Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak zazpi egoitza ditu eskualde ezberdinetan banatuta: Tolosan, Eibarren, Irunen, Zarautzen, Zumarragan, Azpeitian eta Donostian. Egoitza hauek Gipuzkoako biztanle osora iristeko helburua betetzen laguntzen diote elkarteari.
Eskualdeetako egoitzetako bakoitzean hiru profesional mota topatu ditzakegu: psiko-onkologoa, gizarte langilea eta prebentziorako psikologoa. Tolosaldean, hurrenez hurren, Nagore Oroz, Amaia Elosegi eta Maider Sierra dira langileak. Eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak doakoak izaten dira eta minbizidun pazienteei eta haien senitartekoei bideratzen zaizkie. Erabiltzaileek ez dute zertan elkarteko bazkide izan behar zerbitzuaren onura jasotzeko.
Azpimarratzekoa da, lantalde profesionalekin batera eskualde guztietan borondatez aritzen diren pertsonak ibiltzen direla minbiziaren aurkako elkartean. Tolosaldeko eskualdeari dagokionez, 14 urte dira egoitza Tolosako Emeterio Arrese kaleko bigarren zenbakian dagoela. 1.014 bazkide ditu elkarteak eta 157 pertsona dabiltza bertan boluntario gisa laguntza ematen.
2023. urtean zehar elkarteak Tolosaldean honako zerbitzuak eskaini ditu, doan, paziente onkologikoei eta haien senitartekoei. Besteak beste, prebentzioaren arloan egin dute lan eta informazio kanpainak, osasunerako hezkuntza programak, terapiak eta tailerrak antolatu dituzte. Esate baterako, 677 herritarrek hartu dute parte ohitura osasungarriekin loturiko programetan eta tabakoa erretzeko ohitura uzteko 43 saio egin dira Tolosaldean.
Garrantzizkoa da, aldi berean, gaixoei eta haien senitartekoei eskaintzen zaien arta psiko-soziala. Joan den urtean Minbiziaren Aurka Tolosaldean elkartearen bitartez arreta psikologikoa emateko 311 saio egin eta elkartetik 568 gizarte esku-hartze bideratu dira. Gainera, material ortopedikoaren maileguak egin dituzte 14 kasutan.
Zerbitzu hauekin batera, pazienteei eta senitartekoei laguntza eta akonpainamendua eskaintzen diete elkartean dabiltzan boluntarioek. Ospitale eta etxebizitzetan babesa eskaini eta tratamenduetara edota kontsultetara laguntzen diete.
Elkartearen inguruan biltzen diren boluntarioek gainera, elkartearentzat baliabideak eskuratzeko kanpainetan hartzen dute parte eta baliabideak eskuratzeko ekitaldiak antolatzen direnen haien kudeaketan ibiltzen dira. Elkartearentzat garrantzitsua den beste lan bat ere hartzen dute bere gain boluntarioek: ohitura osasungarriak eskuratzeko jardueren berri ematen laguntzen dute.
Mendi martxa irailean Villabonan
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Elkartasunezko lehenengo mendi martxaren antolakuntzan murgilduta dabil. Villabonan egingo dute datorren irailaren 28an, larunbatarekin. Festa egun honekin hiru helburu bete nahi ditu elkarteak: elkartasunezko jarduera fisiko batean gizartearen parte hartzea handitzea; gaixotasunaren inguruan dagoen gizarte tabua ezabatzeko minbizia ikusaraztea; eta kirolaren bitartez bizitza ohitura osasungarriak bultzatzea.
Mari Carmen Gil, Tolosaldeko Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidentearen esanetan pazientea eta bere familia erdigunean jartzen dituzte. Horregatik, Villabonako mendi martxan lortzen dituzten irabazi guztiak elkarteak dohainik eskaintzen dituen zerbitzuak indartzeko erabiliko dituzte.
Dagoeneko egin daitezke mendi martxarako izen emateak, Olaederra kiroldegian, Villabonan, eta baita Rockthesport.com webgunean ere. Izena ematerakoan zapia eta motxila eskuratuko dituzte parte hartzaileek.
Irailaren 28ko mendi martxa Berdura plazatik abiatuko da 09:30ean eta 7,7 kilometroko luzera izango du. Hasitako toki berean amaituko da. Ekintza hau herritar guztiei bideratu nahi dietela nabarmendu dute Minbiziaren Aurka Tolosaldean elkarteko kideek.
Horretarako eguna borobildu eta gazteek nahiz helduek hitzorduaz goza dezaten goiz osoan zehar hainbat ekitaldi egingo dituzte: 11:30ean, esate baterako, Irrika aisialdi taldeak hainbat jolas egingo ditu eta buruhandiak ere aterako dira kalera. 12:30ean, Eresargi abesbatzak emanaldia eskainiko du eta 13:00ean Amaia Agirre bertsolariak parte hartuko du.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen festa izango da iraila bukaeran egingo dutena eta mendi martxaren babesle nagusi den CMO Valves enpresari esker ona adierazi diote elkartetik. Horrekin batera, ekitaldia ongi atera dadin euren laguntza eskaini duten Amasa-Villabonako Udalaren eta Aizkardi mendizale elkartearen «ezinbesteko» laguntza ere eskertu dute bertan ibiltzen diren profesional eta boluntarioek.
Lehen aldia da elkartasunezko mendi martxa bat antolatzen duela Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak eta gure eskualdean izango du egoitza. Minbiziaren inguruan dagoen gizarte tabua eraisteko ekitaldia izango da.
- Helbidea. Emeterio Arrese Kalea, 2 (Tolosa)
- Telefono zenbakia. 943 65 21 43
- Ordutegia. Astelehenetan 08:00-15:00 / 15:30-18:15, asteazkenetan 08:00-15:00, eta ostegunetan 08:00-15:00
- Webgunea. Contraelcancer.es/es/gipuzkoa
- Instagram. @contraelcancer.gipuzkoa