrraun Lagunak beste koska bat gorago dagoela erakusten ari da orain arte, baina Leonetek garbi du ez dutela etsiko eta banderaren bat lortzeko borrokan ariko direla ligaren amaiera arte.

Asteburu honetan, Getxon izango da estropada larunbatean, eta Lekeition igandean. «Biak itsasoan dira, gainera Lekeition itsaso irekian da. Gu ondoen moldatzen garen baldintzak dira, beraz, ea zer gertatzen den», esan du Tolosaldea ontziko arraunlariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!